Manex Altuna

Unai Gomez, Bilbao Athleticen denboraldi kaxkarrean burua altxa duen erdilari ezkertia

Iker Muniainek giharretako lesio bat daukala jakinarazi dute klubaren zerbitzu medikuek eta Valverdek 19 urteko jokalari bizkaitarra igo du entrenatzera. Zelai erdian jokatzera ohitua dagoen arren, ezkertia da eta lateral bezala ere aritu izan da.

Unai Gomezek ezker hegaletik jokatu zuen Numantziaren aurkako azken partida.
Unai Gomezek ezker hegaletik jokatu zuen Numantziaren aurkako azken partida. (@AthleticClub)

Larunbatean Almerian jokatu behar duen partida prestatzen jarraitzen du Athleticek. Dani Garcia zigorturik dago eta bere hutsunea betetzeko aukera ezberdinak ditu Ernesto Valverdek. Oihan Sancet atzerago zelairatu dezake eta Iker Muniain hamaikakoan sartu. Oier Zarragak, Ander Herrerak edo Unai Vencedorrek ere jokatu dezakete.

Kapitainak ostera, ezin izan du aste hontan egindako entrenamenduetan taldekideekin batera aritu. Klubeko zerbitzu medikuek azaldu dutenez, giharretako lesio bat dauka ezkerreko soleoan. Ikusi beharko da ostegunean eta ostiralean egin behar dituzten lan saioetan parte hartzerik daukan.

Iker Muniainek giharretako lesio bat daukala ezagutarazi du klubak. (@AthleticClub)
Iker Muniainek giharretako lesio bat daukala ezagutarazi du klubak. (@AthleticClub)

Valvedek Unai Gomez erdilaria deitu du asteazken honetan lehen taldearekin entrenatzera. Orain dela aste pare bat ere Bilbao Athleticeko beste hainbat jokalarirekin batera igo zen. Bermeoko erdilariak 19 urte ditu eta ezkertia da. Azken denboraldian, defentsaren hegal batean ere jokatu izan du. Numantziaren kontrako azken porrotean esaterako, postu horretan jokatu zuen.

Jokalari indartsua da fisikoki eta lehiakorra. Erasoko jokaldietara iristeko erraztasuna dauka. Bi gol egin ditu denboraldi honetan bigarren taldearekin. Logroñesen kontrako garaipenean (3-0), hain zuzen ere. Basconiarekin bost gol egin zituen joan den denboraldian eta gazte mailan hiru lortu zituen. 2021ean Peña Juvenilek saria eman zion Luis Bilbaorekin batera.

Unai Gomez, Adu Ares eta Izetarekin batera lehen taldearekin entrenatzen. (@AthleticClub)
Unai Gomez, Adu Ares eta Izetarekin batera lehen taldearekin entrenatzen. (@AthleticClub)

Bilbao Athleticek oso denboraldi eskasa burutu du eta maila galdu dezake hurrengo jardunaldian. Real Unionen aurka galtzen badu eta, aurkari zuzenek irabazten badute, matematikoki jaitsiko da. Hori gertatuko balitz, Gurpegiren Basconiak ezin izango du igoera fasea jokatu sailkatzea lortu arren. Hala ere, egoera aztertzen ari dira EAEko federazioko arduradunak. Ezin baita baztertu diru faltaren eraginez datorren denboraldian talde ezberdinek maila mantentzeko arazoak izatea.

Unai Gomezek erakutsitako hobekuntza izan da denboraldiko albiste pozgarri bakarrenetariko bat. Azken partidetan Basconiako hainbat jokalari ere aritu dira bigarren taldearekin. Ibon Sanchez, Erlantz Palacin, Varela edo Junior Bita erdilaria. Aurre-denboraldian lehen taldearekin izandako Luis Bilbaok, Gerenabarrerak edo Alex Padilla atezainak ezin izan dute bere mailarik onena erakutsi. Ezta Hugo Rincon eskuineko lateralak.

Malcom Adu Ares izan da lehen taldearekin debuta egin duen jokalari bakarra. Hegalekoak Mallorcaren kontra jokatu zuen lehen jardunaldian eta Osasunaren aurka Kopan. Aitor Paredesek ere lehen partidak jokatu ditu Lehen Mailan, baina joan den denboralditik lehen taldearekin ari zen lanean.

Unai Gomezek bi gol egin ditu Bilbao Athleticekin denboraldi honetan. (@AthleticClub)
Unai Gomezek bi gol egin ditu Bilbao Athleticekin denboraldi honetan. (@AthleticClub)