NAIZ

Juncal Violeten heriotzarekin, Behobiako historiaren ahots argienetako bat itzali da

Joan den larunbatean, apirilaren 8an, hil zen Juncal Violet Urtasun, Behe Bidasoko oroimen historikoa eraikitzen lagundu duen ahots ezinbestekoa. 1936ko gerrak haurra zela harrapatu zuen eta zuzen eragin zion garaiko pairamen eta goseak.

1936ko estatu kolpearen ondotik, gerrako haurra izan zen Juncal Violet, Irungo bonbardaketaren lekuko.
1936ko estatu kolpearen ondotik, gerrako haurra izan zen Juncal Violet, Irungo bonbardaketaren lekuko. (Fernando LARRUQUERT | LAMIA)

Juncal Violet Urtasun Irungo Behobia auzoko bizilaguna Behe Bidasoko memoria historikoaren gordailu bizia zen, harik eta joan den apirilaren 8an hil zen arte, 97 urterekin. Aurretik, baina, bere bizitzaren kontakizuna partekatu zuen, herri baten kontakizuna ere badena.

1925ean jaio zen eta auzoan, lagunekin jolasean, harrapatu zuen 1936ko gerrak. Horrenbestez, eguneroko bizitzarekin nahastu zituen jolasa eta bala galduak. «Gerra hasi zeneko lehen oroitzapen bat badut. Igande batez hasi zen. Taldean ibiltzen ginen gaztetxoak, beti batera, eta Hondarribiko hondartzara joan ginen egun hartan. Itzuli ginenean muga itxita topatu genuen, ez ziguten pasatzen uzten. Bermejo komisarioak orduan esan zuen konponduko zuela egoera, egingo zituela gestioak, baina ordurako Behobian ginen gu, ibaia ondo ezagutzen baikenuen eta Faisaien Uhartea gurutzatu genuen auzora iristeko», oroitu zuen Juncal Violetek orain hiru urte emandako ahozko testigantza batean.

Gerra hasi zen, baita Irunera iritsi ere. Gogoan zituen Violetek «gerrari argazkiak ateratzen» ikusten zuen jendea, artean turistak ikusten ez ziren garai haietan. Eta akorduan zituen faxistek herria bonbardatu zuteneko soinuak, nola aritzen ziren gaztetxoak «sasitza artetik» leherketei begira: «Begira, begira! Hilerria bota dute!»

Irungo setioak luze jo zuen, irailera arte jardun zuten faxistek erasoan, eta irailaren 3an pasatu ziren Hendaiara lehenengo errefuxiatuak. Behobiako bizilagunak irrikaz zeuden zubia zeharkatzeko: biziraupen kontua zen. Violeten familiak itxaronaldia Behobiako ‘Cuerpo de Guardia’ izeneko eraikinean egin zuen, egungo adinekoen bilgunean, etxea ez baitzen jadanik toki segurua, balak etengabe sartzen baitziren. «Zortea» izan zutela nabarmendu zuen Violetek, orduan ez baitzen inor zauritu eta zubia igarotzea lortu baitzuten.

«Alkatearengana joan ginen ama eta biok tabernako giltzak eskatzera. Alkateak, [Jose Angel Fernandez] Casadevantek, esan zigun ‘gorrien’ familiak ez zituela artatzen»

Gure Kayola

Gerra garaian ohikoa zen auzokideen eta Fronte Popularraren arteko kideen elkarbizitza. Juncal Violetek berak Gure Kayola taberna eta jatetxea zuen sorburu; soldaduak eta milizianoak frontetik atera eta Behobiako jatetxe horretara joaten ziren bazkaltzera. Diru faltagatik, truke-txartelen bidez egiten zituzten ordainketak. Gerraostean ere, ez zuten Fronte Popularraren txartelak kobratzeko esperantza galdu. «Batek beti esaten zidan: ‘Juncal, zuk oroitzen duzu Fronte Popularra? Kontxo, noski oroitzen dudala! Ea erregimen hau aldatzen den eta zor dutena ordaintzen diguten!’», kontatu zuen behobiarrak.

Truke-txartelekin ordaindu beharrean, baina, salaketekin ordaindu zuten Violeten familia. Irailaren 14an itzuli zen Juncal Behobiara, ama eta bi anaiekin, aitari ez baitzioten itzultzeko baimenik eman. Eta ezarritako erregimen berriarekin konfiskazioak eta jatetxearen itxiera etorri ziren. «Iritsi berri ginela, Irungo Udaleko kamioia etorri zen. Geratzen zen gutxi hori hartu zuten eta ateak itxi zituzten. Amak esan zien hiru seme-alaba zituela eta bederen egin berri zuen afaria hartzeko baimena eskatu zien. Hurrengo egunean alkatearengana joateko esan zioten eta hara joan ginen biok tabernako giltzak eskatzera. Alkateak, [Jose Angel Fernandez] Casadevantek, esan zigun ‘gorrien’ familiak ez zituela artatzen», azaldu zuen.

