Maite Ubiria

Erretreten erreformaren kontrako protesta egin dute 13.000 lagunek Baionan

«Denok batera» izan da Baionan 13.000 herritar bildu dituen martxan zehar entzun den oihurik nagusietako bat. Alta, martxa abiatzear zelarik LAB sindikatua baztertzeko saio bortitza burutu du FO-ko kide batek. Protesta amaieran banderola zintzilikatu dute Herriko Etxean.

Erretiro adina bi urtez gibelatzeko asmoa salatzeko banderola erraldoia ezarri dute tren langileek Herriko Etxearen balkoian.
Erretiro adina bi urtez gibelatzeko asmoa salatzeko banderola erraldoia ezarri dute tren langileek Herriko Etxearen balkoian. (NAIZ)

Gobernu frantsesak aurrera eraman nahi duen erretreten erreformaren kontrako mobilizazio berria egin dute sindikatuek gaur goizean Baionan.

49.3 artikulua baliatuz Emmanuel Macronek onartarazi duen egitasmo hori arbuiatzeko antolaturiko hamargarren mobilizazio eguna izan da gaurkoa.

Santa Ursulatik 10.45ak aldera abiatu den martxa eguerdiak jota Baionako Herriko Etxearen aurreko plazara heldu da.

Bertan, banderola erraldoia zintzilikatu dute balkoira igo diren SNCF tren konpainiako grebalariek.

Zehazki erretiro adina bi urtez gibelatzea ez dutela onartuko, eta erreforma bertan behera gelditu arte mobilizatzeko prest direla, adierazi dute amaierako hitzartzean intersindikaleko kideek.

Suzirien eztanda zaratatsuen artean bukatu den martxan 13.000 lagun bildu direla adierazi dute sindikatuek. Poliziaren esanetan 6.500 ziren.

‘Erretreta gurea da, kalea gurea da’ edota 'Denok batera greba orokorra' gisako oihuak entzun dira San Espiritu auzoa gobelean utzita Baiona Ttipian Boufflers etorbidetik sartu den martxan.

«Macronek orain hitz egiteko nahi duela erran du; erretreta erretiratu dezala eta ondoren hitz egingo dugu», azaldu du CFDT sindikatu nagusiko kide den Jean-Pierre Etcheverryk NAIZekin mintzo frantses presidenteak azken egunetan egin duen «tonu aldaketa txikiari» erantzunez.

Kontseilu Orokorraren egoitza aitzinetik Tour de Saultera eta handik San Leongo biribilguneratz jo du sindikatuen segizioak. Handik, Alsace eta Lorraine etorbidetik, Herriko Etxera bertaratu delarik.

Batasunaren aldeko oihuak, bai, baina LAB baztertu

Batasunaren aldeko oihuekin bat etortzen ez den istilua izan da, ordea, manifestazioaren hasieran.

Force Ouvriere sindikatuko kide batek LABeko ordezkaria, Argitxu Dufau, pankartatik urrundu arazi nahi izan duenean.

Intersindikaleko bertze hainbat kidek gauzak lasaitzera jo badute ere, «blokeo ekintzetan haien ondoan nahi bagaituzte, bada tenorea manifestazioaren buruan era guri tokia egiteko» argi eta garbi adierazi dute sindikatu abertzaleko kideek. Hori esanda, LABeko kide bi pankarta nagusia zeramaten bertze sindikalisten ondoan burutu dute ibilbide osoa.

Keinu itsusietatik albiste pozgarrietara igarota, gaurko martxan ohi baino jende gazte gehiago ikusi delako kontent ziren antolatzaileak. Hala, Roland Bartheseko zabalgunearen eremuan kokatzen den Unibertsitatearen parean geldiunea egin du martxak.

Ikasleek campusa blokeatzearen alde Pauen egin duten bozketaren berri jakinarazi dute bertan,  eta txalo beroak entzun dira.

Poliziaren presentziaren kontrako kexak ere entzun dira

Poliziaren presentzia ohi baino handiagoa izan da eta martxa Paulmy etorbidetik jeitsi denean, horri buruz bi hitz izan dituzte manifestazioaren antolatzaileek.

«Biolentzia agintean dauden aberatsek» sortzen dutela adierazi ostean «polizia-bortizkeria irmoki salatu dute» bozgorailuetatik intersindikaleko kideek.

Martxa Baionako Herriko Etxearen aitzinean amaitu baino lehen, beste behin ere, kasu honetan martxoak 23an izan zen aurreneko manifestazioan bizi zen Poliziaren jokabidea izan dute aipagai, erreforma bertan behera uztearen alde mobilizatzen diren herritarren aurkako jazarpenari amaiera emateko agindua zuzendu diote Gobernuari.

Era berean blokeatzeak eta ekintzak ez dituztela amaitutzat emango erretreten erreforma bertan behera gelditu arte oharrarazi dute.

Goizean goiz hasi dira gisa horretako protestak gaur Ipar Euskal Herrian. Hala, intersindikalak deiturik, hamarnaka lagunek Biarritzeko aireportua blokeatu dute 6.00ak inguruan.