Bilboko Administrazioren Auzien 1. Epaitegiak atzera bota du Erandion udaltzain aritzeko lanpostu bati jarritako euskara eskakizunaren derrigortasuna. Apirilaren 18ko epai bat da eta ‘Berria’-k eman du albistea astearte honetan. Kontseiluak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitan kokatu du epaia, eta euskara eskakizuna kentzeak herritarrek udaltzaingoarekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea erabat baldintzatzen duela salatu du.
Azkenaldian antzeko sententzia gehiago izan dira. Haserre handia eragin zuen, adibidez, joan den martxoan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi fundazioan lan egiteko euskara eskakizunen kontra eman zuen epaiak.
«Jurisprudentzia bide horretatik doa»
Orain Erandion gertatu dena ikusita, «jurisprudentzia» bide horretatik doala adierazi dio Iñigo Urrutia legegile adituak ‘Berria’-ri. «Nahiz eta kasu hau ezberdina izan, ez baita lan eskaintza publiko bat, baizik eta lanpostuen zerrendan egindako aldaketa bat, Uliazpiko jurisprudentzia bera ezarri dute», ohartarazi du.
2022an, Erandion udaltzain gisa behin-behinean lanean ari zen herritar bat lanpostuko euskara eskakizunaren derrigortasuna atzera bota zezaten saiatu zen. Lehenbizi Udalaren bidez ahalegindu zen, baina honek eskaria aintzat hartu ez zuela ikusita auzitara jo zuen eta bide honetatik lortu du bilatzen zuena, postua betetzeko euskarazko B2 maila nahitaezkoa ez izatea.
2007an iraungitako euskararen nahitaezkotasuna zuen lanpostuak. Halere, sententzian argudiatzen da, 14 urtez lanpostuan izan den langileak euskara ikastaroak egin dituen arren, gutxieneko eskakizuna ez duenez desabantailazko baldintzetan lehiatu beharko lukeela euskararen ezagutza frogatuta duten gainerako hautagaiekin.
Urrutiak aipatu hedabideko elkarrizketan ohartarazi duenez, «Udalaren autonomiaren kontra egiten du» epaiak, eta «hizkuntza planifikazioa errotik mugatzen du».
Sententzian, auzitara jo duen langilearen adina aipatzen da: 45 urte baino gehiago ditu. «Adin horretatik gora ez daude behartuta hizkuntza eskakizuna egiaztatzera», onartu du adituak. Baina, azpimarratu duenez, horrek ez luke lanpostuaren hizkuntza eskakizuna mugatu behar.
Udal eskumenei kalte
Erandioko epaiak, herritarren eskubideak ez ezik, udalen eskumenak kaltetzen dituela kritikatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Idurre Eskisabel idazkari nagusiak adierazi duenez, «indarrean dagoen legediak hizkuntza eskubideak bermatzeko uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegiak. Hau da, auzitegiak hizkuntza politiketan eragile aktibo bihurtu dira».
«Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea, ezta zilegia ere», esan du.
Erandioko Udalari helegitea jartzeko babesa emateaz gain, kide gisa jarduteko prestutasuna agertuko dio Kontseiluak.
Protesta maiatzaren 10ean
Kontseiluak, bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, agerraldia egingo du maiatzaren 10ean Bilbon, 11.00etan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, herritarren eskubideak murrizten ari diren esku-hartze judizialei
desadostasuna agertzeko.
Lakuak epaia aztertuko du
Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak jakinarazi du Gobernuak epaia aztertuko duela eta lanean segituko duela «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko». Azken asteetan euskararekin lotuta atera diren sententziak baloratzerakoan zuhurra izan nahi duela esan du, «kasuistika oso ezberdinei erantzuten diotelako».
Erandioko kasuan, bertako Udalak zer analisi egiten duen eta helegitea jartzea erabakitzen duen ala ez itxarongo duela azaldu du. Erantsi du Lakuari ere badagokiola sententzia aztertzea eta «behin hori eginda errazagoa izango dela beste ondorio batzuk ateratzea».
Halere, azpimarratu du administrazioaren hizkuntza politiken helburua «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea» dela. «Uste dut bide luzea egin dugula 40 urteotan, uste dut ezberdinen arteko akordioa oinarri oso inportantea izan dela euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta uste dut hori dela etorkizun hurbilean jarraitu behar dugun bidea», zehaztu du Zupiriak.