Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ia 50.000 hiztun irabazi ditu euskarak EAEn azken bost urteotan

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zazpigarren Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak plazaratu ditu. Bingen Zupiria sailburua baikor mintzatu da, «euskararen biziberritze prozesuak gora jarraitzen duelako» ezagutza, erabilera, transmisio eta jarrera datuei so.

Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aurkeztu ditu Lakuak.
Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aurkeztu ditu Lakuak. (Jon URBE | FOKU)

Gaur egun duela bost urte baino kasik 50.000 euskaldun gehiago daude EAEn. Gainera, gazteen artean irabazi ditu hiztun gehienak gure hizkuntzak. 16 eta 24 urte bitarteko herritarren artean lautik hiruk daki euskaraz. 1991n, berriz, lautik batek zekien soilik. Euskara gehien egiten dutenak ere gazteenak dira. Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren zazpigarren Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nabarmen batzuk dira horiexek.

Bingen Zupiria sailburuak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, «euskararen hazkundea gazteenetatik ari da zabaltzen», eta «edozein hizkuntza gutxituren biziberritzean egon litekeen daturik onena» da hori, «eraldatzailea» delako. Bere ustez, «gogoeta interesgarri bat» zabaltzen du horrek, egin denari eta egiteko dagoenari begira. Gurea «hizkuntza gaztea da, gero eta gazteagoa», eta «erabiltzeko aukera handiagoa» dago. Dakiten gazteak eleaniztunak dira. Erdiek asko erabiltzen dute euskara eta beste erdiek gutxiago baina mintzatzen dira.

Adierazi duenez, euskal hiztun ugarik hezkuntzaren edota euskaltegien bidez jaso dute euskara, eta horrek, erabilera eta jarrera datu hobeekin batera, jendarteak «euskararen alde egindako apustua sendoa dela berresten du».

Bi puntutik gorako igoera ezagutzan

Inkesta soziolinguistikoaren arabera, 1991n baino 261.000 euskaldun gehiago daude EAEn, hau da, azken 30 urteetan 12 puntu hazi da euskal hiztunen kopurua. 16 urtetik gorako biztanleriaren datuak jasotzen ditu inkestak, eta gaur egun, populazio honen %36,2 da euskalduna, %18,6 euskaldun hartzailea eta %45,3 erdalduna.

2021ean 680.629 euskal hiztun zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aurreko inkesta egin zen urtean, 2016an, aldiz, 631.384 zeuden. Horrek erran nahi du ia 50.000 euskaldun gehiago daudela. Bi puntu baino gehiago igo da bost urtetan ezagutza.

Jon Aizpurua Hizkuntza Politikako zerbitzuburua da. Inkesta honen zein aurreko hainbaten arduraduna, eta berak eman ditu azalpen teknikoak. Orotara 4.550 inkesta egin dira zazpigarren edizio honetan. Hiruko Itunaren barnean egin dira eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko datuak ere jaso dira. Nafarroakoak martxoaren 10ean plazaratu zituzten eta laster ezagutuko ditugu Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberokoak.

Erdia baino gehiago, gune erdaldunetan edo nahiko erdaldunetan

Aizpuruak agertu duenez, euskararen gaitasunaren igoera orokorra izan da EAEn: hiru lurraldeetan eta hiru hiriburuetan goititu da, maila berean ez bada ere. Gipuzkoarren erdiak baino gehiagok dakite euskaraz (%51,8, hamarkada batean, bi puntu igo da). Bizkaitarren %30,6k dakite (ia bikoiztu egin da kopurua), eta arabarren %22,4k (hirukoiztu egin da).

Bertze datu nabarmen bat da euskaldunen erdia baino gehiago (%55,4) gune erdaldunetan edo erdaldun samarretan bizi direla, lehenengo eta bigarren gune soziolinguistiko deitzen zaienetan (Sestao, Barakaldo, Irun...). Aldiz, gune euskaldunetan, hirugarren eta laugarren eremuetan, %44,7 bizi dira.

Lehen gunean sartzen dira euskal hiztunak %31 baino gutxiago diren udalerriak; bigarrenean, %31 eta %50 bitartean diren udalerriak; hirugarren gunean, %50 eta %80 bitartean direnak; eta laugarrenean, euskaldunak %80tik gora diren udalerriak. Bada, horrela banatzen dira euskaldunak: lehen gunean, milioi bat pasa; bigarrenean, 400.600; hirugarrenean 356.700; eta laugarrenean, 103.300.

