Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Usoa Zumeta
Jose Luis Zumetaren alaba eta horma-irudiaren erakusketaren komisarioa

«Orain arte eraiki gabeko errelatoa sortu nahi izan dugu horma-irudiaren inguruan»

1973an hasi eta urtebete behar izan zuen Jose Luis Zumetak usurbildarrek ordutik beraiena sentitu duten horma-irudia sortzeko. Muralaren 50. urteurrena artxibo zaharretan arakatzeko baliatu du Usoa Zumeta alabak, Mikel Onandia lagun.

Usoa Zumeta, aitak sortutako muralaren aurrean.
Usoa Zumeta, aitak sortutako muralaren aurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bizitzari aurre egin ahal izateko oreka ematen zion artegintzak. Baita bizipoza ere. «Ez badut pintatzen ez naiz ongi aurkitzen. Oreka bilatzeko da eta bizitzeko gogoa». Jose Luis Zumetak esana da.

Bost hamarkada joan dira Usurbilgo udalaren eskariz murala margotu zuenetik. Ospakizunaren harira bada berririk muralaren inguruan. Batetik, sorkuntza lana ardatz duen erakusketak ateak ireki ditu Sutegiko erakusketa aretoan. Maiatzaren 15a bitarte egongo da zabalik. Usoa Zumeta alabak eta Mikel Onandia EHUko irakasleak egindako ikerketa sakonaren emaitza da, baita orain argia ikusi duen liburua ere.

Bestetik, azken hilabeteotan kontserbazio lanak egin dira muralean. Zumeta Arte Estudioa eta Udala eskuz esku aritu dira elkarlanean. 50 urte nahiko egoera onean bete dituen arren behar zituen zainketa batzuk. Zumetak hain bereak zituen koloreek –gorria, urdina, horia– beren bizitasuna berreskuratu dute. Pozik dago Usoa Zumeta artelanak Mikel Laboa Plazan erakusten duen irudia ikusita. Hori islatuz, ‘Guk osatu, denon artean zaindu’, irakur daiteke Sutegin ongietorria egiten dion kartel handian. Horma-irudiaren argazki batez lagunduta dago.

Apenas dago ezer idatzia 70. hamarkadako proiektuaren inguruan.«Bere garaian ez zen ospakizunik ez inauguraziorik egin. Orain arte eraiki gabeko errelatoa sortu nahi izan dugu. Sortze prozesua nolakoa izan zen, nondik zetorren... kontestuan jarri nahi izan dugu», esan du Usoa Zumetak.

Aitaren sorkuntza gertutik ezagutzeko zoria izan zuen azken urteetan. Baina artean haurra zen murala egin zuenean. Beraz informazioa falta. Aspalditik zebilkion buruan antzeko zerbait egitea. Duela bi urte abiatu zen. «Urtemuga iristear zela eta proiektuari forma ematen hasi nintzaion. Ikerketa modu serioan duela bi urte hartu nuen eta orain urtebete Mikel Onandia batu zitzaidan. Kutsu akademikoagoa eman dio eta interesgarria izan da elkarlana», dio.

Lortutako informazioarekin eta dokumentazioarekin errelatoa osatu du Onandiak. Eta Ismael Manterola Arte Ederren fakultateko dekanoa eta Zeramikaren Masterraren buru denak testuinguru historikoa zehaztu du. Guztia koordinatu, materiala bildu, erakusketa antolatu eta katalogoa egiteaz arduratu da Zumeta.

Aitaren ondare artistikoa babestu eta zabaltzearen ardura hartu zuen Usoa Zumetak duela urte batzuk. Bidea polita izan da berarentzat. «Gozatzen ari naiz, gauza politak deskubrituz joan garelako eta pozik babesa izan dudala alde guztietatik. Egin beharreko zerbait zen. Nire papera orain proiektuak aktibatzea da eta horretan nabil azken urteotan».

Jatorrizko olioa

Ezustekorik ez da falta izan, familiak bozeto originala berreskuratzea, horien artean. Olioa estreinakoz ikusteko aukera izango da erakusketan. «Jatorrizko irudia ez nuen ezagutzen, ez nuen sekula ikusi. Sorpresa handia izan da BBK Fundazioaren bilduman aurkitzea. Miguel Zugazak [Arte Eder Museoaren zuzendaria] bertako zuzendariak eman zidan horren berri duela bi urte», gogoratu du.

Joan den ostegunean iritsi zen Usurbilera. «Lehen aldiz duela sei hilabete ikusi nuen. Herrira ekartzea izugarrizko emozioa izan da», kontatu du.

