NAIZ
Iruñea

Goizueta eta Hernani artean «poligono eoliko» handi bat jartzeko asmoaz ohartarazi du Sustraik

Madrildik ari da enpresa pribatu bat Goizueta, Arano eta Hernani arteko triangeluan kokatuko litzatekeen «tamaina handiko poligono eolikoa» tramitatu nahian, Sustrai Erakuntza fundazioak jakinarazi duenez.

Haize-sorgailuak Nafarroan, artxiboko irudi batean.
Haize-sorgailuak Nafarroan, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ohar baten bitartez, Goizueta, Arano eta Hernani arteko triangeluan «tamaina handiko poligono eoliko bat» jartzeko asmoaz ohartarazi du Sustrai Erakuntza fundazioak. «Bai proiektuaren dimentsioengatik, bai autonomia-erkidego desberdinei eragiten dielako, Madrildik egiten ari dira tramitazioak», azaldu du aipatu taldeak. Enpresa pribatu bat dago egitasmoaren atzean.

Gogoratu dutenez, hiru aste baino ez dira pasa Bortzirietan eta Malerrekan «poligono eoliko berriak jartzeko enpresa baten mugimenduak» ezagutzera eman zituztenetik.

Fundazioaren esanetan, «hedapen berriztagarri horrek ez du zerikusirik gizarte-premiei erantzuteko beharrezkoa den plangintza demokratikoarekin: zenbat energia behar dugun, zer motatakoa, non, nork hornitu eta kudeatu behar duen».

Aldi berean, asmo hauek «energia fosilaren kontsumoa aurrezteko eta murrizteko neurriekin batera» etorri behar luketela gaineratu dute: «nola antolatu eguneroko joan-etorriak, nola arindu eta ordezkatu nekazaritzako eta abeltzaintzako industria-eredua, nola sustatu lurralde-oreka handiagoa, nola birplanteatu industria-eredua, nola hartu enplegua eta erreprodukzio-lanak banatzeko neurri erradikalak, eta hori guztia biodibertsitatearen eta gure ekosistemen zaintza eta babesa integratuz».

Nafarroari begira, Sustrairen arabera, orain arte egindakoaren balantzeak «kezkatu eta alarmatu beharko gintuzke», proiektuen «hedapen desordenatuaren ondorioz, laborantzako eta biodibertsitateko milaka hektarea galtzen» ari direlako.

Gainera, joera horrek «talka egiten du Nafarroako kontsumo elektrikoaren urtez urteko beherakadarekin, energia fosilen kontsumoari eusten zaion bitartean eta CO2 emisioak handitzen diren bitartean».

Fundazioaren ustez, datuok nahikoa lirateke «esku-frenoa botatzeko», baina nafar Gobernuaren «miopia energetiko eta klimatikoak, isiltasun eta eztabaida politikoaren ezak lagunduta, multinazional energetikoak» elikatzen dituela gaitzetsi dute, «gehiengo sozialaren interesen eta lurraldearen sostenigarritasunaren aurka».

Hala, «krisi globalaren aurrean alferrikakoak diren erabaki politiko eta ekonomikoei» aurre egiteko «lanean jarraitzea eta mobilizatzen jarraitzea» besterik geratzen ez dela nabarmendu du Sustraik.