Maite Bidarte
Interview
Josemi Beltrán
Donostia Kulturako zinema arduraduna

«Zoritxarrez drama asko dago, baina beti saiatzen gara film bitalista eta positiboak hautatzen»

‘20.000 Especies de abejas’ filmarekin ekin dio Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak 20. edizioari. Zinemaldiaren aitzakian gonbidatu dugu zuzendaria, Josemi Beltran, NAIZ irratiko ‘Bideokluba’ saiora. Baina, esan bezala, soilik aitzakia izan da.

Audio_placeholder

«Zoritxarrez drama asko dago, baina beti saiatzen gara film bitalista eta positiboak hautatzen»

Loading player...
Josemi Beltran Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren aurkezpenean
Josemi Beltran Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren aurkezpenean (Donostia Kultura)

NAIZ irratiko ‘Bideokluba’ saioan elkarrizketa egiteko gonbidapena onartu du Josemi Beltranek segituan. Ez dira egun errezak, hastear da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, elkarrizketa hau irakurtzen duzunerako hasia egongo da. Aurkezpen prentsaurrekoak, erakusketa irekierak, soilik antolatzaileek dakizkiten buruhausteak... NAIZ irratiko elkarrizketa bukatu eta berehala, sarean du hitzordua Donostiako Kulturako zine sailaren zuzendariak: Instagrametik ere aurkeztuko du Giza Eskubideen Zinemaldiko 20. edizioko programa. Hala ere, tenple onarekin eta garaiz agertu da Portuetxeko estudioetara.

Hamahiru urte daramatza zinemaldi hau zuzentzen Beltranek. Jose Luis Rebordinosek pasa zion lekukoa. Nahiz eta hamahirugarrena den ez zu zorte txarrean sinesten. Ikus-entzunezko gaietan espezializatua dagoen Larrotxene Kultur Etxean zegoen lanean ardura berriaren erronka iritsi zitzaionean. Ez zuen birritan pentsatu. Ez baitziren ur berriak berarentzako.

Beltran beti egon da zinearekin oso lotuta, eta programatzen eskarmentua bazuen, bere sorterrian, Gasteizen, han eta hemen, ibiltzen zen zine zikloak antolatzen. NAIZ irratiko irratsaioaren izenari keinu eginez, galdetu diogu ea zein oroitzapen duen bideokluben inguruan, eta entzulearen harridurarako «ni ez naiz izan bideoklub animalia, etxean ez genuen aparaturik» erantzun digu. «Ni telebista publikoarekin egin nintzen zine zale, nire eskola izan da» (horra kate publikoa ongi kudeatzearen garrantzia) eta helduago zenean, unibertsitatean, zinera astean hirutan joaten zen gutxienez. Egun bada megalonamo xamarra eta DVD eta Bluerayak erosten jarraitzen dituen horietako da, azkena elkarrizketa egin aurretik jaso du: Claire Denisen ‘Trouble Ever Day’.

20. edizio honek ez du ospakizun berezirik izango, «giza eskubideetan gutxi dago ospatzeko»,  baina bai balio izan diela aurrera begiratu eta helburuak finkatzeko:

«Azken bi-hiru urtean zinemaldia hazten joan da, baita aurrekontua ere, eta orain, anbizioa handiagoa da. Estatu mailan erreferente izan nahi dugu».

Helburua ez da zinemaldi handiagoa izatea, baizik eta kalitatean gora egitea: pelikulekin, erakusketekin eta baita gonbidatuekin ere. Zinea erraminta bat dela esatea ez du sobera maite Beltranek, termino arrotza da, «baina zaila da hitz egokia aurkitzea». Berak zeran sinesten du: «kulturak balio du sakontzeko eta baita gure buruak aztertzeko ere».

Josemi Beltran komiki bateko pertsonaia balitz, bi buru lituzken pertsonaia litzateke. Donostia Kulturako zine arloak bi ekimen nagusi baititu urtean; udaberrian Giza Eskubideen Zinemaldia, eta udazkenean, Fantasia eta Beldurrezko Zinema Astea (barre egin du konparaketarekin). «Bai, bagara  pixkat Dr. Jeykill eta Mr. Hyde. Baina guri zinea, orokorrean, interesatzen zaigu. Kalitatezko zinea». Aitortu du pena dela denbora bi proiektuetan banatu behar izatea, eta horrek batzuetan frustrazioak ere sortzen dituela. «Polita da, aldatzeko, baina fustrantea sakontzeko denbora gutxiago dugulako, hala ere oso gustora gaude bata zein bestearekin, eta satisfakzio handiak ematen dizkigute biak». Pluralean hitz egiten du Beltranek, talde lana baita bi ekimenak aurrera ateratzea.