Horma-irudiari jarri dio fokua ikerketak, baina ez da elementu bakarra. Usurbildar artistak eskulturarekiko zuen grina ere islatzen du, horren lekuko, bisitariak aurkituko dituen bustoak. Bitxikerien artean, Zumetak garai beretsuan eginiko pieza bat jarri dute ikusgai bitrinan. Pipa da. Buztinez egina, ez dakigu erretzeko balio duen baina erabilita dago. Eskuz heltzen den tokian zer aurkituko eta Zumetaren autoerretratua. «Orain bi asteko aurkikuntza izan da! Oso gauza politak dira eta oraindik ere sorpresa asko daude», adierazi dio NAIZi Zumetak.

Umetako oroitzapenak piztu zaizkio. «Gu txikiak ginela etxean pipa asko zeuden. Batzuk esmaltatuak, besteak ez. Hau bilduma partikular batekoa da eta ez dut sekula ikusi», azaldu du.

Aitaren dokumentuak txukuntzen ari zela, beste aurkikuntza bat egin zuen. «Proiektua erakusten duen diapositiba txiki bat da. Koadro originala eta aurrealdean, eskala lantzeko, errekorte batzuk, figura txiki batzurekin».

Garai hartan landutako zeramikak bildu ditu familiaren etxean bertan. Liburuak ere bai. «Zeramikaz berak ez zeukan arrastorik proiektu hau abiatu aurretik eta zein liburutan oinarritu zen ikus daiteke», zehaztu du.

Artxiboa zein egoeratan zegoen galdetuta, hauxe erantzuna: «Berari momentukoa interesatzen zitzaion. Batzuk badira izan dezakeen traszendentziaren jakitun direnak eta edozein papertxo gordetzen dutenak, baina aita ez. Momentuan momentukoa, inongo ordenarik eta katalogaziorik gabe. Beti esaten dut izateko erak direla. Hori artelanetan ikusten da. Aitak dena txukun-txukun mantenduz egon behar bazuen, ezer zikindu gabe, ez zuen horrela margotuko», esan du.

Kontakizuna eraikitzerakoan erabakiorra izan da Antton Elizegi. Zumetaren balentriaren lekuko zuzena izan zen,  dokumentazio lan handia eginez. «Murala aurrera zihoan heinean ikusi zuen lan itzela egitera zihoala, bakarrik, gainera. Lan titanikoa iruditu zitzaion Elizegiri. Aitak urtebetez jardungo zuenez prozesu osoa argazkietan jasotzea pentsatu zuen. Erabilitako teknikaren pausu denak jasota daude. Horrek eman digu informazio gehiena».

Donostiako San Telmo Museoaren jabetzakoak dira eta Leopoldo Zugazak argitaratzen zuen ‘Gaiak’ aldizkarian ikusi zuten argia 1975ean irudietako batzuk. Baina gehienak ezezagunak dira. «Orain arte oso pertsona gutxik ikusi dituzte eta ez da aukerarik egon ikuspegi orokorra izateko. Badira tartean batzuk ezagunagoak direnak, baina sekuentzia osoa ikusteko aukerarik ez da izan», nabarmendu du.

Garai hartan Zumetak lantzen zuen margo abstraktoaren isla da horma-irudia. «Buztinak bolumena lantzeko aukera eman zion, horregatik da erliebea», dio.

Erronka

Bat baino gehiago ditu Jose Luis Zumetak obra esanguratsuak eta Euskal Herriko iruditerian present daudenak. Horien artean berezia da murala. «Obra publikoa da, eta berak ez du hainbeste. Eta daukan dimentsioagatik ere bai, kontuan izanik berarentzat material berria zela buztina; erronka handia izan zen», aitortu du. Esperimentazioa etengabekoa izan zen. Une zailak ere pasa zituen artistak, berak bilatzen zuena gauzatzea lortuko zuenaren beldur.

Egilearekin batera, herritarrek ere beraiena sentitu dute ordudanik murala. «Herriaren irudia izan da ia-ia», dio Usoa Zumetak. Maiatzaren 1ean bisita gidatuko du Usoa Zumetak –erakusketa itxita egongo da–. «Erakusketa eta murala bisitatuko ditugu eta hainbat xehetasun kontatuko ditut. Baita kontserbazio lana nola joan den eta zein erabaki hartu diren».

Bere sorkuntza lanak bakarrik ez, Zumetaren ahotsa ere entzun daiteke erakusketan. 2016an Keixetak egindako grabazioa da, sortze prozesua jasoz. «Keixeta zeramikako irakaslea da eta murala ikustera ekarri nahi zituen ikasleak. Proiektuaren inguruan informazio askorik ez zegoenez aitari elkarrizketa egin eta grabatzea pentsatu zuen. Lagun arteko konbertsazioa da. Aita hil zenean eman zidan. Ez genekien gero zer garrantzia izango zuen, bere testigantza zuzena da».

Maiatzaren 1ean bisita gidatua egingo da Usoa Zumetak berak gidatuta. «Erakusketa eta murala bisitatuko ditugu eta hainbat xehetasun kontatuko ditut. Orain bukatu berri da kontserbazio lana eta azalduko dut nola izan den eta zein erabaki hartu diren».