NAIZ

Ertzaintzak erregistratutako gorroto delituek gora egin dute eta eraso arrazistak dira gehienak

2022an gora egin zuten Ertzaintzak erregistratutako gorroto delituek eta pertsona arrazializatuak dira eraso gehien pairatu dituztenak, bereziki arabiar jatorrikoak. 438 izan ziren EAEn erregistratutako gorroto gertakariak.

Bilbon arrazakeriaren aurka martxoan egindako mobilizazioa.
Bilbon arrazakeriaren aurka martxoan egindako mobilizazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2022ko Txostena’ aurkeztu du Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak. EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendaria, Jon Mirena Landa, arduratu da txostena zuzentzeaz eta Ertzaintzak 2022an erregistratutako 438 gorroto «gertakari» aztertu dituzte. Haietako 3 gorroto izaerako arau-hauste administratiboak dira eta gainerako guztiak, gorroto delituak.

Eraso bat gorroto gertakaritzat jotzen da biktima arrazializatua izateagatik, genero identitateagatik edo sexu-orientazioagatik jazartzen dutenean, besteak beste. Horrela, joan den urtean Ertzaintzak erregistratutako gorroto delitu gehien-gehienak arrazakeriak eta xenofobiak bultzatutakoak izan ziren (231 kasu, erasoen %52, 2021ean baino %42,6 gehiago). Eraso horietako 68 arabiar jatorriko pertsonek pairatu zituzten.

Jarraian, sexu-orientazio eta -identitateagatik egindako erasoak daude (96 kasu, guztizkoaren %21,6, 2021ean baino %31,5 gehiago). Izan dira ideologia politikoarengatik, aniztasun funtzionala izateagatik, adinagatik edo aporofobiagatik egindako erasoak ere.

Gehien errepikatu zen delitu mota lesioak izan ziren, kasuen %41,3a, hain zuzen ere. Mehatxuak %20,69 izan ziren eta derrigortze-delituak %11,5. Delitu gehienak kalean jazo ziren, guztizkoaren %43,5, alegia. Txostenean aztertu dituzten 435 delituetatik 9tan diskriminazio anizkoitzak erregistratu ziren; hori dela eta, kolektibo babestuen aurkako delituak guztira 444 izan ziren, kopuru hori 2022an erregistratutako gorroto-delituen kopurua baino handiagoa delarik.

2016an egin zuen Lakuak lehenengoz txostena eta urte horretakoarekin alderatuta, delituen kopurua esponentzialki igo da, batez ere 2021etik 2022ra bitartean. Igoera hori, alde batetik, gorroto-delituak ugaritu izanari egotz dakioke, baina baita gizartearen kontzientziazio handiagoari eta tolerantzia txikiagoari ere, Erkorekak azaldu duenez.