Saski Baskoniak azkenaldian izan dituen sentsazio onak berreskuratzen saiatuko da asteazken honetan Obradoiro taldearen aurka jokatuko duen neurketan (19.00). Azken bi partidetan galdu izanak eragin du, batetik, berriro ere ACB Ligan berdinduta egotea Bartzelonarekin lehen postuko lehia horretan, eta bestetik, Euroligatik kanporatua izan dela, Zalgiris Kaunak bere partida irabazi ostean.
Gasteizko taldeak etxean jokatuko du, eta jokalariek hori izan beharko dute akuilu: Buesa Arenan soilik partida bat galdu baitute denboraldi honetan. Gainera, zaleen hauspoa jasoko dute, kontuan hartuta, Olympiacos eta Lenovo Teneriferen aurka galdu egin dutela, eta animoen beharrean egongo direla. Euroligatik kanporatua izan ondotik, ligan jarriko dute arreta osoa Joan Peñarroyaren jokalariek, ACB Ligako txapeldunak izateko borrokan.
Ez da neurketa erraza izango, denboraldi honetan euskal taldea garaitu duen talde bakanetakoa izango duelako aurrean. Lehen itzuliko partidan, Galiziako taldeak 91-86 gailendu zitzaion Baskoniari. Moncho Fernandez Obradoiro taldeko prestatzaileak badaki zer den gorengo postuetan dagoen talde bati irabaztea, Bartzelonari ere irabazi baitzion. Haien jokoa Scrubb anaiek eta Kassius Robertsonek gidatzen dute, neurri handi batean. Azken horrek, ia 16 puntu lortzen ditu partidako.
Galizian jakitun dira zaila izango dela Europako kanporaketak jokatzeko postuetarako sailkatzea, baina horrekin egiten dute amets hurrengo denboraldirako. Sari ezin hobea litzateke talde-jokoa oinarri hartuta nabarmentzen den taldearentzat.
Sedekerskis eta Kurucs, zalantzan
Tadas Sedekerskis eta Arturs Kurucs Baskoniako jokalariak asteazken honetan jokatuko ote duten ez dago argi. Lehena, bi hilabete baino gehiago darama jokatu gabe, eta bigarrena, ez zen aritu azken neurketan orkatila ez zuelako guztiz ondo. Gainera, Joan Peñarroyak erabaki beharko du zein jokalari uzten duen deialditik kanpo. Pasa den neurketan Steven Enoch utzi zuen kanpoan, eta bere postua Daulton Hommesik hartu zuen.