NAIZ
Iruñea

Nafarroan ematen ari den «oldarraldi euskarafoboa» salatu eta 23ko mobilizaziora egin dute dei

Martxoaren 23an egingo den ‘Hezkuntza euskaraz izan behar da’ mobilizazioekin bat egin dute Nafarroako euskalgintzako eragileek. Bertako egoera «zaurgarria» salatu dute eta euskararen aurkako erasoen areagotzea.

Nafarroako eragile euskalzaleek osteguneko mobilizazioekin bat egin dute
Nafarroako eragile euskalzaleek osteguneko mobilizazioekin bat egin dute (Gazte Euskalzaleen Sarea)

Astelehen goizean Iruñeko Laban agerraldia egin dute Nafarroako euskalgintzako hainbat eragile eta kidek Nafarroan ematen ari den «oldarraldi euskarafoboa» salatu eta Gazte Euskaltzaleen Sareak unibertsitateko ikasleekin eta Ikamarekin batera martxoaren 23rako deitutako mobilizazioetara dei egiteko.

«Ustez gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu», salatu dute agerraldian. Eta mahai gainean jarri dituzte Nafarroan ematen ari diren zenbait egoera, bertako egoera «lazgarriagoa eta zaurgarriagoa» dela adieraziz.

Batetik, euskaldunen hizkuntza eskubideak zonaldeen arabera aldatzen dituztela esan dute, eta gaineratu «herri oso baten iritziaren gainetik zonalde mistora pasatzearen aurka» egin dutela hainbat agintarik. Ostegunean, hezkuntza euskaraz aldarrikatzeko aterako dira kalera gazteak, eta hezkuntzaren inguruko aldarrikapenak ere egin dituzte: esan dute NUPen euskara ikasteko eskubidea ez dela bermatzen, euskarazko haur eskolen eskaintza murriztu egin dela eta euskara alemanaren edo ingeleraren atzetik baloratzen dela.

Euskararen eta euskaldunen aurkako erasoen aurrean «erantzun bateratu» baten beharra azpimarratu dute, eta martxoaren 23an egingo diren mobilizazioekin bat egin dute zenbait eragilek: D ereduaren aldeko plataformetako gurasoak, ikasleak, zonifikazioaren aurkako Hordago dinamikako kideak, sindikatuak, Mañeru eta Leringo herritarrak eta irakasleak.

«Euskararen aurkako gurutzada, euskara desagerrarazteko saiakera» izaten ari dela adierazi dute, eta azaldu dute jazarpen guztien aurka euskarak aurrera egin duela eta horretan «gazteak protagonista» izan direla.

NUPeko euskara taldeak, sareetan eman du beraien aldarrikapen zehatzen berri ostegunera begira. 12.00etan abiatuko da Iruñeko mobilizazioa, Antoniuttitik.