Lizzie Deignan: aurrenekoz haurdun geratu eta Paris-Roubaixeko lehen edizioa irabazi

Trek Segafredo taldeko txirrindulariak amatasunaren tabua erautsi du, goi mailan ama eta txirrindularia izatea bateragarriak direla erakutsita. Iazko otsailean bigarrenez haurdun geratu ostean, britainiarra tropelera itzuli zen pasa den asteazkenean Fleche Wallone Belgikako klasikoa korrituta.

Lizzie Deignan Trek Segafredo taldeko txirrindularia 2020an Le Course by Le Tour lasterketa irabazi zuenean.
Lizzie Deignan Trek Segafredo taldeko txirrindularia 2020an Le Course by Le Tour lasterketa irabazi zuenean. (David STOCKMAN | EUROPA PRESS)

Lizzie Deignan txirrindularia (Trek Segafredo) itzuli da errepideetara, bigarrenez haurdun geratu eta ia urte eta erdi lehiatu gabe egon ostean. Britainiarrak amatasunaren tabua eraitsi du txirrindularitzan eta erreferente bilakatu. Izan ere, orain arte gutxik erakutsi dutena erakutsi du: goi mailan ama eta txirrindularia izatea bateragarriak direla.

«Lehen kontratuetan ez genituen amatasun klausulek ahalbidetzen dute, orain, ekonomikoki emakumeak pedalei berriro ere eragitea», adierazi zuen Deignanek Eurosportek egindako elkarrizketa batean, eta aldarrikatu talde batzuek hori egiten dutenean, ez duela «lekurik uzten», beste talde batzuek «gauza bera ez egiteko». Hori gutxi ez, eta naturaltasun osoz eman du haurdunaldiaren berri bere Twitter kontuan.


2015ean munduko txapelduna izan zenak iazko otsail amaieran iragarri zuen bigarrenez haurdun geratu zela, eta geroztik, pedalei eragiteari utzi ez badio ere, lehiaketetatik kanpo egon da, pasa den asteazkenean Fleche Wallone Belgikako klasikoko irteeran izan zen arte. Hain justu, umea izan eta sei hilabete geroago itzuli da tropelera. Bere gorputzean sumatu dituen aldaketa fisikoen jakitun, Deignan konturatu da uste zuena baino «askoz ere gehiago egiteko gai» dela, «super emakume bat balitz bezala sentitzeraino».

Britainiarrak kristalezko sabaia hautsi du, ama diren gero eta txirrindulari gehiago daudelako tropelean. Marta Bastianelli (UAE Team ADQ), Denise Betsema (Pauwels Sauzen - Bingoal), Antri Christoforou (Human Powered Health), Tamara Dronova (Israek Premier Tech Roland), Jesse Vandenbulcke (Human Powered Health) edo Elinor Barker (Uno-X Pro Cycling Team) dira horietako batzuk.

Trek Segafredo taldearen babesa

Britainiarrak haurdunaldia iragarri zuenean, Trek Segafredo taldeak automatikoki 2024 urtera arte luzatu zion kontratua. Ez da lehen aldia talde estatubatuarrak babesa eskaintzen diola txirrindulariari. Izan ere, aurrenekoz haurdun geratu zenean ere, askok bukatutzat eman zuten Deignaen kirol ibilbidea, baina 2019an Trek Segafredo taldearekin lehiara itzuli zen. AEBetako taldea duela urte batzuk ere aitzindaria izan zen gizonezko txirrindularien eta emakumezkoen gutxieneko soldatak parekatzen.

Lehen haurdunaldiaren ondotik, Le Course by Le Tour (2020an), Liege-Bastogne-Liege (2020an) eta Paris-Roubaix (2021ean) sona handiko lasterketak irabazi ditu, eta horrekin frogatu, erditu ostean goi mailan lehiatzeko gai dela ez ezik, garaikurrak lortzea ere posible dela. Aurrez ere gutxiren eskuetan dauden zenbait lasterketa entzutetsu irabaziak zituen; 2015ean munduko txapeldunaren ortzadar maillota janzteaz gain, 2012an Londresko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina lortu zuen, 2010ean Audeko Tourrean gailendu zen, eta 2016an Flandriakoan.

Gainera, «Iparraldeko infernua» izenez ezaguna den lasterketan historiara pasatu zen, emakumezkoen lehen edizioan Roubaixeko belodromoko helmuga zeharkatu zuen lehen txirrindularia izan zelako. «Lorpen pertsonal bat baino gehiago garaipen bat izan zen emakumezkoen txirrindularitzarentzat», nabarmendu du Deiganek Paris-Roubaix irabazi eta bi urte pasata.

Pertsona konprometituta

Amatasun kontuez harago, txirrindularia izateaz gain, erakutsi du pertsona konpromituta ere dela, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzeko bidean. Izan ere, britainiarrak aldarrikatu zuen emakumezkoek eta gizonezkoek diru sari bera jasotzea Paris Roubaixeko lehen edizioa irabazi ostean, jakin zuelako gizonezkoak berak baino askoz ere gehiago irabazi zuela –gizonezkoak 30.000 euroko dirua jaso zuen, eta emakumezkoak, berriz, 1.535 euro–.

Horren inguruan, Deignanek hausnartu du emakumeek «inoiz izan ez duten ahotsa» izaten ari direla, eta bere «erantzukizuna» dela «bidegabekerien eta desberdintasunen aurrean ahotsa altxatzea». Orain, «zergatik ez da diruaren saria berdina?», ez dio erantzunik bilatu galdera horri, baina nabarmendu du «jada» ez dela «ezkutatu behar», «desberdintasunak ezin direlako ezkutatu, antzina ezkutatu zitezkeen bezala».

Aldi berean, Deignanek beste eztabaida bat ekarri du gogora, esanez ea egokiena den ala ez emakumezkoen lasterketek eta gizonezkoenek agertokia partekatzea, iaz Frantziako Tourreko emakumezkoen lehen etapak gizonezkoen azkenarekin bat egin zuen moduan.

«Urrats handia dela uste dut, txirrindularitzan dagoen ekitaldirik handiena delako. Jauzi handiak egongo dira bai babesleei dagokienez, bai emakumeen txirrindularitzaren zabalkundeari dagokionez ere. Hala ere, zergatik ezin da lasterketa independente bat izan? Badira horrelako batzuk eta pena litzateke lasterketa horiek galtzea», hausnartu du britainiarrak.

Hori horrela izanik ere, Trek Segafredo taldeko txirrindulariak onartu du lasterketak gizonezkoekin batera antolatzeak emakumeentzako «plataforma bat» dela, gizonezkoen txirrindularitzaren zaleak «pixkanaka emakumeei begirada bat botatzeko». Eta hori dela, hain justu, «etorkizunera begira jarraitzaileak irabazteko modurik onena».