Duela 30 urte alderantziz zen, euskaldun gehienak laugarren gunean bizi ziren eta gutxienak, lehenengoan. Teknikariak azaldu duenez, etengabe ari dira aldatzen euskaldunen ezaugarriak eta hainbat faktore hartu behar da kontuan hori ulertzeko: adin piramidearen bilakaera (30 urteotan jakina da piramide itxura galdu eta zuhaitzarena hartu duela, biztanleria gero eta helduagoa delako), globalizazioa, mugikortasun gero eta handiagoa eta atzerrian jaiotako gero eta herritar gehiago izatea (%11,2 dira, 246.718, baina 20 eta 40 urte bitarteko biztanleriaren artean bikoitza).

Lehen hizkuntza, gakoa transmisioan

Pertsona batek lehen hiru urteetan etxean jasotzen duen hizkuntza nagusia edo hizkuntza nagusiak dira lehen hizkuntza. Aizpuruak ohartarazi duenez, «bizi osoko ezaugarria da, gutxien aldatzen den aldagaia. Eta, halere, nahikotxo aldatu da». Lehen hizkuntza euskara dutenak %18,4 dira; euskara eta erdara dutenak, %6,5; eta erdara dutenak, %75,1. Erdara diogunean ez gara gaztelaniaz soilik ari. Multzo honetan gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira bertze hizkuntzak.

Duela 30 urte euskaldun zaharrak ziren gehienak (%79). Euskaldun berriak %14,2 ziren eta jatorrizko elebidunak, %6,8.

Gaur egun, 35 urtez azpiko gazteen artean, gehiago dira euskara etxetik kanpo jaso dutenak (%49,2) etxean jaso dutenak baino (%32,4, eta jatorrizko elebidunak %18,4).

Bertze datu bat: zenbat eta guraso gazteagoak, orduan eta gehiago transmititzen diete euskara ondorengoei. «Hobetu egin da transmisioa». Lehen hizkuntza «oso inportantea da» honetan, guraso biek lehen hizkuntza euskara dutenean beti egiten diete seme-alabei hizkuntza honetan. Bi gurasoak euskaldunak izan arren, baten lehen hizkuntza erdara denean jaitsi egiten da pixka bat ehunekoa (%98). Guraso biak euskaldunak direnean eta biek lehen hizkuntza erdara dutenean ere transmititzen dute euskara (%71). %29k ez dute transmititzen eta bada hor zer irabazi.

Erabileran eragiten duten faktoreak

«Euskaldunak norekin hitz egin daukanean, harreman sare sendoa daukanean, erabiltzen du euskara», baieztatu du inkestaren arduradun teknikoak. Mintzatzeko erraztasuna, lehen hizkuntza izatea edo ez, eta gune soziolinguistikoa dira erabileran eragiten duten faktoreak, inkesta guztietan azaltzen direnak.

Euskararen erabilera datua %22an kokatzen da (%13,8k euskaraz egiten dute batez ere, eta %8,2k euskaraz erdaraz adina). %60,9k beti erdaraz egiten dute, %5,7k oso gutxi egiten dute euskaraz, eta %11,5ek euskaraz erdaraz baino gutxiago. Erabilera puntu eta erdi igo da azken bost urteetan (20,5etik 22ra, gaur egun 412.821 lagunek erabiltzen dute euskara erdara beste edo gehiago).

Lehen hiru gune soziolinguistikoetan sumatu da igoera hori; laugarren eremuan, euskaldunenean, berriz, bederatzi puntu jaitsi da. Aizpuruak biztanleen mugikortasuna handitzeari egotzi dio galera hori. Eremu honetakoak udalerri txikiak dira eta eragin handia dute horietan mugimenduek.

Adinari erreparatzen badiogu, buelta eman dute ehunekoek: 1991n, euskara gehien erabiltzen zutenak nagusienak ziren; orain, aldiz, gazteenak dira (%33,5).

Etxeko erabilera da gutxien aldatu dena, baina azken urteotan hor ere igo da zertxobait, bikotekidearekin gehiago egiten delako. Kanpoan, udal zerbitzuekin egiten da gehien (%27,4), lankideekin %26,8 eta lagunekin %22.

Euskararekiko aldekotasuna ere hobetu dela dio inkestak. Biztanleriaren %67 euskara bultzatzearen alde dago, %26,3 ez alde ez aurka, eta %6,8 kontra.

Sailburuak mezu baikorra eman du: «Agertoki interesgarria dugu, duela 30 urte amestutakoa. Gure erronka gune soziolinguistiko bakoitzaren beharrei erantzutea izango da eta eurentzat beren-beregi egindako politikak garatzea, mintzatzeko erraztasunean eta harreman sarean eraginez».