Lezoko harrera ekitaldia, herriko plazan
Lezoko harrera ekitaldia, herriko plazan (Andoni Canellada | FOKU)
Kale animazioa alde zaharrean zehar
Kale animazioa alde zaharrean zehar (Gari Garaialde | FOKU)
Lezoko frontoia bihurtu zuten hiru egunez jantoki
Lezoko frontoia bihurtu zuten hiru egunez jantoki (Gari Garaialde | FOKU)
Ekitaldi Nagusia, bozeramaileak oholtza gainean
Ekitaldi Nagusia, bozeramaileak oholtza gainean (Gari Garaialde | FOKU)
Lezoko akanpalekura gazteak iristen
Lezoko akanpalekura gazteak iristen (Andoni Canellada | FOKU)
Gazte Topaguneko hitzaldi bat, Pako Aristi eta Benito Lertxundi
Gazte Topaguneko hitzaldi bat, Pako Aristi eta Benito Lertxundi (Gari Garaialde | FOKU)
Lezoko frontoia gaztez lepo
Lezoko frontoia gaztez lepo (Andoni Canellada | FOKU)
Nazioarteko kideak Lezoko ekitaldi nagusian
Nazioarteko kideak Lezoko ekitaldi nagusian (Gari Garaialde | FOKU)
Gudariei egindako ekitaldia
Gudariei egindako ekitaldia (Andoni Canellada | FOKU)
Eguraldiaren eraginez akanpalekua txikituta
Eguraldiaren eraginez akanpalekua txikituta (Andoni Canellada | FOKU)
Autobus geltokian, Lezotik etxera bidean ehundaka gazte
Autobus geltokian, Lezotik etxera bidean ehundaka gazte (Andoni Canellada | FOKU)
Iraitz Mateo

Lezoko teilatuetan milaka gaztek hartu zuten aterpe

2008ko edizioa Lezon egin zen, elurrak zuritu zituen gazteek atondutako guneak eta garaiko testuinguru politiko nahasian «hemen gaude» esateko modu bat izan zela kontatzen dute bertaratutakoek.

Lezoko frontoia gaztez lepo.
Lezoko frontoia gaztez lepo. (Andoni Canellada | FOKU)

Eguraldia bezain iluna eta hotza zen 2008 urtea euskal gazteriarentzat. 8.000 gazterentzat ordea «burbuila» moduko bat izan omen zen Lezo lau egunez, hala gogoratzen du antolakuntza lanetan ibili zen Ion Telleriak. Testuinguruak sortutako errepresio-erantzun «dinamikatik» atera nahian antolatu zuten, eta dinamika horretara bultzatu nahi zituzten gazteentzako aterpe izan zela ekarri du akordura. Pozik gogoratzen ditu egun haiek Telleriak, «desmuntatze lanak bukatu, eta ez nuen etxera joan nahi, sortu genuen herri hori bizi nahi nuen nik».

Segi gazte antolakundea legez kanpo zegoen 2002az geroztik, baina 2007an erakunde terroristatzat izendatu zuten Madrildik, geroz eta indar handiagoa zuen errepresioak eta euskal gazteriaren aurkako kriminalizazioa gero eta handiagoa zen. Aldi berean ezker abertzalea estrategia aldaketako eztabaidetan sartuta zegoen, egunerokotasunetik altxa eta Euskal Herria eraikitze biden jartzeko koordenak marrazten ari zen, baina oraindik goizegi zen fruituak sumatzen hasteko.

Politikoki zein humanoki ekimena bera «errepresioak oso baldintzatuta» zegoela azaltzen du Telleriak. «Garai horretan etxetik kanpo egiten genuen lo, eta Lezon ez genuen seguru lo egingo, baina elkarrekin egoteak halako segurtasun bat ematen zigula oso gogoan dut». Ilusioz eta auzolanean eraikitakoa zela sumatzen zen bertan. «Ihesbide» bat izan zela azpimarratzen du Telleriak, besteak beste eguneroko dinamika gogor eta beltzetik «lau egunez eraiki nahi dugun Euskal Herri horretan bizitzera» igaro zirelako.

«Lau egunez eraiki nahi dugun Euskal Herri horretan bizi ginen»



Elurraz gain Kattalin izan zen Lezoko Topagunearen ikonoetako bat. Bi motots ilehori eta ukabilarekin batera margotzeko brotxa bat eskuan duela. Telleriaren arabera, irudikatu nahi zuten horren iruditegia lortu zuten edizio hartan, alaitasuna eta indarra transmititzea. Horia, larrosa, berde argia… iruditegi osoa kolore horiek osatzen zuten. Kartel, pankarta eta bestelakoetan Kattalinen lagun izan ziren marrazki bizidunen forman bizia emandako beste hamar bat kide ageri ziren, beren kamiseta aldarrikatzaile eta banderolekin.

Abestiak ere irudiarekin lotutako filosofiarekin bat egitea nahi zuten eta Hesian talde nafarrari eskatu zioten abestia egiteko, Alaia Martin bertsolariak letra idatzi ondoren. Bizirik mantentzeari erreferentzia egiten dio abestiak, bai esaten duenagatik, baina baita musikaren moldeagatik ere: «Lezoko teilatuetan, independentzia ilunabarrean, bizi itzazu ametsak, amestu beharrean». Esperantzari, eraikitzeko eta bizitzeko aldarriari deia.

