Estitxu Zabala Odriozola

Lehen ideiatik abiatu eta bizitzeko moduan egon arteko bidea

Etxean obra bat egitea buruhauste handia izaten da askorentzat, eta profesionalen aholkularitza, ezinbestekoa. Lan horretan, barne diseinu estudio batek hasieratik bukaerarako bidea egin dezake, bezeroaren beharrak kontuan izanda. Horixe da Hernaniko Iñaki Alkorta estudioak eskaintzen duena.

Lorea Pavo eta Iñaki Alkorta, Hernanin duten estudioan. Maiatzean egoitza berrira aldatuko dira, hori bai, alde zaharrean bertan.
Lorea Pavo eta Iñaki Alkorta, Hernanin duten estudioan. Maiatzean egoitza berrira aldatuko dira, hori bai, alde zaharrean bertan. (Jon URBE | FOKU)

Ez da erraza etxe baten barneko aldaketak egitea, dela lehen aldiz bizitzera sartzeko, dela bizimodu berrira egokitzeko eta modernizatzeko. Herritarren kontsultarako bide ohikoena diseinu denda bat izan daiteke, eta horietako bat du Iñaki Alkortak Hernanin. Hain zuzen, ekainean beteko ditu 19 urte Alkortaren dendak; beraz, badu nahikoa esperientzia mundu honen berri emateko. Diseinatzailearen ustez, lan egiteko modua ezer gutxi aldatu da bi hamarkadatan: «Logikaz, urte horietan teknologia aldetik gauzak aldatu eta erraztu dira, baina gure lan teknikoan ez da egon funtsezko aldaketarik».

Bezero gehienak Hernani bertakoak izaten dituzte, baina eskualde osotik joaten dira, inguruko herrietakoak eta baita Donostiakoak ere. Horrela, bezero ohikoena etxean berrikuntzaren bat egin nahi duena izaten da, bai partziala, bai osoa: «Normalean, beste bezero bati egindako lana ikusi ostean etortzen dira, ahoz ahokoaren eraginez. Badira, hala ere, aurretik ezer jakin gabe etortzen direnak».

Norbanako horien arteko gehienak etxebizitza bateko berrikuntza osoa egiten dutenak izaten dira, eta beste batzuk, txikiagoak egiten dituztenak (sukaldea, sukaldea eta egongela...), batzuetan haien etxea berritzeko, eta beste batzuetan erositako etxe berria egokitu nahi dutelako euren behar edo gustuetara. Horrela, gutxik izaten omen dute argi nahi dutena: «Horrek ez du esan nahi guk erabakitzen dugula egingo dutena. Guk proposamenak egiten dizkiegu eta garrantzitsuena da azken erabakia bezeroarena izatea».

Espazio zabalak

Diseinatzeko garaian, oraingo etxeak garai batekoak baino txikiagoak izatea ez da oztopoa, Alkortaren esanetan; izan ere, etxebizitza bakoitza egokitu behar dute bizikide kopuru eta haien beharretara: «Txikiagoak dira etxeak, baina gehienetan familia batean ez dira bost senide izaten. Orduan, ez da zaila izaten. Lehen etxe estandarrak izaten zituen egongela, sukaldea, bi logela, eta, ahal bazen, bi komun; eta, orain, egongela eta sukaldea espazio bakar batean, komun bat eta bi logela». Azken batean, beharren arabera egiten dituzte proiektuak, azalerak ematen duen beharretara egokituz: «Ahalik eta espazio txiki gutxien uzten ditugu. Handitze itxura ematen saiatzen gara, eta, horretarako, argiztapenarekin eta banaketarekin jokatzen dugu; eta gehiena kolore neutro edo argietan egiten dugu, kolorea gauza zehatzei emanez».

Mugak zerbaitek jartzen baditu, horiek instalakuntzak izaten dira: sukalde bateko ke irteera edo komun bateko tuberiak. Horrez gain, araudi aldetik badaude bete beharreko baldintza batzuk: espazio bakoitzaren gutxieneko metro karratuak, aireztapena, argi naturala... Eta horri ere erreparatu beharra diote.