Juncal Violet behobiarra. (Fernando LARRUQUERT/LAMIA)
Juncal Violet behobiarra. (Fernando LARRUQUERT/LAMIA)

Juan Violet aitak Landetan geratu behar izan zuen, eraikuntza lanetan. Gerrako errefuxiatua izan arren, erresidentzia baimena lortu zuen, egonaldia jasangarriagoa bihurtuz. «Nire aitaren koinatuak Parisen egiten zuen lan eta aitari dokumentazioa egin zion, ez errefuxiatuarena, baizik Frantzian erresidentzia zuen espainiarra bezala. Horri esker, berak eskubidea zuen langileak hartzeko eta orduan hasi zen dirua lortzen». Urteak pasatu behar izan ziren Juan Violet etxera itzultzeko.

Gorriak eta bi Behobian

Behobian, halaber, konplikatua zen bizitza. Faxistek ezarria zuten beraien ordena berria eta familiaren diru-iturri bakarra, jatetxea, zigilatuta zegoen. Violet Urtasun familiak, garaiko Irungo familia askoren antzera, mespretxuak eta bazterkeria jasan zituen: «Burla ugari jasan nituen udaletxean. Inork ez zigun ezer ematen eta jan egin behar genuen. Baina La Palmera fabrikan lanerako nesken bila ari ziren eta nik, 13 urterekin, hara egin nuen. Gero, beste batek esan zidan pospolo fabrikan ere neskak bilatzen zituztela eta gehiago ordaintzen zutela. Biok joan ginen, Revilla jaunaren aurrera. Izena galdetu zigun eta lagunari ondoko bulegora pasatzeko esan zion, ehorzlearen alaba zela-eta. Gero, niri galdetu zidan izena, eta nik: ‘Maria Juncal Violet Urtasun’. ‘Nola esan duzu? Kanpora! Iraultzaileen familiarik ez dugu nahi!’, esan zidan. Ene, uste nuen eskaileretatik behera botako ninduela, hamahiru urterekin».

«[Pospolo fabrikako arduradunak] izena galdetu zidan, eta nik: ‘Maria Juncal Violet Urtasun’. ‘Nola esan duzu? Kanpora! Iraultzaileen familiarik ez dugu nahi!’, esan zidan.

Aurrera egitea izan zen Violeten bide bakarra, eta ahalik eta bizitza normalena egiten saiatu zen. Etxetik ikusten zituen noizbehinka makien eta Guardia Zibilaren arteko tiro trukeak. Hala, Irun eta Behobia arteko bidaia anaiaren kuadrillarekin egin zezala eskatu zion amak. «Makiek tiro egiten zutenean amak ez zidan uzten Irundik bakarrik bueltatzen. Urdanibia plazan itxoiten ninduten anaiaren kuadrillakoek eta haiekin itzultzen nintzen, makiek Frantziatik egiten baitzuten tiro. Ordubete behar izaten genuen Urdanibia plazatik Behobiara iristeko! Baina badakizu zer egiten genuen? Gazteak ginen, eta nolabait disfrutatu behar genuen. Alamedako iturrian hasten ginen: bat iturrira igotzen zen eta hitzaldi bat ematen zuen. Denok inguruan txaloka hasten ginen. Hori egiten genuen Behobiara bidean zeuden iturri guztietan», azaldu zuen Violetek.

Diktadura egonkortu egin zen Irunen; horren adibide, Falangeak igandero egiten zituen desfileak. «Kolon pasealekuan zehar desfilatzen zuten falangistek igandero», oroitu zuen. Beste aldeak pairamenik gogorrena ezagutu zuen bitartean: fusilamenduak garbi gogoratzen zituen Behobiakoak. «Harrobiek hitz egingo balute...», esan zuen. «Asko» hil zituzten Berako harrobian.

Frankistek eta Irungo burgesia berriak boterea eskuratu zuten, eskoletan derrigorrezkoa zen “Cara al sol” abestea eta Guardia Zibila botere armatuaren jaun eta jabe bilakatu zen. «Batzuek probetxua atera zioten gerrari eta Irungo jabe bilakatu ziren», oroitu zuen Juncal Violetek. Argazki bat gordetzen zuen, Behobiako eskolakoa. Zortzi neska, besoa luzatuta, “Cara al sol” abesten, 1938an.

Hala ere, gordinenean ere topatzen zuen Violetek alaitasunerako unerik, Behobiako San Inazio festetan, esaterako. «Jende asko» joaten zen, bere esanetan. Ezagunak zirelako, batetik, baina batez ere «mundu guztiak Frantzian norbait zuelako», zehaztu zuen Behobiakoak. Errekan ur-jolasak antolatzen ziren, eta hori zen aukera bakarretakoa Hendaian errefuxiatuta zeuden lagunekin elkartzeko. «Bestela, kanporatu egiten zintuzten; euskaraz hitz eginez gero ere kanporatu egiten zintuzten».