Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

«Disfrutatzea» oinarri hartuta bilatuko du Bera Berak garaipenaren bidea

Ostegun honetan 11.30ean abiatu da Bera Bera Malagarantz. Arratsaldean Martin Carpena kiroldegian egingo du lan saioa eta ostiralean, Elxen aurka arituko da final-laurdenetan. Bidebieta kanpoan sumatu da aste berezia izaten ari dela, irribarretsu daude guztiak, «ilusioz» eta «disfrutatzeko gogoz».

Bera Berako lehen taldeko eta kadete mailako jokalariak, Malagara abiatzeko prest.
Bera Berako lehen taldeko eta kadete mailako jokalariak, Malagara abiatzeko prest. (NAIZ)

Kopak sortzen duen esentzia berezia nabaria izan da Bidebieta kanpoaldean. Irribarretsu agertu dira protagonista guztiak, izan Bera Berako lehen taldekoak edo kadete mailakoak –hauek ere jokatzen baitute–. Harrobia eta erreferenteak gurutzatu dira, esperientzia berri bat abiatzeko prest. «Ilusioa», «lasaitasuna» eta «disfrutatzea» izan dira gehien errepikatu diren hitzak, presioa askatu asmoz. 

«Irudipena daukat aurreko edizioetan taldeak ez duela disfrutatu eta horrek oinarria izan behar du; disfrutatzera joan behar dute, jakinda talderik indartsuenetako bat direla baina presiorik gabe». Eskubaloi arloko arduradun Tati Garmendiaren sentipena da, kanpotik ikusten duena baina barruan zer sentitzen den ondo dakiena.

Maitane Etxeberria ere zintzotasunez mintzatu zaio NAIZi eta «taldea lasaiago» dagoenaren sentsazioa dauka: «Aurreko urteetan bai sentitu izan dut presio moduko bat, uste dut kanpotik datorrena dela, eta aurten horrek eragin ez diezagun saiatzen ari gara». «Dena ematera aterako gara, baina lasaitasunarekin», dio tinko gipuzkoarrak.

Maitane Etxeberria, Besançon taldearen aurka, EHF European League txapelketan. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Atzo irakurri nuen Estherren [Arrojeria] elkarrizketa bat eta egia da ez daukagula irabazteko derrigortasun hori. Egia da beti goian dagoen talde bat garela eta tituluak irabazteko borrokatzen dugula, baina presio hori alde batera utzi behar dugu, Kopan edozer gauza gertatu daiteke. Gure onena emango dugu eta argi daukagu gure helburua Kopa irabaztea dela, baina ez daukagu derrigortasun hori», June Loidik horrela deskribatu du taldearen helburua. 

Ilusioa agerikoa da, aurpegietara begiratu besterik ez dago. Astea berezia izaten ari dela ere onartu du elgoibartarrak baina, era berean, partida eguna iristeko desira daukatela: «Azken finean, liga erregularra irabazi genuenetik Kopa daukagu begien artean, azken partidak prestaketa moduan erabili ditugu, poliki poliki sentsazioak hobetzen joateko eta gure lanean enfokatzeko. Antzematen zen Kopa astea dela, jendea ilusionatuta dago, beste jite bat antzematen da eta espero dugu hori islatzea».

Mariane Fernandes, Porriñoren aurka. (Jon URBE/FOKU)

«Pistan zoriontsu izatea» nahi du Mariane Fernandes brasildarrak;  Rio de Janeirokoa pistan irribarretsu baldin badago, gauzak ondo doazenaren seinale da. «Pozik» dago, gauzak ondo egiteko prest eta «lasaitasunarekin». Ez larregizko konfiantzarekin, «liga erregularra irabazteak oraindik ez duelako ezer esan nahi», baina bai ondo egin dezaketenaren sinesmenarekin.

Iganderaino egon nahi dute

«Kopa da, urte guztia itxaroten ari garen txapelketa eta irabazi egin nahi dugu, baina presiorik gabe goaz». Noski, irabaztearen nahia ere hor dagoela. Eta gainera, Etxeberria, Loidi, Garmendia eta Fernandesek nabarmendu dute taldea «oso momentu onean» iristen dela hitzordu garrantzitsu honetara.

«Talde guztiak oso ondo indartu dira denboraldi honetan –Rocasa, Malaga, Elx bera...– eta liga erregularra hiru jardunaldiren faltan irabaztea oso gutxik espero zuten sasoi hasieran. Honek balio behar dio taldeari sinetsi dezan lortzeko gai dela baina presiorik gabe, disfrutatuz», azaldu du Garmendiak.

«Taldea borrokatzeko eta irabazteko prest dagoela ikusten dut. Gero, gertatuko da gertatu behar dena, agian ostiralean kanporatuak izango garela. Kontuan hartu behar da zortzi taldeetatik bostek –Bera Bera, Rocasa, Malaga, Elx eta La Calzada– jada badakitela zer den Kopa irabaztea, gero eta estuagoa dela txapelketa eta Bera Bera izan daitekeela faborito bat, baina ez bakarra; lehen agian, bakarra zen baina orain, ez». Esperientziatik azaleratutako adierazpenak dira Garmendiaren hauek, patxadaz egindakoak.

«Denboraldi hasieratik goraka joan gara partidaz partida eta Kopak momentu on batean harrapatzen gaitu», onartu du Loidik eta bide beretik mintzatu da Etxeberria ere, «taldea konfiantzarekin» dagoela nabarmenduta. Bi gipuzkoarrak ere maila ezinhobean daude, «konfiantzarekin». Elgoibartarrak ez du sekula Kopa irabazi eta horrek ere sortzen dio ilusio gehigarri bat, «gainera Malagan da, han irabazi genuen azken Superkopa, eta gogotsu noa, taldeari ahal den neurrian laguntzeko».

June Loidi, Elxen aurka. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Lezokoak azaldu du aurreko urteetan «urduritasun» puntu batekin aurre egiten ziela partida estuei, markagailuan parekotasunarekin iristen ziren azken txanpa horiek, «eta aurten hori lantzen saiatuko gara». Kopan ezinbestekoa izango baita tentsio handiko une horiek soseguz lantzea, Imanol Alvarez entrenatzaileak atarikoan esan legez.

Aurkariari dagokionez, ezer gutxi geratzen da esateko: bere defentsa ondo aztertu beharko dutela. Eta beraz, guztien ardatza izango da ondo egin dezaketen hori ondo egitea, «ondo defendatu eta korrika egitea», alegia.