Final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian garaipen landuak eskuratu ostean, finalerdietarako ateak erabat irekiko zaizkio ostiral honetan Gasteizen jokatuko den Ezkurdia / Dario partidako irabazleari. Kirol ikuspegitik, garrantzi handiko partida bat jokatuko da berriz ere Ogetan, baina are garrantzitsuagoa izan daiteke etorkizunari begira lehia handi horren bueltan antolatu den Pilota Egunerako enpresek, Udalak eta Arabako Pilota Federakutzak jarri duten helburua; gasteiztar eta arabarren artean, bereziki txikienen artean, kirol honekiko zaletasuna zabaltzea.
Horretarako, aipatutako partida izango da ardatza, baina horren aurretik egitarau zabalagoa prestatu dute. Esaterako, azken urteetako lehortea amaituta, bi dira gaur egun enpresa profesionaletan ari diren pilotari arabarrak, Larrazabal eta Eskuza eta aiaraldeako bi gazteak elkarren aurka ariko dira lehen aldiz. Aitor Elordik lagunduko du Aspeko atzelaria eta Arangurenekin arituko da Amurrioko aurrelaria.
Baina ETB-k zuzenean emango duen jaialdiaren aurretik, herrialdeko klubetako pilotari gazteenek izango dute non gozatu, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, zenbait pilotari profesionalekin pilotan aritzeko eta argazkiak ateratzeko bi ordu izango baitituzte. Jaialdian ariko diren pilotariez gain, Jokin Altuna eta Unai Laso, egungo bi izarrik handienak ere Gasteizen izango dira txikienen gozagarri.
Zozketak eta sarrerak debalde 14 urtez beherakoentzat
Era berean, pilotarien kamiseta, eskumuturreko, praka eta piloten zozketetan ere parte hartzeko modua izango dute eta behin amaituta, 14 urtez beherako ume guztiek jaialdirako sarrera debalde izango dute. Gazte hauekin joango diren monitore eta gurasoek ere %30eko beherapena izango dute sarreren prezioetan, zeinak 24.5 eta 14 euro artean izango diren, beherapena barne.
Ezkurdia eta Dariok partida honetarako egindako material aukeraketaren baitan egin dute egun honen aurkezpena. Bi pilotariak gustura agertu dira saskian topatutakoarekin eta ilusio biziz daude txapelketan aurre egiteko partida erabakigarri honi begira.