Urteetako joerak

Tendentziei dagokienez, beste arlo batzuetan baino gutxiago mugitzen direla dio Alkortak. «Epe luzeagoko aldaketak izaten dira; arropa moda denboraldi bakoitzean aldatzen da, eta hemen ere badaude joerak, baina bost edo hamar urte irauten dutenak». Horrela, atzera begira, ikus dezakete zein material erabiltzen ziren lehen gehiago edo zein kolore mugitzen ziren. Hari horri tiraka, agerikoa da altzarien balioa gutxitu egin dela. «Ez zaie lehen ematen zitzaien garrantzia ematen altzariei. Bizitzako beste arlo batzuetan bezala, proiektuak epe motzagoei begira pentsatzen dira. Ekonomikoki noraino irits gaitezkeen ikusteko, epe motzera begiratzen dugu; batzuetan, nahi dugulako, eta, beste batzuetan, hala pentsatzera behartuak gaudelako».

Orain espazioa altzarietara egokitzen dela dio, eta ez alderantziz. Bestalde, argiztapenari garrantzia handia ematen diote. «Badugu probeedore indartsu bat, horretan oso jardunak direnak eta haien aholkuekin proiektu politak ateratzen ditugu».

Lan osoaren prozesua zenbait fasetan banatzen dute. Lehenengo, bezeroak zer nahi duen eta horren arabera zein aukera dauden aurkeztu; ondoren, asmatuz gero, aurreproiektuekin hasten dira, eta aurrekontua eta proiektu ofizial bat egiten dituzte, aukera horietako bat adostu eta garatuz, plano eta aurrekontu guztiekin. Horren arabera erabakitzen du bezeroak aurrera egin edo ez. Estudioak eskaintzen du gremio guztien lana, obra zuzenketa eta koordinazioa. «Etxea bizitzeko moduan dagoenean bukatzen da gure lana. Baina hurrengo fase bat egon daiteke, altzariena eta apainketarena, nahi izanez gero».

Epeei begira jarrita, hilabetetako lanak izaten dira diseinutik hasi eta lanak bukatu arte: «Nik ez dut halako presarik nabaritzen bezeroengan. Argi dago bi astean hemengo lanak ezin direla egin. Gutxienez bospasei hilabeteko epearekin etortzen dira, ez bada larrialdi kasu bat.

Bestelako arloetako berrikuntzak ere egiten dituzte, enpresa edo komertzio mailan. Enpresetan, haien instalakuntzetarako edo haien espazio publikoetarako. Azken urteetan funeraria bat dute bezero garrantzitsuena, lan handia ematen diena: «Enpresek ez dute zerikusirik norbanako batekin, exijentzia maila handiagoa baita. Epe motzagoetan eta gauez lan egin beharra dago batzuetan, ahalik ez gutxien oztopatzeko haien lana».

Jarraitzeko gogotsu

Ikasketak bukatu eta beste leku batzuetan lan egin ostean, bakarkako ibilbidea hastea erabaki zuen Alkortak: «Atea zabaldu eta bezerorik gabe lanean hastea, noski, erronka izan zen; baina, zorionez, hasieratik ondo joan zaigu eta horrela jarraitu dugu». Bide luze horretan lankide bat baino gehiago izan ditu, eta, azarotik, Lorea Pavo dabil berarekin, aspaldiko laguna.

Alkortaren esanetan, ez dute ezer desberdina egiten: «Beti saiatu gara gauzak ondo egiten eta hartutako konpromisoa betetzen. Gurera jotzen dute, eta garrantzitsuena da bezeroa kontentu geratzea. Hurrengo batean zerbait behar badu eta bueltatzen bada, hori da seinalerik onena».

Orain, estudioaren erronka berria lokal aldaketarekin dator, eta maiatzean lekuz aldatzea espero dute. Herrian bertan jarraituko dute, alde zaharrean, baina pixka bat gorago. «Tamaina aldetik ez da askoz handiagoa izango, baina obra potentea egiten ari gara urtarriletik. Seme-alaba baten moduko ilusioa izaten ari da niretzat».