Euskainola
«Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan», bota zuen aspaldi Lazkao Txikik. Eta egunero, belarriak esna ditudan bitartean, askotan akordatzen naiz gogoeta horrekin. Euskainola entzuten da barra-barra. Bi hizkuntzen elkarbizitza hain gertukoa izanda, ulertzekoa da nahasketa. Naturala ere bai, segur aski. Kezkatzen nauena da, binomio horretan, zein hizkuntzak hartuko duen pisu handiagoa, zeinek bozgorailu ozenagoa. Hiru esalditik bat erdaraz edo hiru esalditik bat euskaraz? Eta pentsatu, euskaraz edo erdaraz? Eta amestu? Eta haserretu? Eta beldurtu? Eta maitatu?
Eusko Jaurlaritzak VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu du. Erabilera, ezagutza, transmisioa eta jarrera, dena gorantz omen doa. Euskara gero eta gazteagoa omen da eta jendartean euskararen aldeko jarrera gero eta aldekoagoa. Egia esan, inkestaren datu asko harrigarri bezain pozgarri gertatu zaizkit, begirada ilunxeagoaz ikusten baitut nik panorama.
Ona da euskararen alde egotea, baina ez da nahikoa. Pozgarria da euskararen ezagutza gero eta zabalagoa izatea, baina ez da nahikoa. Nik inguruan sumatzen dut euskaraz natural eta aise aritzen direnak gero eta gutxiago direla. Eta horri lotutako datua ere topatu dut inkesta soziolinguistikoan: euskaraz errazago dabiltzan euskaldunen kopurua zazpi puntu jaitsi da 30 urtetan. Erdal elebidunak sei puntu igo dira.
Lazkao Txikik burua altxatuko balu, tristuraz ikusiko luke baietz, arrazoia zuela. •