NAIZ

Sektore pribatuan hizkuntza eskubideak atzera doazela ikusi du Behatokiak

Hizkuntza eskubideen urraketak jasan zituzten herritarren lekukotasun zuzenak jaso ditu Behatokiak. Horietatik ondorioztatu duenez, euskaraz lan egiteko baliabide eta neurri faltak beste arloetan ere kalteak eragiten ditu. Lege babes handiagoa eta jendartearen erantzukizuna eskatu ditu.

Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka, Behatokiko teknikaria eta zuzendaria, 2022ko txostena aurkezten.
Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka, Behatokiko teknikaria eta zuzendaria, 2022ko txostena aurkezten. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Behatokiak ‘Hizkuntza Eskubideen Egoera 2022’ txostena aurkeztu du Bilbon, iazko urtean Euskal Herrian zehar hizkuntza eskubideetan izan ziren hutsune nagusiak eta arloz arloko egoeraren azterketa jasotzen dituena. «Hizkuntza eskubideen aitortza normalizatzetik urrun» ikusi dute, Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak azaldu duenez. «Urteak aurrera doazen arren, herritarrari euskaraz bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaio eguneroko esparru ugaritan».

Gaubekak nabarmendu du herritar askok Behatokia beraien eskubideen babes eta defentsarako tresna bezala hartzen dutela. Halaber, jendarteak hizkuntza eskubideen aitortza eta egoera ardura indibidual eta kolektibo bezala ikusten duela adierazten dute jasotako datuek.

Hala ere, gogorarazi du «euskararen normalizaziorako pausoak mugatu, oztopatu edo debekatzen badira, hizkuntza eskubideek ez dutela inoiz aitortza egokirik izango». «Hizkuntza eskubideak herritar guztienak diren heinean, horiek bermatzea eta euskararen normalizaziorako pausuak ematea enpresa, elkarte eta erakunde guztien gizarte erantzukizuna dela» aldarrikatu du Behatokiko zuzendariak.

Era berean, «administrazio publikoek normaltasunez euskaraz funtzionatzeko erabateko gaitasuna izan dezaten, baliabide eraginkorrak» behar dituztela aldarrikatu du, baita bestelako sektoreetan ere, hezkuntzan, aisian eta arlo sozioekonomikoan kasu.

976 kexa eta 54 zoriontze

Behatokiak detektatu duenez, maiz euskaraz ikasi eta lan egiteko baliabide eta neurri faltak beste arloetan ere eragin negatiboak ditu herritarren hizkuntza eskubideei dagokienez. Ondorioz, euskararen lurralde osoan hizkuntza eskubideek «lege babes handiagoa» izatea eskatu du Gaubekak.

Garbiñe Petriati teknikariak jakinarazi duenez, 2022an guztira 1.071 intzidentzia jaso zituzten Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. 976 kexa, 54 zoriontze eta 41 kontsulta edo iradokizun bildu zituzten.

Aurreko urtean baino kexa gutxixeago jaso dituzten arren, Petriatik datuen eta errealitatearen arteko arrakalan egin du azpimarra: «Kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez da. Izan ere, jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko zalantza izan dutela, atzerapenen edo bestelako albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe».

Behatokiko teknikariaren hitzetan, sistema osoaren hutsuneen adierazle da hori: «Herritarrak bere hizkuntza eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua oztoporik gabe jaso nahi badu, euskara erabiltzeari uko egin behar izatea eragiten dio sarritan».

Bizkaiko udalek kexa ugari jaso dituzte

Beste urte batzuetan bezala, Nafarroako eta Lakuako gobernuak izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak, baina oraingoan Bizkaiko udalek jasotako kexa kopuruak arreta eman dio Behatokiari. Tokiko erakunde horiek azpikontratatutako zerbitzuei eta zuzeneko zerbitzuei lotutako kexak dira. Horien aurrean jasotako erantzunek erakutsi dute zenbaitetan ez dela hizkuntza irizpideak betetzen diren ala ez zaintzen.

