Naiz

Erdizen egin nahi duten meategiaren aurka apirilaren 22an Iruñera joateko deia egin dute

‘Landa eremuaren defentsan’ lelopean Erdiz Bizirik plataformak apirilaren 22rako deitutako mobilizazioa 17.00etan abiatuko da Iruñeko Antoniutti parketik. Magnesitas Navarras enpresak Erdizen egin nahi duen meategi proiektua ingurumenerako eta laborarientzako arriskutsua dela nabarmendu dute.

Erdiz Bizirik plataformaren prentsaurrekoa.
Erdiz Bizirik plataformaren prentsaurrekoa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Joan den urtarrilean iragarri zuen moduan, apirilaren 22an manifestazioa egingo du Iruñean Erdiz Bizirik plataformak Magnesitas Navarras enpresak Erdizen egin nahi duen meategi proiektuarekiko desadostasuna adierazteko. Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da Antoniutti parketik, eta Sarasaten amaituko da.

‘Landa eremuaren defentsan’ lelopean Euskal Herriko nahiz atzerriko eragile eta banako guztiak mobilizatzera deitu dituzte asteartean egindako prentsaurrekoan. Gainera, bertaratuko diren guztiei joareak eraman ditzatela eskatzen diete, «ahal bezain bertze asots egiteko».

Baztandik Iruñera joateko autobusak egongo dira. Euskal Herriko bertze zenbait eragile ere antolatze lanetan dabiltza. Eguna hurbildu ahala, beren sare sozialetan partekatuko dituzte xehetasun guztiak.

Bestalde, auzi honen inguruan azalpenak xehe-xehe emateko, Euskal Herrian barrena solasaldiak eskaintzen ari dira. Datozen asteetan, adibidez, Baigorrin, Lesakan, Iruñean, Oñatin eta Lesakan izango dira.

Magnesitas Navarras enpresaren proiektua aurrera eramaten bada, hainbat arrisku daudela ohartarazi du plataformak: «Zenbait espezie babestu desagertuko dira, inguruko urak nahiz iturriak kutsatuko dira, eta materialen garraioarengatik hautsa nahiz asotsa hedatuko dira. Horretaz gain, Magnaren jarduerak berak eragin zuzena du herritarren osasunean: Nafarroan CO2 gehien ekoizten duten enpresen artean hirugarrena da».

Gainera, «meategiak Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna suntsituko lituzke», ohartarazi dutenez.