NAIZ

M1a Baionan, erretreten aldarriak hauspotuta eta LABek jasandako bazterkeriak ilunduta

Erretreten erreformaren kontrako bozgoragailua izan da Maiatzaren Lehen honetan Baionan egin diren manifestazioak. Manifestazioak, pluralean, zeren LAB deialditik kanporatu zuen intersindikalak. Bazterkeria sindikalari aurre eginez atera da, ordea, sindikatu abertzalea.

LABeko ordezkariak, gainontzekoekin bat, manifestazioaren buruko pankartan.
LABeko ordezkariak, gainontzekoekin bat, manifestazioaren buruko pankartan. (Gillaume FAUVEAU)

Langileen Nazioarteko Egunaren karietara, azken urteetako mobilizaziorik handiena iragan da Baionan maiatzaren 1ean, astelehenarekin. Hitzordua Santa Ursula plazan goizeko 10.30ean emana zuten intersindikala osatzen duten CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta US Solidaires sindikatuek. LABek ere bere blokea osatu du manifestazioaren gibelean eta baita Bizi! eta Aldak ere. Kazeta atariak eman du informazioa.

Iaz sindikatu gehienen eta eragile sozialen deiari jarraikiz jendetza bildu bazen, aurtengoan 30.000 pertsona atera dira Lapurdiko hiriburuko karriketara, intersindikalak eman datuen arabera, poliziaren iturriek 7.000ko kopurua eman duten bitartean. Mobilizazio zaratatsua izan da, jende anitzek lapikoak eraman baititu karrikara. Herriko Etxe gibelean bukatu da intersindikalaren martxa.

Aurtengo protestan, langileen eskubideen aldeko aldarrikapenez gaindi, erretreten erreformaren aurkako ohiuak hartu du erdigunea.

LAB, baztertuta

Manifestazioaren momentu batean 560 bat pertsonek Merkatu plazarantz jo dute, LABek intersindikalaren aldetik pairatzen duen bazterketaren ondorioz sindikatu abertzaleak egin deialdiari jarraikiz. ‘Egiteko beste mundu bat!’ aldarrikatu duen pankartaren atzetik abiatu dira; hala ere, intersindikalaren manifestazioaren lehen pankartan kokatu dira sindikatu honetako zenbait ordezkari eta arazorik gabe egin dute martxa gainontzekoekin batera.

Bizi! eta Aldak deitu duten manifestazioaren irudia. (Guillaume FAUVEAU)
Bizi! eta Aldak deitu duten manifestazioaren irudia. (Guillaume FAUVEAU)

Bertan hitza hartu dute Argitxu Dufauk, Eñaut Aramendik eta Garbiñe Aranburuk, zaintza lanen, ondasunaren eta lanaren banaketa aldarrikatzeko. Beste behin intersindikala integratzeko nahia azaldu dute.

Beren aldetik, iragarri bezala, Bizi! eta Aldak bi ekitaldien arteko jende katea osatu dute, «bateratze zabalenaren aldeko aldarrikapena sinbolizatzea» xedetzat harturik. Gisa horretan, «bazterketa eta zatiketa» gainditzeko mezua zabaldu dute bi eragileek. ‘Kapitalismoa = Heriotza / Alternatibak = Bizia’ izan da maiatzaren 1ean Baionara eraman duten lema nagusia.

Maulen eta Hendaian

Elisabeth Borne frantziar lehen ministroak urtarrilean erretreten erreformatzeko lege-proiektua aurkeztu zuenetik, azken hamarkadetako mobilizazio sozial handienak iragaten ari dira frantziar Estatuan bezala, Euskal Herrian ere.

Justuki, maiatzaren 1ak langileen eskubideen aldeko aldarrikapen orokorrak bildu ditu, tartean soldaten igoeraren eskaera, prezioen inflazioak langileen eroste ahalmena okertu duela salatu baitute sindikatu guziek. Edonola ere, erretreta 62 urtetik 64ra gibelatzen duen erreformaren kontrako beste borroka egun bat izan da.

Halaber, Baionan ez ezik, mobilizazioak izan dira ere Maulen eta Hendaian. Xiberoko hiriburuan M1 koletiboak deiturik, 10.30ean abiatu da manifestazioa «Kapitalaren bortizkeriaren kuntre, klase borroka» lemapean. Lapurdiko mugaldeko herrian berriz, tokiko CGT sindikatuak 11.00etan egin du ekimena Santiago zubian.