Aurten 40 film izan dira aukeratuak GEZan, gehienak nazioartekoak. «Programatzerako orduan, guretzako urteko hitzordurik garrantzitsuena Amsterdamen egiten den IFA dokumental festibala da. Han dokumental merkatu bat dago eta tematika aldetik asko dira giza eskubideen ingurukoak». Programazioa osatzeko, baina, badira beste bi leiho garrantzitsu: jendeak bidaltzen dituen lanak batetik, «urtero-urtero epe bat irekitzen dugu jendeak bere proiektuak bidaltzeko», eta bestetik, harreman zuzena dute zine banatzaileekin, jakiteko zer estreinatuko den karteldegian giza eskubideen inguruan. Lanerako ere badituzte streaming plataforma profesionalak eta hor ere izaten dute mundu mailan sortzen ari denaren berri.

Plataformen gaiari heldu diogu segituan. Plataformak ere erabiltzen ditu, «ez ditut denak, noski», dio. Hori bai, garbi du: «nik ez ditut telesailak ikusten». Arrazoia argia da, ez duela nahi eduki bakar batean hainbeste denbora inbertitu, «aniztasuna nahiago dut» eta horregatik nahiago du filmak ikustea.

Telesailak ez ikustearena erabaki politikoa ote den galdetuta, zirikatzaile dio baietz: «telesailak futbol berria dira»

(Edozein pareta edo kamisetan jartzeko leloa da, ezta?). Telesailak «jan, jan eta jan, baina irizpiderik gabe» egiten direla dio, «jendeak hitz egiten du telesailen inguruan, baina ez dira zine eta ikus-entzun zaleak». Alegia, kontsumismoaren zurrunbiloak ere xurgatu dituela telesailak.

Plataformetatik salto egin dugu zine aretoetara. Batzuk gora eta beste batzuk behera, badirudi ez dagoela denontzako tokirik. Zine aretoak arrastaka daude oraindik eta ez dira errekuperatu pandemian izandako gainbeheratik, eta streaming plataformen loraldiak ulertu arazi dezake paradigma erabat aldatu dela. «Jende gazteak ez du baloratzen zinea guk baloratzen genuen bezala. Orain irudi asko dituzu egunero, plataformetan, mugikorrean, beraz logikoa da zine aretoak lehen aukeretan ez egotea». Ohitura berri horiei gehitu behar zaio «itxialdian jende helduak streaming plataformak ezagutu zituen, eta industria bera arduratu da aretoen leihoa murrizteaz. Orain badakizu film bat karteldegian estreinatu eta hilabete gutxira etxean ikusteko aukera izango duzula».

Sarreren prezioak garrantzirik ote duen galdetuta, Beltranek argi du ezetz. «Beste aisialdi batzuk ez dira galdu». (Portzierto, zinemaldiko sarrerak salgai daude, leihatilan zein internet bidez, eta ohiko sarrera baina merkeagoa da, bost euro). Datorren panoramaren aurrean ez da pesimista.

 

Etorkizuneko zine eskaintzak bi mutur izango ditu: «Batetik egongo dira ekitaldi handiak. Bestetik, areto txikiak, zine independentearekin. Erdiko ekoizpenak, zuzenean, streaming plataformara iritsiko dira»

 

Zer ikusi Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian

Zaila da programazioa goitik behera aletzea, are zailagoa mimoz aukeratuak izan diren filmen artean aukeraketa bat egitea. Hori jakinda, sasi galdera bat egin diogu Josemi Beltrani. Behin pelikula amaituta ikusleak esango luken esaldiari film bat aukeratzea.

«Nola da posible nik orain arte gai honen inguruan ezer ez jakitea»

‘Les Harkis’.

«Aljeliako gerraren inguruan, nik uste dut badagoela jende asko honen inguruan dakiena».

«Inork ba al du Klennexek?»

‘20.000 especies de abejas'

«Ez drama delako, baizik eta oso hunkigarria delako».

«Eman 10 minutu. Orain ezin dut hitz egin»

‘The lost soul of Syria’, oso dokumental iluna da. 

«Zuzendari honi pista jarraituko diot»

‘Metronom’

«Errumanian kokatua, 70. hamarkadan bizi izan zuten zentsuraren inguruan. Gainera, Alexandru Belcen opera prima da».

«Hau da zinemaren magia. Dramoi bat kontatu eta sentsazio onarekin atera»

‘Interdit aux chiens et aux Italiens’

>

«Zoritxarrez drama asko ditugu. Baina beti saiatzen gara film bitalistak eta positiboak aukeratzen.  Stop Motion animazio bat da, Bigarren Munduko Gerran kokatua, baina badauka positibismoa eta gainera panpinekin sortua dago, horrek asko laguntzen du».

«Ardo bat mesedez»

‘Mariupolis 2’.

«Ukraina, gerra. Itxaropenerako ez dago tarterik eta filma bukatzerakoan arnasa hartu behar duzu».