Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo
Interview
Gurutz Aginagalde
Bidasoa-Irungo presidentea

«Partida bukaerara bizitzarekin iritsi nahi bada, helburua izan behar du irabaztera joatea»

Bidasoa-Irun hiru goleko errentarekin abiatu da Lisboara, bertan Sporting Portugalen aurkako EHF European Leagueko final-zortzirenetako itzulerako neurketa jokatzeko (astearte honetan, 20.45). Klubeko presidentea baikor agertu da atarikoan, nahiz eta oso kanporaketa «zaila» espero zutela bazekiten.

Gurutz Aginagalde Bidasoako presidentea.
Gurutz Aginagalde Bidasoako presidentea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sporting Portugal bezalako aurkari gogor eta indartsu baten etxera hiru goleko errentarekin joatea beti da pozgarria eta seinale bikaina. Artalekuko partidako emaitza ez da erabakigarria, ezta gutxiagorako ere, baina joaneko neurketan egindako lana ona izan zenaren seinale bada behintzat. Talde irundarra egoera honetan abiatu da Lisboara, astearte honetan (20.45) kanporaketa apurtzeko asmoarekin eta EHF European Leagueko final-laurdenetan egoteko heburuarekin.

Bidasoa Irungo presidente Gurutz Aginagaldek (Irun, 1977) NAIZen deiari erantzun dio eta baikor agertu da taldearekin Lisboara abiatu aurretik, baina partida luzea espero du. Iragan asteartean Artalekun erakutsitako defentsa ona errepikatzea gustatuko litzaioke, kanporaketa gainditzeko pauso handi bat izango bailitzateke.

Hiru goleko errenta lortu zenuten joaneko neurketan Artalekun. Nola ikusten duzu kanporaketa?

Kanporaketa, orokorrean, zaila zen. Talde oso potente baten aurka. Beraien liga oso potentea da momentu honetan, eta partidarik galdu gabe zetorren. Horrelako aurkari baten aurka kanporaketa bat edukitzea zaila da, baina gure helburua gure esku zegoen guztia egitea zen eta aukera hori bagenuen kanporaketa pasatzea. Zentzu horretan, lehengo egunean Artalekun bizitakoa oso garrantzitsua izan zen. Alde batetik, taldeak errentatxo polita eta garrantzitsua lortu zuen. Artalekun bizitakoa ere oso positiboa izan zen. Nahiz eta kanporaketa oraindik zaila egon, zeren beraiek potentzial oso handia dute eta beraiek etxean jokatutako beste 60 minutuetan arrisku handia dute; etxean sentsazio onak lortu genituen, errenta polita lortu genuen bizirik joateko eta esperantzak oraindik hor dauzkagu.

Gauza bitxia gertatu zen joaneko neurketa hartan. Gutxi gorabehera 25 minutuz gelditu behar izan zen jokoa zenbait jokalari irristatu zirelako. Zer gertatu zen zehazki?

Ez dakigu zehazki zer gertatu zen. Lehenengo ardura izan zen ea garbitzean produktu berriren bat erabili ote zuten. Hori deskartatu egin zen lehenengo momentutik. Hori kudeatzen duen enpresak ziurtatu digu betiko eran egin dutela. Hezetasuna edo kondentsazioaren faktoreak hor daude mahai gainean, baina oraindik ez dakigu. Badakigu ere azkeneko asteetan Gipuzkoan jokatutako beste eskubaloi partida batzuetan berdina gertatu dela eta ez garela bakarrak izan. Beraz, klima eta egoerarekin zerikusia duela ikusten da, eta ez Artalekun pista tratatzeko moduarekin.

«Atsedenaldirako 11 gol sartu zituzten eta hori, Sporting bezalako talde batentzat, oso gol gutxi dira; beraz, defentsaz oso ondo hitz egiten du»

Egia esateko, geldialdi hori ondo etorri zitzaion Bidasoari. Hasieran, haserrea nabaritu zitzaion Jacobo Cuetarari, 3. minuturako hutsartea eskatu zuenean. 25 minutuko atsedenaldiaren ondoren, taldea berpiztu egin zen, ezta?

Bai, hori ematen zuen. Geldialdiaren ondoren, taldea beste puntutxo batekin hasi zen. Egia esan, ondo etorri zitzaigula ez dakit esan genezakeen, baina behintzat geldialdi horretatik Bidasoa sendoago atera zela Sporting baino eta horrek partidan zehar abantailatxo hori jasotzeko aukera eman zigula.

Bidasoako defentsak Costa anaiak, Francisco eta Martim, geldiarazi zituen, eta Mehdi Harbaoui atezaina bikain aritu zen bigarren zatian.

Bai. Egia esan, gehienbat lehenengo zatian, defentsan oso sendo egon zen taldea. Atsedenaldirako 11 gol sartu zituzten eta hori, Sporting bezalako talde batentzat, oso gol gutxi dira; beraz, defentsaz oso ondo hitz egiten du. Eta bigarren zatian, Mehdik egindako lanak asko lagundu zigun, erritmoa gehiago igo zen, gol gehiago egon ziren bigarren zatian, baina guk asmatu genuen defentsan, eta badakigu beti jatorritik Bidasoaren helburua ondo defendatzea dela, eta horrek eman zigun abanta.

Eta non egon daiteke itzulerako partidaren gakoa?

Partida irabaztera joatea. Partida oso luzea da, gorabehera handiak egon daitezke eta hiru goleko abantaila ez da oso handia. Hiru goleko gorabehera bi-hiru minututan eman daiteke; beraz, partida osoan sendo egotea, irabaztera joatea eta bukaeran, aukera baldin badago, errenta horrekin jokatzea. Bukaerara bizirik iritsi nahi bada, irabaztera joatea izan behar da helburua.