Jon Ormazabal

Pilotari «egurre» emanda, Raul adiskideari omenaldirik onena eskaini ahal izan dio Dariok

Partida hasieran aurretik izan bada ere, Joseba Ezkurdia bere maila onenetik urrun izan da eta ez dio erantzunik topatu errioxarraren joko sendoari (22-10). Peio Etxeberriak Jakari irabazten badio Ezkaraikoa finalerdietan egongo da.

Dariok partida bikaina jokatu du eta finalerdiak oso gertu ikusten ditu.
Dariok partida bikaina jokatu du eta finalerdiak oso gertu ikusten ditu. (Raul BOGAJO/FOKU)

Malkoei ezin eutsita, dagoeneko pilotalekuetan ezagun egin den "Egurre Dario" dioen pankartari zegoen lekura luzatu du errioxarrak soa eta keinua zabalean egindako azken dejadaren ostean. Larrabetzuko gazte batek egindako oihalak ez du hutsik egin gaur ere Ogetan, bai ordea Ezkaraikoak jokatu duen bakoitzean eraman duen Raul adiskideak. Gaur bertan ehortzi dute ezustean joan den gaztea bere herrian eta aste oso gogor bati modurik onenean eman ahal izan dio amaiera Dario Gomezek, joandako adiskideari finalerdietara asko gerturatzen duen garaipena eskainita (22-10 Ezkurdiari). Emaitza honekin, Peio Etxeberriak Erik Jakari Iruñean irabaziko balio, Dario finalerdietarako sailkatuta legoke, multzoko lehen postuan gainera.

Partida handia espero zen haurrez bete den Ogetarako, baina egia esan partidak ez dio sortutako ikusminari erantzun, horretarako biek maila onean aritu behar zutelako eta Dario izan delako espero zen bezala aritu den bakarra. Beste behin, Ezkaraikoak manomanista petoa dela erakutsi, eskuinez pilotari abiadura handia sartu dio, aurkaria deseroso sentiarazi du uneoro eta tantoa amaitzerakoan ere eraginkor, batez ere bi paretakoarekin, garaipen sendo bat lortu du. Kontrara, fisikoki eta taktikoki makal, Joseba Ezkurdiak aurreko igandean Jakaren bizkarrean utziak zituen zalantza guztiak berriz ere piztu ditu.

Boleaz partidari erritmo handia sartuz, Joseba Ezkurdia hasi da markagailuan aurretik. Arbizuarrak ez zuen tantoak luzatzeko inolako intentziorik eta pauso bat aurrera eginez, partidaren agintea hartu du hasieran (4-1 eta 5-2). Hala ere, Dariok azkar xamar lortu du partidaren erritmoa berari gehiago komeni zitzaion beste batera aldatzea. Ezkurdiak pilota nahiko ondo luzatu badu ere, jokoa zuzendu denean errioxarra askoz erosoago aritu da eta azkar hartu du partidaren eta jokoaren aginte makila.

Errioxarra, oso nagusi

Arbizuarrak ez du asmatu aurkariari eskuinez sartzeko aukera ezereztatzen eta pilotari abiadura sartuz, Dariok azkar jarri du partida oso maldan behera. Zorte handirik ere ez du izan sakandarrak, markagailuan 8-6 zirela, epaileek ontzat eman dute eta Ezkaraikoak bigarren botean eraman duen pilotakada bat eta hor hasi zaio aurkaria ihes egiten.

Momentu horretatik aurrera, bataren eta bestearen arteko aldeak handitu baino ez dira egin. Dariok ideiak oso argi izan dituen bitartean, bera izan da aurkaria mugitu duena, Ezkurdiak ez du jakin Darioren oldarkortasunari erantzun bat ematen eta, esaterako, airez bi tanto baino ez ditu egin partida osoan.

Fisikoki ere, sakandarrak ez du ohiko sendotasunik erakutsi eta errazegi bezala eman du amore, partida osoan apenas oparirik egin ez dion aurkari baten aurka. Pilota astindu bai, baina erasora pasatzeko beldurrik gabe, partidaren bigarren erdian oso nagusi izan da Dario eta gertu ikusten ditu, oso, finalerdiak.

 

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia:10

Dario:22

Pilotakadak: 248. Iraupena: 45,33 minutu. Markagailua: 0-1, 4-1, 4-2, 5-2, 5-4, 6-4, 6-9, 7-9, 7-14, 9-14, 9-15, 10-15, 10-22. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 1 Dariok. Egindakoak: 7 Ezkurdiak eta 14 Dariok. Galdutakoak: 8 Ezkurdiak eta 2 Dariok. Gorabeherak: Sarrera polita Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Mattin Ezkurdia aritu da bere anaia Josebaren botilero lanetan eta gauza bera egin du Asier Estebanek bere anaia Dariorekin. Errioxarrak xingola beltza eraman du soinean egunotan Ezkarai hil berri den gazten baten oroimenez. Jaialdiaren aurretik, Arabako klubetak umeek pilotari profesionalekin pilotan aritzeko eta argazkiak ateratzeko aukera izan dute. Denera 300 bat ume aritu dira euren idoloekin.