J.S.

Elikagai ekologikoak, onuragarriak osasunerako

Zenbait ikerketaren arabera, ez dute pestiziden eta antibiotikoen arrastorik, gaixotasun alergikoen eta obesitatearen arriskua murriztu dezakete eta, konposatu fenolikoen eduki handiagoari esker, zapore eta usain handiagoa dute eta denbora gehiago irauten dute.

Ekoizpen ekologikoko barazkiak, Zamudion egindako azken azokan, 2022ko azaroan.
Ekoizpen ekologikoko barazkiak, Zamudion egindako azken azokan, 2022ko azaroan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Elikagai ekologikoen eskariak gora egiten jarraitzen duenez, ekoizpen ekologikora bideratutako lurrak ere gero eta gehiago dira. EAEko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak apiril honen hasieran plazaratu dituen 2022ko datuen arabera, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekologikoan ziurtatuta dagoen lurren portzentajea %5era iritsi da (9.104 hektarea), azken urtean 1.199 hektarea berri ziurtatu ondoren.

Horrela, 2016 urtetik gaur arte, ziurtatutako nekazaritza lurren azalera ia hirukoiztu egin da. Ekoizpen motaren arabera, Europak eskatutako %25etik oso hurbil daude ortularitza (%19,20) eta frutagintza (%21,05). Hala eta guztiz ere, azken urteotan hazkunderik handiena izan duen sektorea animalien ekoizpena izan da, batez ere haragitarako hegaztien eta behien hazkuntza.

Baina, zein abantaila ditu ekoizpen mota honek? Zalantzarik ez dago ekoizpen ekologikoa onuragarria dela ingurumenarentzat, baita gure osasunarentzat ere. Zergatik? Alde batetik, ekoizpen ekologikoa estentsiboan egiten delako eta, bestetik, ez delako ongarri eta pestizida sintetikorik erabiltzen, ezta pentsu transgenikorik ere. Modu horretan ekoitzitako elikagaiek ez dute eragin kaltegarririk ez ingurumenean, ez animaliengan, ezta gizakiengan ere.

Modu konbentzionalean sortutako elikagaien arazo nagusia pestiziden eta antibiotikoen arrastoak uzten dituztela da, gizakiengan eragin kaltegarria sortuz.

Beste ikerketa batzuek gaineratu dutenez, elikagai ekologikoen kontsumoak gaixotasun alergikoen, gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arriskua murriztu dezake. Hala ere, ebidentzia hori oraindik ez da erabatekoa, agian beste faktore batzuen eragina izan baitezakete, hala nola elikagai organikoen kontsumitzaileek oro har bizimodu osasungarriagoak izatea.

Bitamina edukia

Nutrizio konposizioari dagokionez ere, produkzio ekologikoko elikagaien eta elikagai konbentzionalen arteko aldeak mugatuak izan daitezke. Zenbait ikerketak bitamina edukiaren arteko aldea aztertu dute, adibidez C bitaminan, eta datu horiek guztiak berrikustean ez da desberdintasun esanguratsurik ikusten.

Hori bai, fruitu eta barazki ekologikoetan konposatu fenolikoen eduki handiagoa ikusten da eta, ondorioz, zapore eta usain handiagoa izan dezakete, eta denbora gehiago irauten dute. Fenolak ez dira funtsezko nutrientetzat hartzen, baina zerikusi garrantzitsua dute gaixotasun kardiobaskularren, neurodegeneratiboen eta minbiziaren prebentzioan.

Ekologikoan ekoitzitako esnekiek eta haragiek, azkenik, Omega-3 motako koipe osasungarrien eduki handiagoa izan dezakete, produktu konbentzionalekin alderatuta. Hala ere, alde horiek txikiak dira, eta ez dute giza osasunean hainbesteko eraginik, animalia jatorriko ohiko produktuetan antibiotikoek izan dezaketen bezala.