Maite Ubiria

LGTB+ gazteek pairatzen duten jazarpenari buruzko inkesta abian eman du Les Bascos-ek

Jarrera homofoboak identifikatzea helburu duen inkestaren edizio berria aurkeztu du Les Bascos elkarteak. 11 eta 25 urte arteko LGTB+ gazteek pairatzen duten egoeraren arreta jartzea izanik, lehen aldiz galdetegiari online erantzuteko aukera izango dute.

Gazteen parte-hartzea nabarmen hazi da Biarritzen urtero antolatzen duten harrotasun martxan.
Gazteen parte-hartzea nabarmen hazi da Biarritzen urtero antolatzen duten harrotasun martxan. (Bob EDME)

2019an homofobiari buruzko lehen inkesta egin zuenez geroztik, urtero berritu du Les Bascos elkarteak gazteen egoeraren gainean arreta jartzea helburu duen ekimena.

Aurreneko edizio horretan, Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko 247 herritarren erantzunak jaso zituen homofobiaren aurka borrokatzen duen elkarteak.

Horietatik %45 inguruk adierazi zuen diskriminazio homofoboren baten lekuko izan zela eta %31 berriz, diskriminazio horren biktima izan zela aitortu zuen.

Eraso horietatik gehienak ahozkoak izan arren, %8,4 eraso fisiko izatera heldu zen.

Aipagarria da jazarpen horien laurdena eskolaren eremuan jazo zela eta %13 aisialdi edo kirol espazioetan.

11 eta 25 urte arteko gazteei zuzenduta

2022ko inkestak «jokabide eta ekintza LGTB+ fobikoak gehien pairatzen dituztenak 25 urtetik beherako gazteak direla» erakutsi zuen.

Horrendako, Les Bascos elkarteak Biarnoko Arcolan eta Landetako Nos Couleurs taldeekin elkarlanean aurten egingo duen inkestari, lehen aldiz, online ahal izango diote erantzun 11 eta 25 urte arteko gazteek.

Hau da inkesta betetzeko helbidea: https://forms.office.com/r/sETfPC8u0e

Adin tarte horretako gazteek genero identitate eta orientazio sexualari loturik dagoen diskriminazio eta jazarpen ekintzei arreta eginez, hiru eremu nagusi zehaztu dituzte.

Hala, eskola jazarpena, ziberjazarpena eta familia giroan ematen diren diskriminazioak nahi dituzte itzaletik argitara eman gazteei galderak pausatuz.

Ekintza horiek pairatzen dituzten gazteengana zein horien lekuko diren lagunengan eragiteko nahikeria dutela azaldu dute Les Bascoseko kideek.

Inkestaren emaitzak maiatzaren 17tik aurrera plazaratuko dituzte, LGTB+ fobien kontrako egunaren kari.

«Parte hartuz, gure lurraldean diskriminazioen kontrako eta, zehazkiago, LGTB+fobien aurkako borrokaren eragile bilakatzen zarete», gaineratu du elkarteak.