Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Mikel Barrios eta Iñigo Gulina ez dira espetxera itzuliko, Fiskaltzarekin akordioa lortuta

Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzarekin akordioa lortu dute Mikel Barrios eta Iñigo Gulinak eta ez dute espetxera itzuli beharko. «Dokumentuen faltsifikazio» delitu bat eta 21 hilabeteko espetxealdia onartu dute, baina zigorra hiru urtez etenda egongo dela jasotzen du akordioak.

Mikel Barrios eta Iñigo Gulina, Amaia Izko abokatuarekin, Auzitegi Nazionalerako bidean.
Mikel Barrios eta Iñigo Gulina, Amaia Izko abokatuarekin, Auzitegi Nazionalerako bidean. (Alejandro MARTÍNEZ VÉLEZ | EUROPA PRESS)

Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzarekin akordioa lortu dute Mikel Barrios eta Iñigo Gulina nafarrek, iturri juridikoek NAIZi azaldu diotenez. Gauzak horrela, biek «dokumentuen faltsifikazio» delitu bat onartu dute eta urtebete, bederatzi hilabete eta egun bateko espetxealdia bere gain hartu dute.

Dena den, Gulinak eta Barriosek ez dute espetxera itzuli beharko, biek Fiskaltzarekin lorturiko akordioan zigorra hiru urtez etenda izango dela jasotzen baita.

Honekin batera, bederatzi hilabeteko isuna ere jasotzen du akordioak, eguneko hamabi euroko kantitatearekin.

Fiskaltzarekin adostasuna aldez aurretik lotuta zegoenez, Auzitegi Nazional espainolean gaur egin den epaiketa oso laburra izan da.

Hasiera batean Fiskaltzak hiru urteko espetxealdia eskatzen zuen Barrios eta Gulinarentzat baina akordioan eskaera hori nabarmen jaitsi du.

Bai Mikel Barrios iruindarra bai Iñigo Gulina burlatarra preso izan dira. 2017an Berlinen atxilotu zituzten eta ETArekin lotura izatea leporatu zien Barne Ministerio espainolak. Une hauetan biak kalean ziren eta akordio hau dela eta ez dute espetxera bueltatu beharko.

Auzitegi Nazional espainolean Euskal Herriarekin lotura duen azkenetako sumarioa zen hau.