NAIZ

Zubietako erraustegiaren aurkako martxa egin dute Lasarte-Oriatik abiatuta

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Donostia Bizirik-ek, Eguzkik eta Ekologistak Martxan-ek babestuta, ‘Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen’ lelopean mobilizazioa abiatu dute Lasarte-Orian larunbat honetan, eta erraustegia geldi dezatela eskatu dute plantaren aurrean.

Erraustegiaren aurkako martxa, Lasarte-Orian.
Erraustegiaren aurkako martxa, Lasarte-Orian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Zubietako erraustegira martxa egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak larunbat honetan, 11.00etan Lasarte-Oriatik abiatuta. Zubietako erraustegian amaitu den protesta Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan-ek babestu dute.

‘Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen’ lelopean, erraustegia geldi dezatela eskatu dute, euren hitzetan, oso modu nabarmenean kutsatzen ari delako. «Arduradunek eta propagandistek errealitatea ukatzen duten arren, azken hilabeteetan egia deseroso batzuk azaleratzen joan dira», adierazi dute.

Ildo horretan, erraustegiak Arkaitzerreka kutsatu duela salatu dute; froga gisa Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak egindako azterketa ekarri dute gogora, txosten horren arabera erraustegiak aire, lurzoru, ur eta landareak dioxinaz eta bestelako gai toxikoz kutsatzen dituelako.

«Izan ere, gero eta nabarmenagoa da erraustegiak eragindako kutsadura. Horren lekuko da Arkaitzerreka erreka. GHK-k, erraustegiaren jabeak, behin eta berriz ukatu du kutsadura plantatik datorrela. Hala ere, Ekondakin enpresari espedientea ireki dio azkenean. Enpresa horrek kudeatzen du. Zergatik? Arkaitzerreka kutsatzeagatik», nabarmendu du.

Hala, salatu dute GHK-k eta Aldundiak, «ebidentzia ukatuz eta diru publikoarekin propaganda handia eginez, harresi bat eraiki dutela erraustegi kutsagarri baten errealitatea ezkutatzeko».

Erraustegia, geldirik

GuraSOS elkarteak, bere aldetik, salatu du hamar egun daramatzala erraustegiak geldirik, hondakinak erre gabe. Etengabe matxurak dituela eta planta moderno gisa saldu zena beste zerbait erakusten ari dela esan du elkarteko ordezkari den Joseba Belaustegik: «Azken belaunaldiko instalazio modernoa, Ferrari bat, dela saldu dute. Baina matxuratutako auto bat da. Haien gabezia ezkutatu nahi dute, iruzurra».

«GuraSOSek isuritako adierazpen alarmista berrien aurrean», GHK-k ohar bat igorri zuen ostiral honetan, non onartzen duen «duela egun gutxi matxura txiki bat gertatu zela Zubietako Ingurumen Guneko eroanbide elektrikoko barretan».

Bestalde, apirilaren 27an, asteazkenean, Ekopol ikerketa-taldeak txosten bat argitaratu zuen, eta honako hau adierazi zuen: «Administrazioak dituen dokumentu guztiak eskuratu ondoren, baieztatzeko moduan gaude Zubietako erraustegiaren kudeatzaileek ez dutela bete kanpoko egiaztapena duen txosten bat bidaltzeko betebeharra».