Bizi nahi zuten herria

Egitaraua gogoratzeko memoria egitea ez da erraza izaten, baina Lezoko eskola eta akeita gune inguruko solasaldiak «bizitza askatzaileek» ardazten zituzten. Bizi nahi zuten herria, horretarako proiektua irudikatu eta mami horri gazte ikuspegitik begiratzeko ariketa egin zuten orduko gazte antolakundeko militanteek. Eta horrela osatu zituzten presente egon ziren lerroak: hezkuntza, hizkuntza, aisialdia, kultura, feminismoa, bizi baldintzak…

Kulturak eta aisialdiak pisu berezia hartu zuten 2008ko edizioan. Aisialdi talde ezberdinak sortzen ari ziren momentu horretan, gazte antolakundean aisialdiaren inguruan izandako hausnarketak bultzatuta. Eta aisialdi eredu hori praktikara eramateko unea ere bazen, herriko gunean, gaztetxean zein kultur gunean biltzen zen eskaintza hori. Kulturak ere hartu zuen presentzia, Ez Dok Hamairu taldea izan zuten mintzagai Benito Lertxundirekin batera, eta Musikherria disketxeak ere izan zuen bere tokia, momentu horretan indar handia hartzen ari baitzen euskal musika.


Lezoko kiroldegia lepo
Lezoko kiroldegia lepo


Feminismotik eta, batez ere, antolakundeko militante emakumeen lanari esker barne lanketaz gain, kanpora begirako lanketa ere egin zuten. Lehendabiziko aldiz eraso sexistak salatzeko telefonoa jarri zuten. Eta horretaz gain, emakume gazteen agerraldia ere egin zuten; Joana Aurrekoetxea eta Hegoa Ugaldek hartu zuten hitza, udaberri horretan egingo zen IV Jardunaldi feministetan parte hartzeko deia egiteko, atzean 40 bat kide zituztelarik. Sistema patriarkala kritikatu eta aurre egiteko emakume gazteak elkartzeko aldarria egin zuten.

Bertan zeuden

Gehien gehienak gogoratuko dira ekitaldi nagusiaz. Telleriak hartu zuen hitza, lehendabizi, «hemen gaude» esan zuen, eta karpa handian txalo zaparrada entzun zen. Orain, garai hari begiratuta «hemen gaude» esateko modurik onena Topagunea bera antolatzea eta arrakastatsua izatea zela aitortzen du: «Hori zen gure pankartarik handiena, gure logorik handiena, ‘ei, hemen gaude’ esatea milaka gaztek». Nahasia zen testuingurua: «Oso kontraesankorra zen guretzat erakunde terrorista izendatu, baina gure lan ildoak gazte mugimendu zabala, anitza, masiboa eta masa mobilizatzaile ikuspegia zeukana izatea. Erakunde terrorista izendatu eta gure aldarriak izatea herri aske bat, pozik biziko garena eraikitzea, independentzia. Edo erakunde terroristatzat izendatu eta Topaguneko irudia izatea neska gazte bat bi koleta sinpatikorekin eta brotxa eskuan duena». Baina hala zen, horiek ziren beraien borrokak, eta horrela izendatu zituzten Madrildik.

«Oso kontraesankorra zen guretzat erakunde terroristatzat izendatu eta Topaguneko irudia izatea neska gazte bat bi koleta sinpatikorekin eta brotxa eskuan duena»


Espainian eta Frantzian terroristatzat zuten gazte antolakundea eta baita Segik antolatutako gauza oro ere; Euskal Herriko zenbait sektoreren begietara ere «gaiztoak» ziren. Zorionez, Lezoko herritarrengan eta Udalarengan izugarrizko babesa sumatu zuten. Orduko Udalak azpiegitura beharretan lagundu zien, eta Haritz Salaberria garaiko alkateak herritarrei ere gutun bat bidali zien ekimenaren berri ematen eta gazteek herria zaintzeko zuten konpromisoa erakusten. Betiko filosofiari eutsi zion gazte antolakundeak eskertza gisa: etorritakoan bezain txukun edo txukunago uztea herria.

Garai ilun xamarra izan zitekeen, baina kolorea fisikoki ere aldatu zuen Lezok, udaberrian eta elurra izan baitzuten bisitari. Telleriak arduraz gogoratzen du une hori, altxatu eta elurra ikusi zutenean, zuzenean akanpalekura jaitsi omen ziren, bertakoak nola zeuden ikusi eta zer behar zuten galdetzera. Kanpin bateko kremailera ireki eta espero gabeko erantzuna jaso zuen: «Oso ongi, bart arratseko kontzertua la ostia izan dek, aurrekoa ere ona… Akanpalekua? Ah, hotz pixka bat, baina sinmas». Bertaratutakoek eguraldi txarrari garrantzia kentzea eskertu zuten antolatzaileek, milaka gaztek haien onena eman baitzuten Gazte Herria izango zena amesteko eta batez ere, bizitzeko, abestiak zioen moduan.