2022an aldatu zen Etxeko Lanaren Araubide Berezia, Europako Justizia Auzitegiak Etxeko Lanari buruzko espainiar legedia diskriminatzailetzat jo ondoren, eta espainiar Gobernuak 16/2002 Errege Dekretua, etxeko langileen lan baldintzak eta Gizarte Segurantza hobetzen duena, onartu zuen. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak agerraldia egin du asteazken goizean legea aldatzeak dakartzan onurak, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Lan Arretako Bulegoan jasotako datuen txostena eta haien aldarrikapenak azaltzeko. Horien artean azpimarratu dute etxe barneko langileek Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak (LGS) ezarritako baino %40,79 gutxiago kobratzen dutela, eta hainbat egoera ez daudela erregulatuta.
2016an abiatu zen Lan Arretarako Bulegoa lanean, Errenterian kokatu zuten Gipuzkoako bulegoa eta bertan dabiltza aholkularitza lanetan Tatiana Bellorin eta Marling Castillo; etxeko langileak izan ziren lehenago. Beraiek eman dituzte azkeneko urtean jasotako datuak, eta lege aldaketaren xehetasunak. Hasteko, aipatu dute «nabarmen» igo dela 2022an izandako hitzorduen kopurua, eta baita artatutako erabiltzaileena ere: %80 langile gehiago artatu dituzte, 206 hain zuzen ere (2021ean 114 izan ziren).
Latinoamerikako emakumeak dira nagusi etxeko lanaren sektorean ondu duten txostenaren arabera, Nikaraguatik eta Hondurasetik etorritakoak gehienak, eta ondoren kolonbiar jatorrikoak. Azaldu dute arreta bulegoaren jarduera eremuak Irun eta Donostialdearen tartea hartzen duela batez ere. Donostiako, Errenteriako eta Irungo etxeko langileak joan dira azken urtean gehien, nahiz eta Tolosaldeko, Buruntzaldeko eta kostako gero eta langile gehiago ari diren hurbiltzen.
Legea aldatzearen argi-ilunak
Aitortu dute hainbat «aurrerapen garrantzitsu» ekarri dituela legearen moldaketak. Batetik, etxeko langileen langabezia eskubidea onartzea; bestetik, atzera egiteagatiko kaleratzea ezabatu da; hau da, enplegatzaileak arrazoirik eman gabe egin zezakeen kaleratzea lehen eta orain ez; gainera, kaleratzeagatik kalte-ordaina ordaindu beharko dute enplagatzaileek. Hirugarrenik, indargabetu egiten da Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearean 3.4 artikulua; izan ere, bere aplikazio eremutik kanpo uzten zuen etxeko lana.
Lege berriarekin, LGSak azken urteetan izan duen igoera positibotzat baloratu dute, nahiz eta barne erregimenean dauden etxeko langileen kasuan oraindik gutxienekora iristeko asko falta dela adierazi duten. Era berean, «ulertezintzat» jo dute oraindik hainbat gai landu gabe egotea.
Eskumena duten erakundeek etxeetako lan baldintzak kontrolatzea beharrezkoa dela esan dute, eta nabarmendu administrazioaren aldetik ez dela hauen kontrolerako mekanismorik existitzen. Garbi adierazi dute mekanismo eta bermeen beharra: «Orain arteko legeak betetzen ez baziren, berriak ez dira beteko haien aplikazioa fiskalizatzen ez bada». Bestalde, Gipuzkoako zaintza sistemaren bideragarritasuna etxeko langile askoren esplotazioan oinarrituta dagoela adierazi dute, eta politika publikoen diseinu integral batek errealitate hori ezin duela «alde batera» utzi gaineratu.
Atzerritartasun legean ere jarri dute arreta. Izan ere, lege horrek lan esplotazioa errazten duela salatu dute: «Lan kontratu jakin batekin erregularizatu den atzerritar batek ezin dio bere borondatez uko egin erregularizazioari lehen urteetan, Atzerritartasun Ordezkaritzak egoitza baimena kentzeko arriskua hartuko lukeelako». Etxeko langileen erretiroen gaia «premiaz» mahai gainean jartzeko eskatu dute: «Ezin dugu onartu, esplotatu ondoren, haietako asko prekarietatera kondenatuta egotea jada lanik egin ezin dutenean».
Azkenik, sentsibilizazio lana ere aipatu dute, eta azaldu beharrezkoa dela administrazioak modu eraginkorrean fiskalizatzea Familiaren Etxeko Zerbitzuan lan egiten dutenen kontratazio eta bitartekaritza enpresen jarduera. Askok langileak baldintza irregularretan kontratatzea errazten dutela mahaigaineratu dute.
Artatutako etxeko langileen erradiografia
Egoera gatazkatsuena barneko emakumezko langileei dagokie; %64,5 dira barne langileak, artatutakoen bi heren. Eta egoera administratiboari dagokionez, %41 egoera irregularrean dago, eta egoera erregularrean dauden %59 horietatik %26k nazionalitate bikoitza dute. Ikasketei dagokienez, bulegotik igarotako langileen erdiek baino gehiagok erdi mailako edo goi mailako ikasketak dituzte, eta azpimarratu dute ikasketak homologatzeko zailtasunak topatu dituztela.
Lege aldaketak langileen lan baldintzetan eragin positiboa izan du, baina oraindik «egiteko asko» dagoela salatu dute. Egoera irregularrean dauden barneko langileek dituzte lan baldintza okerrenak, soldata txikiagoa dute, eta maiz oporrak zein jai egunak hartzea ukatzen zaiela kontatu dute. Eskubide urraketa hauen aurrean «paperik ez duzunez, eskubiderik ere ez duzu», entzun izan dutela sarri aitortu dute.
Arreta bulegotik igarotako etxe barneko langileek batez beste 58,65 ordu egiten zituzten lan astean, hileko 1.065 euroko soldata gordinaren truke; alegia, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak (LGS) ezarritakoa baino %40,79 gutxiago, eta hori, gaualdien balioa kontuan hartu gabe. Kanpoko erregimenean lan egiten zutenen artean, aldiz, batezbesteko soldata LGSa baino %2,34 handiagoa zen.
Demanden kudeaketa
62 lan demanda kudeatu dituzte 2022an Errenteriako bulegoan. Aurkeztutako demandetatik, 40k etxe barnean lan egiten zuten; eta demandatzaileetatik 30 egoera irregularrean zeuden. Eskariei dagokionean, soldatarengatik, jai egun eta oporrak hartzea ukatzeagatik eta lan harremanengatik izan ziren jarritako salaketak. Eta kontratua amaitu zutenen %85,50 kaleratze bidegabeengatik izan zen.
Gero eta emakume gehiago hurbiltzen ari direla azaldu dute, beraien eskubideen berri jakin eta kasu batzuetan aholkularitza zerbitzua erabiltzeko. Errenteriako Udalak izandako jarrera ere eskertu dute, eta sentsibilizazio kanpainan sakontzeko konpromisoa berretsi dute. Bestalde, apirilaren 1ean Gipuzkoako etxeko langileen asanbalda irekia egingo dutela adierazi dute; 15.00etan izango da Errenteriako bulegoan.