NAIZ

EH Bilduk eta EHBaik «demokrazia eta soberaniaren aldarria» zabalduko dute Aberri Egunean

Aberri Egun honetan EH Bilduk eta EHBaik «demokrazia eta soberaniaren aldarria» zabaldu nahi dute. «Herri bizia gara, askotariko pertsonez osatua, herri gisa ditugun auziei aurre egiteko beharrezkoa den ezagutza kolektiboa duena», adierazi dute.

EH Bilduk martxoan egindako agerraldia Aberri Egunaren egitaraua aurkezteko.
EH Bilduk martxoan egindako agerraldia Aberri Egunaren egitaraua aurkezteko. (Iñigo URIZ | FOKU)

EH Bilduk eta EHBaik adierazpen bat argitaratu dute ostiral honetan Aberri Egunaren harira. Esan dutenez, «Europa atarian gerra pizteraino heldu den mundu mailako krisi klimatiko, energetiko eta sozialaren agertokian, demokrazia eta autoritarismoaren lehia bizia goraka doan honetan, gure beharrizanen araberako erabaki propioak hartzeko eskubidea jarri behar dugu erdigunean. Horregatik Aberri Egun honetan EH Bilduk eta EHBaik demokrazia eta soberaniaren aldarria zabaldu nahi dugu».

Izan ere, nabarmendu dutenez, «Euskal Estatua egitasmo politiko garaikidea da. Euskal Herriak duen gaitasuna, bere herritarren eta antolakunde ekonomiko, sozial eta politikoen elkarlanetik eratortzen da. Herri bizia gara, askotariko pertsonez osatua, herri gisa ditugun auziei aurre egiteko beharrezkoa den ezagutza kolektiboa duena».

«Halaber, Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugun guztion eguna dela adierazi nahi dugu. Guretzat muga, beste zenbaitentzat oraindik harresi; ez muga, ez harresirik gabeko Aberria amesten dugunona. Txikitatik hala sentitu dugun guztiona, beranduago hala sentitu dutenena edota hemen bizi arren beste identitate batzuekin gehiago bat egiten dutenena», gaineratu dute.

Eta Euskal Herria «askotarikoa» dela ohartarazi dute; «bere paisaiak bezalaxe, kulturalki zer esanik ez, jatorriei dagokienez gero eta gehiago, okzitanieraz, gazteleraz, frantsesez ere hitz egiten duena baina herri, euskarak egiten gaituela dakiena. Aniztasun horretaz eginak gara eta Aberri Egunak ere aniztasun hori irudikatu behar duelakoan gaude».

Hortaz, 2023ko Aberri Egunaren kariaz, EH Bilduk eta EH Baik euskal herritar guztiei, ospakizunerako deia egin diete, «ospakizunaz batera aldarria ere presente mantentzera. Euskal Herriko txoko ezberdinetan egongo diren ospakizun ezberdinetan legez, apirilaren 8an Donostiako Miramarren Euskal Herria Baterak burutuko duenean, Itsasun apirilaren 8 eta 9an Bagiraren eskutik izango diren ekitaldietan eta apirilaren 9an Iruñean EH Bilduk burutuko dituenetan parte hartzera dei egiten dugu».