NAIZ

AHTak tren publiko eta sozial batek baino 2.000 milioi euro gehiago balioko dituela salatu dute

Otsailean Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako tren publiko eta sozial baten aldeko ikerlana astearte honetan defendatu dute Gasteizen. Plataforma sustatzaileek diotenez, alternatiba Abiadura Handiko Trena baino 2.000 milioi euro merkeagoa da.

Gasteizko Parlamentuan aurkeztu dute tren sozialaren aldeko proiektua.
Gasteizko Parlamentuan aurkeztu dute tren sozialaren aldeko proiektua. (Arabako Tren Sozialaren Aldeko Plataforma)

Tren sozialaren aldeko Arabako plataformek abiadura handiaren aurrean tren publiko eta sozial baten aldeko alternatiba aurkeztu eta defendatu dute astearte honetan Gasteizko Legebiltzarrean. Tren sozialaren kostua AHTrena baino 2.000 milioi euro merkeagoa dela argudiatu dute.

Nafarroa Trenaren Alde plataformak joan den otsailean aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan ‘Burgos, Araba eta Nafarroako tren publiko eta sozial baterako ibilbidearen azterketa eta proposamena’ izenako azterlana.

Azterlanaren arabera, trenaren egungo ibilbidearen %90a erabiliz eta trenbidea modernizatuz, orduko 220 kilometroko abiadura lor daiteke, baita orduko 250 kilometroko abiadura ere, AHTren ibilbide berriaren aurrean.

Gainera, salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabili daiteke eta abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, plataformek azaldu dutenez.

Plataformen arabera, salgaien trafikoaren aukera handituko litzateke, egungo obraren kostua %45 murriztuko litzateke, exekuzio denbora 4 edo 5 urte ingurukoa izango litzateke, eta operazio eta mantentze gastuak «askoz ere txikiagoak» izango lirateke lehendik dagoenaren paraleloan planteatzen den tren mota baterako plataforma esklusibo batenak baino.

Tren sozialarekin Burgos Gasteizekin eta Gasteiz Iruñearekin lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia denborak 10 eta 8 minutu baino ez dira luzatuko, hurrenez hurren, baina trukean, ibilbide osoko geltoki eta geraleku guztiak hobetu eta berreskuratuko dira.

«Borondate politikoa»

Horrela, «alternatibaren aldeko jarrera» har dezatela eskatu diete talde politiko guztiei: «Konponbide tekniko bat izanik borondate politikoa baino ez da behar gure herriei kalitatezko tren zerbitzua emateko eta lurraldea egituratzeko, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izango duena».

AHTaren lanak gelditzea ere exijitu dute Astorga eta Bordele arteko Jundizeko galtzada erromatarra eta Neolitoko herria estaliko dituztela azpimarratuz.