NAIZ

Sinadura bilketa abiarazi dute ‘Arabako Mahastiak’ sor-marka babesteko

EAEko Auzitegi Nagusiaren azken epaiaren ostean, ‘Arabako Mahastiak’ sor-marka babesteko manifestuaren aldeko sinadurak biltzen ari dira upeltegiak Change plataforman, eta elkarte eta sindikatuen babesa eskatu dute.

Mahastiak, Arabako Errioxan.
Mahastiak, Arabako Errioxan. (Endika PORTILLO | FOKU)

‘Arabako Mahastiak’ jatorri-deitura defendatzen duen manifestuaren aldeko sinadura bilketa jarri dute abian Change.es plataforman, EAEko Auzitegi Nagusiak ardoak merkaturatzeko baimena bertan behera uzten duen azken epaiaren ostean.

Sinaduren bidez herritarren babesa biltzeaz gain, hainbat elkarte, sindikatu eta jatorrizko deiturei helarazi zaie dokumentua atxikimendua eskatuz, azaldu dio NAIZi Itxaso Compañon ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko presidenteak.

Adierazpenak nabarmentzen du «Arabako Mahastien izen-deitura babestua funtsezko tresna» dela «gure ardoen kalitatea eta benekotasuna zaintzeko, eta gure mahastizainek baldintza justu eta jasangarrietan lan egiten jarrai dezaten bermatzeko». Era berean, «eskualdeko ondare kultural eta ekonomikoaren funtsezko zati bat dela» gogoratzen dute.

Berme-marka kontsumitzaileentzat

Kontsumitzaileentzat suposatzen duen berme-marka azpimarratzen du manifestuak: «jakin baitakite kalitatezko produktu bat erosten ari direla, gure lurretan landatutako mahatsekin egina, teknika tradizionalei jarraituz eta ingurumena errespetatuz».

Ardogintzak eskualdean duen mendeetako ibilbidea eta gorde dituen erro luzeak gogorarazten du: «duela mende batzuetatik hona, mahastizaintzaren eta ardogintzaren tradizioa presente egon» dela oroituz, eta nekazarien belaunaldiek jarduerari dedikatutako «mimoa eta dedikazioa» azpimarratuz.

‘Arabako Mahastiak’ zigiluaren defendatzea eskatzen du manifestuak, baita «mahastiak babestea eta sustatzea, gure eskualdearentzat etorkizun iraunkorra eta oparoa bermatzeko.