Kulturan, aisian eta kirolean, batik bat herri ekimenetik sortutako Pantailak Euskaraz bezalako mugimenduek herritarren artean euskarazko eskaintza ezaren kontzientzia piztu dute. Kirol arloko komunikazioan, orokorrean, euskara bigarren mailakoa eta askotan ikusezina dela ere salatu dute, eta museo, erakusketa eta jardunaldietan euskara zokoratua dagoela ikusi dute herritarrek.

Merkataritza gune handietan, gero eta zokoratuago

Sektore pribatuan, merkataritza gune handietan gero eta urriagoa da euskararen presentzia eta erabilera, eta atzeman diren atzerapausoek kezka sortu dute Behatokian. Kontuan izan behar da horietako askok lege betebeharrak izan arren ez dituztela betetzen.

Txostenean jasotzen denez, energia hornitzaile, telekomunikazio enpresa, finantza eta aseguru etxe zein garraio enpresek ez dituzte bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzen. Eta ostalaritzan eta bestelako negozio askotan euskararen presentzia eta arreta alboratzen dira, gaztelaniaz, frantsesez eta beste hizkuntzetan eskaintza nabarmena egin arren. Gainera, oso gutxik ematen dituzte euskaraz bezeroentzako informazioa, fakturak eta tiketak.

Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitan, azken hilabeteetan hizkuntza eskubideak murriztu dituzten epaiek zer eragin izango duen aztertu beharko duela ere esan du Behatokiak.

Ezin azterketak euskaraz pasatu

Hezkuntzari erreparatuz gero, Ipar Euskal Herrian baxoa eta brebeta euskaraz pasatzeko aldarrikapenek hartu zuten protagonismoa. Nafarroan D ereduko lerro berriak irekitzeko zailtasunekin jarraitu zen. Haur eskoletako eta lanbide heziketako euskarazko eskaintza faltak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan emandako atzerapausoek ere markatu zuten ikasturtea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, profesionalei zuzendutako saio, bilera, jardunaldi eta abarretan gaztelaniara pasatu izan dira. Graduondoko ikasketak euskaraz egiteko zailtasunak eta unibertsitateetan zein lanbide heziketan euskarak duen bigarren mailako egoera ere nabarmendu dira.

«Ertzaintzak emandako pausoak ez dira aski»

Segurtasunaren eta herrizaingoaren arloan, Ertzaintzan emandako pausoak ez direla ohiko egoerak eta urraketak konpontzeko aski ikusi du Behatokiak. Halaber, Foruzaingoan zuzeneko arreta eta idatzizkoa gaztelania hutsean izaten dela nabarmendu dute herritarrek. Barne Saileko 29 lanpostuk bakarrik eskatzen dute euskararen ezagutza (%1,5 inguru) eta, beraz, euskarazko zerbitzua eskaintzeko gaitasuna bermatzea ia ezinezkoa da.

Herrizaingoan, EAEko udaltzaingoen lan poltsen inguruan hartzen diren erabakiek herrietako zerbitzua baldintzatzen dute.

Osasunean ez da «eskaintza aktiborik» egiten

Osasungintzari dagokionez, erakundeetatik emandako erantzunetan eremu soziolinguistikoaren araberako neurriak hartzen jarraitzen dela detektatu du Behatokiak, pazienteen eskubideak bermatzeari begira neurriak hartu beharrean. Hizkuntza hautatu ahal izateko sistema bat dago, baina eremu batzuetan ez da eskaintza aktiborik egiten, eta Osasunbidearen kasuan, euskara hautatu ahal izatea idatzizko harremanetara mugatzen da.

Bestalde, osasungintzako profesionalek euskaraz lan egin ahal izateko sistema, tresna eta berme falta dagoela eta profesionalen formazioa erdaraz izaten dela salatu dute herritarrek.