Mikel Manci pilotari mutrikuarrak ezin hobeto aprobetxatu du Lekeition eman dioten aukera. Master Series honetan Del Rioren ordezko bezala sartu zen eta azkenean txapela janztea lortu du Goikoetxearekin bikote osatuz. Finalerdietan Arbe eta Lopez garaitu zituzten eta finalean Erkiaga eta Lekerika. Bi azterketa zail eta bietan garaile.
Jendetza batu da gaur ere Santi Brouard pilotalekuan. Master Serieseko bi zesta partidetan leporaino bete da Lekeitioko frontoia eta gaurkoan ere, partida onak atera dira kantxan. Frontoi naturala da Lekeitiokoa, pilota abiadan ikusten da eta zestaz gozatzeko benetan egokia da.
Partida bikain hasi dute gorriek eta nabarmentzekoa izan da Iñaki Osa Goikoetxeak finalari eman dion hasiera. Bederatzi tanto amaitu ditu lehenengo setean. Bikain errematatu du sahietsetik, hormabikoz eta txik-txakean. Mancik serio eutsi dio, pilota asko sartuz eta ondo atzeratuz. 6-3 jarri dira aurretik eta ez da berdinketarik egon lehen joko honetan. 15-10 gorri. Bigarren setean zumaiarra ez da hainbeste agertu eta gorriek huts batzuk ere egin dituzte. Hiruna berdindu ostean aldea hartu dute Erkiagak eta Lekerikak, 3-4, 4-7, 6-11, 8-13 eta 10-15.
Finala desenpatean erabaki da. Goikoetxeak atera, Aritz errestoan sartu baina pilotak uztaia jo dio (1-0). Bigarren tantoa ere gorri, Mancik atzeko paretean egina (2-0). Goikok partidako bost pasak egin ondoren urdinek seta berdindu dute (2-2). Baina nagusi ziren gipuzkoarrak. Zumaiarrak egin du 3-2koa, Manzik eskumaz 4-2koa eta Goikoetxeak amaitu du partida pilota atropellatzera botata.
Neskak ere bikain
Jaialdiko lehen partidan Erika Mugartegik eta Maialen Aldazabalek lortu dute garaipena. Markina-Xemeingo aurrelariak bolada onari eutsi eta garaipena lortu du Lekeition ere, Durango eta Gasteizko bideari eutsiz. Gaurkoan Aldazabal berriatuarrarekin jokatu du eta ez edozeinen kontra. Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi, 2022ko Biarritzeko Munduko Txapeldunen aurka irabazi dute.
Gorriek buelta eman diote partidari, lehenengo seta Maite eta Eneritzentzat izan baita (12-15). Bigarren jokoa estuagoa izan da. 12na, 13na eta 14na berdindu dute. Eneritzek egin du urdinen 14.a ezker paretean pilota baztertuz baina Maialenek modu berean erantzun dio, gorrien 15.a egiteko. (15-14). Hirugarren setean 1-3 aurreratu dira urdinak baina beste behin ere, gorriek buelta eman diote markagailuari 5-3 irabaziz.
Aho zapore oso gozoarekin bukatu da Lekeitioko txapelketa. Bi jaialdi eder, bi betekada handi frontoian, partida onak atera dira bi egunetan eta harmailetako giroa itzela. Akarregi pilota elkartean goruntz doa zestaz jokatzen duten umeen kopurua. Honelako jaialdiek bide horretan lagundu besterik ez dute egiten.