Partidaren atarikoan, jakina zen bi aurrelarien ahalak markatuko zuela neurketaren norabidea. Gaur Labriten jokatu den finalean Iker Larrazabal izan da aurreko koadroetan jaun eta jabe, eta horri esker Baikokoek irabazi dute Promozioko Binakako Txapelketako finala. Batetik, arabarrak aurreko koadroetan tantoak egiteko erakutsi duen gaitasuna, eta bestetik, Javier Zabalaren ezintasuna: horiek izan dira neurketaren gakoak. Larrazabalek 11 egin ditu; errioxarrak, berriz, soilik hiru.
Baikoko aurrelariak partida ona egiteaz gain, hankak lurrean dituela ere erakutsi du mikrofonoen aurrean. Lehen mailako pilotariekin jokatzeko moduan ote dagoen galdetuta, irmo eratzun du «ezetz»: «Pilotari oso handiak daude txapelketan eta lehen mailan egotea zaila da».
Iosu Eskirozek bere bigarren txapela lortu du –2020an irabazi zuen lehena Asier Agirrerekin batera–, eta Larrazabalek, lehena. Hogei urte pasatu dira arabar batek azken txapela irabazi zuenetik. Aitor Pinedok eskuratu zuen azkenekoa. «Arabar guztientzako txapela da», adierazi du aurrelariak partidaren ostean.
Hasieran, gorriak aurretik
Neurketa hasieran bikote gorria hasi da aurretik, haiek asmatutakoak baino gehiago, urdinen hutsegiteek lagunduta. Larrazabalek eta Eskirozek hiru pilota galdu dituzte erreskadan, 4-1 zihoazela markagailuan. Hala, Aspekoek seira iritsi dira beraiek tantorik egin gabe.
Hemendik aurrera hasi da Larrazabalen erakustaldia; tantoei abiadura eta indarra emanda, eta errematatzeko gaitasuna duela erakutsita. Horietako batean gantxoz eta bestean pilota txapapean utzita, 6-6.
Andoni Gaskue fin aritu da, partida hasieran bereziki. Eraman beharrekoak ondo eraman ditu, eta kasik hutsik egin gabe aritu da. Sei pilota galdu ditu partida osoan, kontuan hartuta eskuin eskua minduta amaitu duela neurketa. Gaskueren antzera, Eskirozek hasieran zenbait akats egin baditu ere, dema igaro ahala, gero eta hobeto jokatu du.
Atzeko koadroetan nahiko pareko zegoen dema; ez, ordea, aurrean. Zabalak ez du bere eguna izan, eta tantoak egin ezinik ibili da. Ez ordea Larrazabal; jokoan sartzen zen bakoitzean mina egiteko gaitasuna izan du.
Baikokoek hamargarren tantoa egin dutenean hautsi da partida, 0-6eko partziala egin baitute urdinek: 8-10etik 8-15era. Tartean, arabarrak bi tanto egin ditu gantxoz, horietako bat sakearen ondoren. Hurrengo lau tantoetan Larrazabal eta Eskiroz erlaxatu egin dira, eta Aspekoek lau tanto jarraian kateatu dituzte, 12-15.
Gorrien hamaseigarren tantoan ematen zuen Zabala partidan sartzen ari zela. Kontraerasoan dejada bat eginda aldatu du jokoa, eta Eskirozi atzera egitera behartu dio. Susperraldiak ez dio asko iraun errioxarrari, hurrengo tantoan huts egin baitu, 13-17.
Hortik aurrera, Aspekoek pixka bat burua jaitsi dute, ikusita aurkariak 22ra ailegatzen ari zirela. Hala, Amurrioko aurrelarien joak erabaki du partida, eta 16-22 gailendu dira markagailuan Larrazabal eta Eskiroz.
Gaskue, ia negar malkotan
Lehia ostean, pozik zeuden Baikokoak eta ez da gutxiagorako. «Hasieran abiadura asko ematen hasi dira, baina azkenean hobeto egon gara, eta lasaiago jokatu dugu», adierazi du Larrazabalek. Horren ondotik, berehala nabarmendu du arabarrak ikusi dela Gaskuek «eskua nola zuen». Bide beretik, Eskirozek ere adierazi du «Andonik [Gaskuek] besoetatik asko sufritu» duela, eta badakiela «asko prestatu» duela txapelketa. Horregatik, «animoak» eman dizkio.
Horrez gain, Baikoko atzelariak aitortu du ez dutela haien partida «hoberena» jokatu: «Finaletan beti geratzen da, tentsioa, urduritasuna eta hurbileko jende asko dago. Gauzak ondo egin nahi dituzu eta hasieran beti kostatzen da. Hala ere, bigarren zatian gehiago izan gara».
Aspeko bikotean, Gaskue atera da mikrofonoen aurrean, eta ahotsari ozen eutsi ezinik bukatu du hizketan, bai galdu egin dutelako, baita minez jokatu duelako ere. «Aurkariei zoriondu besterik ez dago. Nahiko justu ibili naiz, pena ematen dit eguna horrela bukatzeak, baina horrela da pilota...».
PARTIDAKO FITXA
Zabala-Gaskue: 16
Larrazabal-Eskiroz: 22
Markagailua: 0-1, 1-1, 2-1, 4-1, 4-2, 4-3, 5-3, 6-3, 6-7, 7-7, 7-9, 8-9, 8-15, 9-15, 12-15, 12-16, 13-16, 13-19, 14-19, 14-20, 15-20, 15-21, 16-21, 16-22. Sakez egindako tantoak: Bat ere ez. Jokoan egindako tantoak: Zabala 3, Gaskue 1, Larrazabal 11 eta Eskiroz 1. Galdutakoak: Zabala 6, Gaskue 6, Larrazabal 7 eta Eskiroz 5. Pilotakadak: 522. Gertakariak: Labrit ia beteta zegoen.