NAIZ

Macron txistuka hartu dute erretreten erreforma onartu ostean herritarrengana hurbiltzeko biran

Emmanuel Macron presidente frantsesa Alsazian egon da asteazken honetan erretreten erreforma onartu ondoren herritarrekin «birkonektatzeko» egin duen lehen bidaian. Ostegunean Okzitaniara joateko asmoa dauka.

Macron erreformaren aurka dagoen Chloe Bourguignon sindikatuen batasunaren idazkari nagusiarekin eztabaidan, Selestaten.
Macron erreformaren aurka dagoen Chloe Bourguignon sindikatuen batasunaren idazkari nagusiarekin eztabaidan, Selestaten. (Ludovic MARIN | AFP)

Erretreten erreforma onartu ondoren jendearekin «birkonektatu» nahian Alsazian hasi du asteazken honetan Emmanuel Macronek Estatu frantsesean zehar egingo duen bira. Han, txistuka eta dimititzeko eskakizunekin hartu dute presidentea.

Berrindustrializazioa, hezkuntza eta osasuna dira Macronek bere Gobernuarekin abiatu nahi dituen erreformen helburu nagusietako batzuk, erretreten erreformaren aldeko protesta etengabeen ostean urak baretzeko «itun sozial» berri baten barruan, astelehen gauean telebistan emandako hitzaldian esan zuenez.

Eguneko lehen geldialdia Muttersholtz herrian izan da, zurezko eraikuntza enpresa batera egindako bisita batean. Bertako hedabideen arabera, Jendarmeriako unitate batek manifestariak lekualdatu behar izan ditu, elkarretaratzea ez zegoelako baimendua, indarra erabiltzearekin mehatxatuz.

«Ikusi nahi genuen, baina entzun nahi ez zigunez, zarata egin dugu», adierazi du manifestarietako batek telebista kate batean.

Are okerragoa izan da arratsaldean Alsaziako Selestat herrian egin dioten harrera. Bertan, dozenaka lagunek hartu dute plaza nagusian, «Macron dimisioa» oihukatuz eta pentsioen erreformari buruz errieta eginez. «Harrera okerragoak izan ditut», gutxietsi du estatuburuak.

Bisita hauekin jarraituz, Okzitaniara doa ostegunean, Heraultera, hezkuntza gaiak ardatz hartuta.

Onarpen «zilegia»

Zenbait kazetariren galderei erantzunez, Macronek ziurtatu du pentsioen erreforma onartzeko modua (dekretu bidez, Asanblea Nazionalaren zuzeneko botorik gabe) «zilegia» izan zela eta ez duela demokraziaren aurka egiten, eta protesten «hutsalkerian» tematu da. «Ez dira lapikoak aurrera eramango gaituztenak», esan du.

Oliver Veranek, Gobernuko bozeramaileak, presidenteari egindako protestei buruz esan du «ezinbestekoa» dela Gobernuko kideak herrialdean zehar mugitzea eta herritarrekin hitz egitea «egin diren eta iritsiko diren erreformei buruz».