NAIZ
Bilbo

Bilboko Guggenheimen webguneak ‘Interneteko Oscar’ bat irabazi du

Biilboko Guggenheim Museoak bere 25. urteurrena dela eta prestatu duen webguneak Webby Award saria irabazi du, publikoaren bozei esker, kultur erakundeetako webgunerik onenaren atalean. Arte eta Zientzia Digitalen Akademiak banatzen ditu sari hauek ‘Interneteko Oscartzat’ hartzen dira.

Bilboko Guggenheim Museoak joan den azaroan aurkeztu zuen webguneak Webby Award sari entzutetsua irabazi du, publikoaren bozei esker, kultur erakundeetako webgunerik onenaren atalean, asteazken honetan iragarri denez. Nazioarteko Arte eta Zientzia Digitalen Akademia (International Academy of Digital Arts and Sciences) erakundeak urtero banatzen ditu ‘Interneteko Oscar’ saritzat jotzen diren nazioarteko sariok proiektu digitalik onenak aitortzeko.

Lehenik eta behin, Akademiak kategoria bakoitzeko bost hautagai aukeratu ditu izena eman zuten 14.000 ekimenen artean, eta, ondoren, bozketa masiboa egin da: bertan parte hartu duten 600.000 pertsonek 2,5 milioi boto banatu dituzte kategoria ezberdinen artean. Hala, Bilboko museoaren webguneak Publikoaren saria 2023 (People’s Voice Winner 2023) erdietsi du bai museoen, bai bestelako erakunde kulturalen webguneak biltzen dituen kategorian.

Bilboko museoaren lantaldea ezin eskertuago dago publikoarengandik jasotako babesagatik, eta mundu guztian dituen jarraitzaileei eskaini die saria.

Guggenheimen atal berean lehiatu diren webguneak honako hauek izan dira: Johannes Vermeer artistari Amsterdamgo Rijksmuseum-en eskainitako erakusketa –hark irabazi du epaimahaiaren saria–, Kopenhageko The David Collection museoa, National Gallery of Australiako Arte Indigena Trienala, eta Fine Arts Museums of San Francisco.