NAIZ

«Desberdintasunetik» Aberri Egun bateratua ospatzearen aldeko adostasuna nabarmendu du Baterak

Larunbatean Donostiako Miramar Jauregiak utzitako argazki «zabal bezain anitza»rekin «pozarren» agertu da Euskal Herria Baterak. Bertan izan ziren eragile askok Aberri Eguna «desberdintasunetik» modu bateratuan ospatzeko beharrarekin bat egin izana nabarmendu du ekimenak.

Euskal Herria Batera ekimenak deituta larunbatean Miramar Jauregian egin zen ekitaldiaren irudi bat.
Euskal Herria Batera ekimenak deituta larunbatean Miramar Jauregian egin zen ekitaldiaren irudi bat. (Jon URBE | FOKU)

Aberri Eguna igarota, larunbatean Donostiako Miramar Jauregian egin zen ekitaldiaren inguruko balantze bat helarazi du Euskal Herria Batera Ekimenak.

Alde batetik, «pozarren» agertu dira deialdiak jaso zuen erantzunarekin: «Eremu guztietako eragileek erakutsi duten atxikimendua zabala bezain anitza izan da eta horra hor Miramar Jauregian egindako argazkia». Izan ere, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, ELA edota LABen ordezkariak izan ziren bertan, beste eragile askotako kideekin batera: Sabino Arana Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Olaso Dorrea Fundazioa edota Agirre Lehendakari Center, AEK, Udalbiltza, Herri Urrats, Gure Esku, Etxerat…

Beste alde batetik, Aberri Egunaren bilakaerak zekitena baieztatu diela aitortu dute ekimeneko kideek: «Egon badaudela leku eta era desberdinak eguna ospatzeko eta Euskal Herria sentitzeko. Euskal Herrian ospatzen direnak azpimarragarrienak, baina ezin ahaztu gure sentitu dugun diasporak egin duen deiadarra».

Horiek «euskal komunitatea bizitzeko, ikusteko, sentitzeko eta adierazteko moduak» direla baieztatu dute, baina «duela 90 urte Maitea frontoian bezala, desio bat, Aberri Egun bateratua ospatzea».

«Desberdintasunetik batasunerako deiadarra»

Zentzu horretan, Fundazioetako kideek euren artikuluan aipatutakoak gogora ekarri ditu Euskal Herria Batera ekimenak: «Aberri Egunak hori izan behar du: desberdintasunetik batasunerako deiadarra. Batasuna herri erronkei aurre egiteko. Batasuna gure herriaren etorkizuna ziurtatzeko. Batasuna jendarte parekide eta aurreratua eraikitzeko, elkartasuna eta gisa kohesioa ardatz. Batasuna herriaren bihotz taupada indartzeko. Batasuna Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek erabaki dezaten, euskal jendarteak bere aniztasunean erabakimen osoa izan dezan(...)».

Baterak azpimarratu du mezu hori bera berretsi zutela Miramarren bildu ziren eragile askok ekitaldia amaitu eta ondorengo adierazpenetan.

«Beraz –gaineratu du–, herri bat bagara, indarra eta muskulua badugu, 2024rako erronka eta aukera. Ekin diezaiogun!».