Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Ane Campos
Eibarko jokalaria

«Talde bat izateak behar dugun indarra emango digu»

2020an, pandemiak bertan behera utzi zuen denboraldian, lortutako igoera errepikatu nahi du Eibarrek. Baina «oraingoa zelaian» ospatu nahi du Ane Camposek (Getaria, 1999). Asko borrokatu beharko dute armaginek, aurkari ugari eta estuak baitauzkate.

Ane Campos.
Ane Campos. (S.D.EIBAR)

Laugarren denboraldia du Eibarren eta «gehien disfrutatzen ari naizena da». Arrazoia bere lana eta jokoa da, baina «batez ere, taldeak eta staffak ematen didaten konfiantzak indar handia ematen dit». Saria maiatzaren 14an eskuratzea espero du, elastiko gorri-urdinaren bigarren igoera ospatuz, «hau, zelaian, gustatzen zaigun moduan». Lau aste besterik ez dira falta horretarako, baina lan itzela egin beharko dute armaginek, zazpi talde baitaude bost puntutako tartean.

Eta horietako bat, Cacereño, hartuko duzue igandean. Final bat dela esan daiteke?

Bai, Aste Santutik bueltan denak dira finalak, eta are gehiago amaiera gerturatzen doan heinean. Ez bakarrik guretzat, ez eta kasu honetan aurkari zuzena delako, baizik eta talde guztientzat, denok dugulako zer edo zer jokoan, goian edo behean. Eta ondo nabaritzen da zelaian, partida guztiak baitira oso lehiatuak eta zailak.

Kanpotik ikusita, lehia benetan polita dago. Barruan zaudetenentzat, polita baino mentalki oso exijentea izango delakoan nago.

Askotan esaten diet etxekoei, kanpotik dena ikusten dela oso polita, baina gero barrutik bizi behar da. Oso zaila da, baina konturatzen gara ere nahi genuena egiten ari garela, talde askok nahiko luketela gu gauden lekuan egotea eta exijentzia hori eta presio hori nabaritzea. Guk nabaritzen dugu, baina burua ondo prestatuta dugula uste dut.

Espero zenuten hainbeste talde ikustea hor goian lau jardunaldiren faltan? Batzuk ez zeuden faboritoen artean.

Ez, baina hor badaude. Gauzak ondo egin dituztelako da. Ez nuen espero, egia esateko, baina argi dago Liga ez dela erabakiko azken unera arte. Egia da ametsetan ikusten ditugun igoerak horrelakoak izaten direla, azken partidan, azken uneko gol batekin, zelaira salto eginez... Baina nahiago nuke pare bat aste lehenago ziurtatzea, gutxiago sufritzeko!

Kalkulagailua asko erabiltzen duzue?

Ez. Guk gurean zentratu behar dugu. Izan ere, emaitzak jardunaldia bukatu arte ez ditugu begiratzen, gu zelairatzean gainerakoek egin dutenak inolako eraginik ez izateko.

Azken partida hauetan zein bertute indartu behar du eta zein akats zuzendu behar du Eibarrek, maiatzaren 14an xanpaina atera ahal izateko.

Sartu dizkiguten gol asko gure akatsengatik etorri direla uste dut, eta hori zaindu behar dugu. Argi izan behar dugu hau dela gure unea, ezin dugula ezer atera gabe utzi eta gero damutu. Eta konfiantza handiena ematen didana da ekipo bat garela, denok batera lan egiten dugula, eta borroka. Denok garela garrantzitsuak. Talde bat izateak azken txanpa honetan behar dugun indarra emango digu.