NAIZ

Erretreten erreformaren aurkako barraskilo operazioa A63 autobidean

Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioek jarraitzen dute. Hala, LAB, FSU, SUD eta CGT sindikatuetako 50 bat lagunek ekimena burutu dute, gaur arratsaldean, A63 autobidean. Barraskiko operazioa egin dute Urruña eta Biriatu artean. Ordainlekuan banderola bat zabaldu dute eta harrabotsa egin dute.

Barraskiko operazioa burutu dute sindikatuek Urruña eta Biriatu artean.
Barraskiko operazioa burutu dute sindikatuek Urruña eta Biriatu artean. (@MediabaskInfo)

Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioekin jarraitzen dute sindikatuek. Azken egunetan, gainera, frantses Gobernuko kideren batek edonora bisita bat egiten duen bakoitzean protestak egiten ari dira.

Hala gertatu zitzaion Emmanuel Macron presidenteari, asteazkenean Alsazian, non txistuka hartu zuten ehunka manifestarik eta egoera errepikatu zen, ostegunean, Harault departamenduan.

Gaur bertan Montreuil aldera osasun zentroa bisitatzera joan denean François Braun Osasun ministroari 'lapikoen kontzertu' batekin hartu dute.

Gabriel Attal-en kasuan, Aurrekontu Publikoen ministroa Biriatuko ordainlekuan frantziar Poliziak duen postua bisitan etorriko zela zioen informazioa jaso dute sindikatuek. 

Horrendako, «harrera ekimena» antolatu dute sindikatuek. Hartara, Urruñako Leclerc saltokiaren inguruan 15.30 aldera elkartu ostean, autoz abiatu dira ekintzaileak A63 autobidera.

Barraskiko operazioa burutu dute handik eta Biriatuko ordaintokira bitartean.

Bertan, banderola bat zabaldu dute erretreta adina 64 urtetara eramatea ez dutela onartzen argiki uzteko. Hain zuzen, LAB, FSU, SUD eta CGT sindikatuetako ekintzaileek erretiro adina 64 urtetan ezartzeari ezetza jasotzen zuen banderola ezartzearekin batera, hainbat tresneria baliaturik zarata atera dute Biriatuko ordainlekuaren inguruan, era horretan azkenaldian gero eta ozenago entzuten den lapikoen protestari segida emanez.

Attal bertan izan bada, oso era diskretuan garatu duela bisita iradoki daiteke, nehork ez baitu ikusi.

Arratsaldean zehar, ordea, Attal Donibane Lohizune aldera joan da eta Olano enpresan bisita egin du. Han ere «harrera» egin diote sindikatuek.

 

«Nik ez dakit lapikoekin hitz egiten», adierazi du, hain zuzen, gaur Gabriel Attal ministroak, azken egunetan han eta hemen egiten ari diren protestei buruz galdetuta.

«Nik lapikoak eta arraultzak sukaldatzeko baliatzen ditut», argitu zuen, ostegunean, Macronek berak Heraulteko departamenduko Ganges herrian eskola bat bisitatzera joan zenean jaso duen harrera zaratatsuari buruz.

Hain zuzen, LAB, FSU, SUD eta CGT sindikatuetako ekintzaileek erretiro adina 64 urtetan ezartzeari ezetza jasotzen zuen banderola ezartzearekin batera, hainbat tresneria baliaturik zarata atera dute Biriatuko ordainlekuaren inguruan, era horretan azkenaldian gero eta ozenago entzuten den lapikoen protestari segida emanez.

Gizarte laguntzei buruzko iragarpena

Hori bai, lapikoei buruz iruzkinak egiteaz gain, gaur iragarpen serioagoa egin du Arrekontu Publikoen ministroak.

Europe 1 irratiarekin mintzo, gizarte laguntzak jaso ahal izateko gutxienez bederatzi hilabetez beharko dela frantses Estatuan bizi argitu du.

Era horretan, gauzapen praktikoa eman dio dio Bruno Le Maire Ekonomia ministroak «iruzur sozialari» buruz aste honetan piztu duen ika-mikari.

Frantses Estatuko babes sozialeko sistemaren funtzioa ez dela «Marokora dirua bidaltzea» adierazi zuen, zehazki, Le Mairek, ezkerreko alderdien kritikak piztuz bere adierazpen horiekin.