NAIZ

‘Euskaraz barra-barra’ markak saltokietan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatuko ditu

Lakua eta Nafarroako gobernuak eta Euskal Elkargoa batera aritu dira lanean merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilererari bultzada emateko. Helburua da euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai diren establezimenduak identifikatzea, bezeroek askatasunez euskara erabili dezaten.

‘Euskaraz barra-barra’ markaren aurkezpena, Donostian.
‘Euskaraz barra-barra’ markaren aurkezpena, Donostian. (IREKIA)

Lakuako eta Nafarroako gobernuek eta Euskal Elkargoak, Hiruko Itunaren barruan, ‘Euskaraz barra-barra’ marka aurkeztu dute gaur Donostian egindako ekitaldian. Marka berri honek merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen ditu. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa. Euskara gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka bateratua da, euskararen lurralde guztietara zabalduko dena. Hasieran eremu pribatuan jarriko da martxan eta pixkanaka-pixkanaka eremu publikora hedatzea ere aztertuko da. Herri eta hiri batzuetan hasi eta urtetik urtera euskararen lurralde osora zabalduko den egitasmoa da.

‘Euskaraz barra-barra’ ikurraren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela ikurra duten saltoki edo entitateetan. Izan ere, marka hori duten tokietan bermatuta egongo da euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa dagoela uneoro. Bingen Zupiria EAEko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, «atxikimenduari baino, gaitasunari lotuta egongo da marka banatzeko irizpidea». Egitasmoan parte hartzen duten udalek izango dute marka banatzeko eta betearazteko ardura.

‘Euskaraz barra-barra’ koordinazio mahaia Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute. Zupiriak adierazi duenez «lankidetzatik eraikitako marka da, udaletako teknikariekin eta HAKOBA batzordekideekin». Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da erronka nagusia, honako lau helburu hauek oinarri hartuta: Euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez; herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatzea; euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea; eta euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.

Nafarroako Gobernuan Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok hizkuntza politika publikotik euskararen erabilera pizteko ahalegina azpimarratu du eta gogorarazi duenez «horren aldeko programak lagundu eta garatu ditugu. Izan ere, euskararen gizarte erabilera handitzea gure lan lerro estrategiko nagusietako bat da». Ollok adierazi duenez, ‘Euskaraz barra-barra’ «euskaraz egiteko askatasun eta lasaitasun espazioak ikusgarri egiteko ekimena da, herritar euskaldunei erosotasuna ematen diena. Espazio horiek euskararen eremu osoan, lurralde guztietan, identifikagarri egiteko marka bera izateak euskararen erabilera sozialari lagunduko dio eta hiztunei konfiantza emango die».

Euskal Elkargoko lehendakari Antton Curutcharryk gogoratu duenez, eurek egindako Biltzar Nagusiak aho batez onartu du ‘Euskaraz Barra Barra’ proiektua Ipar Euskal Herrian sustatzea, «erabilpenaren pizgarri» izan daitekeelako. Curutcharryk  esan duenez «lankidetzak bilatuz elkarteekin, merkartaritza sareekin, eta nahi duten eragile guztiekin» hedatuko da marka. Gaineratu duenez, markaren hedapena baliatuko dute «saltegiak laguntzeko haien hizkuntza paisaia elebiduntzen. Markaren zabalkundea egitean, saltegiei proposatuko diegu haien seinaletika, komunikazioa eta erabiltzen dituzten euskarriak euskaraz ere ezartzea, eta horretarako laguntza eskainiko diegu».

Frogaldi epea

3-6 hilabeteko probaldia egin dute Donostia, Oarsoaldea, Andoain, Laudio eta UEMAko herrietan, eta 1.644 saltokiek bat egin dute ekimenarekin. Donostiako alkatea den Eneko Goiak azaldu duenez, bisitatutako establezimenduetan, jendaurrean ari den langileen %77,7k euskaraz  daki edota euskaraz ulertzen du. Horregatik, bere ustez ‘Barra-Barra markak’ «errealitate hau azaleratzen lagunduko digu eta donostiarrei zein Donostiatik kanpo etortzen diren euskaldunei euskaraz aritzeko aukera ugari emango dizkie».

Orokorrean, markak harrera ona izan du, bai establezimenduetan eta baita bezeroen artean ere. 2023an 50 udalerri inguru hasiko dira ‘Euskaraz barra-barra’ ezartzeko prozesuarekin eta datorren urterako ere konpromisoa hartu dute hainbatek. Helburu nagusia herri guztietan martxan jartzea da.