NAIZ

Protestan jarraitzeko deia, sindikatuek Bornerekin izandako bileraren «porrotaren» ostean

Frantziar sindikatu nagusien esanetan, Elisabeth Borne lehen ministroarekin asteazken honetan izandako bilera «porrota» izan da. Ostegun honetan antolatu diren erretreten erreformaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Asteazken honetan Parisen Bornek eta sindikatuek izan duten bileraren argazkia.
Asteazken honetan Parisen Bornek eta sindikatuek izan duten bileraren argazkia. (Bertrand GUAY | AFP)

Frantziar lehen ministroak eta sindikatuek Parisen izandako bilera «porrota» izan da, Elisabeth Bornek erretreten erreforma beharrezkoa dela azpimarratu duelako.

«Halabeharrez porrota da», nabarmendu du Cyril Chabanier CFTC sindikatuko presidenteak bilera amaitu ondoren komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Bertan zortzi zentral nagusietako buruzagiek agiri bateratua irakurri dute.

Adierazi dutenez, ez dute Macronen Gobernuarekin hitz egingo erretreten erreformak jasotzen dituen neurri polemikoak indargabetzen ez diren bitartean. Horien artean dago erretiro adinaren igoera, 62 urtetik 64ra.

«Lehen ministroak esan du bere testuari eutsi nahi diola, eta hori erabaki larria da», erreforma «ia herritar guztiek baztertzen dutelako», gaineratu du Chabanierrek, eta erretreten erreforma «bidegabea» dela ohartarazi du.

Laurent Berger Frantziako Lanaren Konfederazio Demokratikoko (CFDT) idazkari nagusiak ere gogor kritikatu du lehen ministroaren jarrera eta frantziar Estatuak «krisi demokratiko larria» bizi duela nabarmendu du.

Mobilizazioen hamaikagarren eguna

Horregatik, Bergerrek dei egin die herritarrei ostegun honetako manifestazioetan parte har dezaten. Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioen hamaikagarren eguna izango da.

Baionako manifestazioa Santa Ursula plazatik abiatuko da 10.30ean, eguerdi aldera Saint Leon biribilgunera ailegatzeko.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain

Halaber, sindikatuek «erantzukizuna» eskatu diote Auzitegi Konstituzionalari, izan ere erabaki bat hartu beharko du datorren astean erretreten erreformarako proiektuaren konstituzionaltasunari buruz.

Bestalde, ezkerreko 252 hautetsik lege-proposamen bat aurkeztu zuten martxoaren 17arekin, ekimen partekatuko erreferenduma (RIP) antolatzeko xedez. Konstituzioan jasotzen den tresna honek lege-proposamen bat erreferendum bidez bozkatua izateko aukera ematen du. Honek erretretarako adinaren aldaketa bozkatzea ekarriko luke.

Auzitegi Konstituzionalak ekimen partekatuaren erreferendumaren onargarritasuna neurtuko du. Onartuz gero, erreferenduma antolatzeko lehen pausua gutxienez 4,8 milioi herritarren sinadura biltzea izanen da.