Pierria Henry taldetik kendu beharra egokitu eta gero etorri zen, pasa den otsailean, Max Heidegger Gasteiza. Israelgo pasaportea duen antolatzaile estatubatuarrak ez du lan errazik izan etorri denez geroztik. Hasteko, Pierria Henry ahaztuarazi, eta batez ere, Darius Thompsoni atsedena eman. Tarteka, Real Madrilen kantxan, esaterako, partida on batzuek jokatu arren, kostatzen ari zaio Heideggerri, baina «gertu» azaldu da Saski Baskoniari laguntzeko, bere hitzetan, arabarren xedea ACB Ligako «aurreneko postua» eskuratzea baita.
«Neurketa gogorrak jokatu beharko ditugu laster eta partida horiek irabazteko modua aurkitu beharko dugu, batez ere puntu gutxi sartzen ditugun neurketa horietan.
Gezurra dirudi halakorik aurtengo Baskoniaren inguruan entzutea, Joan Peñarroyaren taldeak 1000 puntuak 14 bider gainditu baititu denboraldian zehar. Nolanahi, hurrengo neurketetan –Lugoko Breogan, adibidez, igande honetan 20.00etan– beste zerbaiten esperoan egongo omen da Heidegger.
Esan bezala, antolatzaile estatubatuarrak ez du lan errazik izan Gasteiza iritsi denetik. Kopa nahi baino lehen iritsi zitzaion eta Euroligako joko fisikoak ere ez dio mesederik egin. Baina bere hitzei jaramon eginez, «minutu gehiago jokatu ahala, gero eta konfiantza gehiagorekin» ari omen da. «Taldekideekin gero eta hobetoi moldatzen naiz, dagoeneko denbora apur bat badaramadalako hemen, eta gainera pozik egoteko arrazoiak sobera ditut: taldea ondo ari da jokatzen eta garaipenak pilatzen ari da gainera», gehitu du bere prentsaurrekoan.
Breoganen ondotik, hurrenez hurren, Kanaria Handia –Eurocupeko finalera sailkatu berri den taldea– etorriko da Buesa Arenara. Maiatzaren 11an, ostegunez, Badalonako Joventut –gasteiztarren borreroa Kopan– bisitatu beharko du Saski Baskoniak eta hilaren 14an etorriko da Bartzelona Zurbaora. Gauzak ondo, orduan erabaki beharko litzateke bietako zeinek eskuratuko duen ACB Ligako Fase Erregularreko aurreneko postua, baina ez da ezinezkoa aspaldiko partez Baskoniak berak lortzea eta, azken baten, taldearen nahia eta plazaratu ditu Max Heideggerrek.
Zentzu horretan, etxean jokatzea aldeko faktore nabarmena da antolatzailearen aburuz. «Urte osoan partida bakarra galdu dugu etxean. Bistan da hona etorri eta irabaztea oso dela zaila eta hori baliatu behar dugu», esan du.
Italiara bidean
Bestalde, ostiralean bertan hasiko da jokatzen Bidaideak Bilbao BSR taldea Euroleague 1eko Zortziko finala. Familia kontuak direla-eta, Alex Mendiluze izan ezik, bilbotarren espedizioa ostegun honetan joan da Italiara, Cantu hirian jokatuko baitute.
Kopa irabazi eta egun gutxi batzuek baina pasa ez direlarik, Adrian Yañezek zuzentzen duen taldeak bi neurketa jokatuko ditu ostiralean. 15.45ean Hamburg izango dute aurrez aurre bilbotarrek. Ostiralean bertan, 20.15ean hasita, CTH Lannion izango da Bideaideaken bigarren aurkaria. Larunbat eguerdian itxiko du ligaxka talde bilbotarrak, 11.45ean etxeko taldea Briante84 Cantu izango baitu aurrez aurre.
Ez da ahaztu behar Bidaideak dela Eurolueagua 1eko egungo txapelduna, 2019an Sheffielden lorturiko garaipenari esker. Covid-19aren pandemia dela-eta, azken urteetan ezin izan da lehiaketa hau jokatu.