NAIZ

Maitasuna eta patriarkatuaren gaiari helduko dio LoverDose festibalak Baionan

Azken urteetan maitasuna eta patriarkatuaren gaia lantzen duten eduki kulturalek izan duten hazkundearen harira Paf elkartea feministak horrelako eztabaidan lasaiki aritzeko parada eskini nahi duen LoverDose festibala antolatu du. Hitzordua, maiatzaren 19tik 21era, Baionan.

LoverDose festibalaren aurkezpena Züzülu arte leku eta kafe irekian egin zuten Paf elkarteko kideek.
LoverDose festibalaren aurkezpena Züzülu arte leku eta kafe irekian egin zuten Paf elkarteko kideek. (Patxi BELTZAIZ)

«Aukera bat sortu nahi dugu gazteak, eta ez hain gazteak, maitasunaren inguruan sentsibilizatzeko, elkarbizitzaren balioak, elkartasuna, errespetua eta inklusioa sustatzeko, modu original batean eta aniztasunetik», azaldu dute LoverDose festibalaren sustatzaileek.

Izan ere, Paf elkartearen irudikoz eduki kulturaletan presentzia handia izaten duten afera horien gainean modu lasai batean eta ikuspegi kritikoa hobetsiz gogoetatzeko aukera urriak daude.

Hala, 2009. urteaz geroztik Ipar Euskal Herria finkaturik den elkarteko kideek gogotsu ekin zioten Baionan maiatzean festibal bat antolatzeko, horretarako hiriko txoko ezberdinetan –elkarte, erakusketa gela eta liburu-dendetan, besteak beste– ekimenak proposatuz.

LoverDose festibala hiru egunez luzatuko da, heldu den maiatzaren 19tik 21era bitartean, «denak hunkitzen gaituen gai baten lantzeko: maitasuna eta harreman afektiboak jendarte patriarkalean», antolatzaileek iragarri dutenez Züzülu arte lekuan apirilaren 19an eginiko prentsaaurrekoan.

Asteburu baten denboran, besteak beste, Zizpa gaztetxean, Züzülü arte leku eta kafe irekian, Napoleon gelan, edota Robles Ajangiz Fundazioaren eta Planning Familial elkartearen egoitzetan, hainbat ekimen izanen dira: mahai-inguruak, tailerrak, proiekzioak, podcast-en entzute kolektiboak, erakusketak, bertso-saioak, performantzia artistikoak, kontzertuak eta, bistan dena, besta.

Ostirala maiatzaren 19a: Umorez hasi dezagun festibala

Festibala ostiralez abiatuko dute, maiatzaren 19an 18.00tatik aitzina, kazetari eta Binge Audioko erredaktore-buru den Victoire Tuaillonekin.

‘Le coeur sur la table’ podkastaren sortzailea da eta maitatzeko bideei buruzko hausnarketa bideratzen du.

Erromantikoa errotik aldatzeko iraultzak umoretik segituko du, stand-up edo bakarrizketa gauldiari lekua utziz: La Tahnee, Camille Lorente, Emma de Foucaud eta Maureen Louis entzunen ditugu, 21.30etik aitzina.

Larunbata, maiatzaren 20a: Ulertu, aztertu, partekatu

LoverDose Festibalaren bigarren eguna mahai-inguru batekin abiatuko dute (10.00-12.00). Hizlari gisa arituko dita Céline Bessière, Christelle Murhula, Elisa Rojas eta Mari Luz Esteban.

Haien laguntzarekin ikuspegi intersekzionaletik begiratuko diote bikoteari 'Bikotea sistema heteropatriarkalean: nola eta zertarako uztartzen dira menpekotasun-harreman ezberdinak?' leloa duen mahai-inguruaren bueltan.

Bigarren mahai-inguruan (18.00-20.00) Irantzu Varela, Rachele Borghi eta Tal Madesta hizlariekin so eginen diote heteroarautik ateratzeko bideei. ‘Zein dira alternatibak gure harreman afektiboentzat bikote heteronormatibotik at’ galderari erantzun amankomunak xerkatuko dituzte hizlariek.

Arratsaldez, bi mahai-inguruen artean, tailerrak egonen dira, «maitasunaren alorreko tematika zehatz batzuei buruz taldean eta modu intimoagoan gogoetatzeko».

Formatu ttipian izanen dira aipaturiko eztabaida guneak, «trukaketak errazteko gisan eta elkar-zaintza bermatuko duen giro seguru bat» sortzeko xedez.

Hainbat gai jorratuko dituzte topaketa horietan, hala nola belaunaldi ezberdinek gaiari buruz dituzten ikuspuntuak, harremanei eta sexualitateari buruzko estereotipoen deseraikitzeari begira jardunen duten gazteen arteko atelierrean, eta amatasunaz edo polimaitasunaz mintzatuko dira baita ere.

20.00etatik aitzina, bestari utziko diote lekua. Antzerki performantzia, queer kabareta (Altxalili), kontzertuak (Parka Chien eta Zetkin) eta Poule up dj saioa antolatu dute, besteak beste.

Igandea, maiatzaren 21a: Maitasunik ez, onespenik gabe

Neju DJ-ari esker, brunch gosari elektroniko batekin bururatuko dute LoverDose festibala, eta horrez gain, onespenaren edo baietzaren gaia jorratzen duen dokumental bat ere propoatuko dute: ‘La fabrique du consentement: regards lesbo-queer’. Mathilde Capone egilearen dokumentaleko protagonistek beste begirada batetik so egiten diote onespenaren gaiari, hau da, «bazterretako komunitateetatik, marjinetako kulturatik eta beraien esplorazioetatik».

Baietzari buruzko begirada interesgarria, beraz, heteroarautik kanpo kokaturikoa.

Finean, maitasunari buruz gogoetatzeko aukera eskaini nahi du festibalak horrendako adierazpen mota ezberdinak baliatuz: hitza, umorea, musika, argazkilaritza, bideoa, artea...

Esaterako, Nantene Traoreren 'Une page d’amour' erakusketa ikusteko aukera izanen da festibal osoan zehar.

Aktibitate bakoitzarentzat lekua erreserbatu beharko da festibalaren antolatzaileek interneten irekiko duten txarteldegian izena emanez.