Alessandro Ruta

Ancelottiren bekainari kasurik ez, Jagoba

Real Madrilgo entrenatzaile italiarra futbolaren historiaren garailerik handienetakoa da. Zein da bere benetako sekretua? Agian bere begirada...

Arrasate eta Ancelotti, Ligako partidan Sadarren. Finalean berriz elkar agurtuko zutela aurreratu zion italiarrak, eta bai, asmatu egin zuen.
Arrasate eta Ancelotti, Ligako partidan Sadarren. Finalean berriz elkar agurtuko zutela aurreratu zion italiarrak, eta bai, asmatu egin zuen. (Foku)

Zer esan edo egin dezakezu Carlo Ancelottiren aurrean, denboraldiaren fase erabakiorra iritsita? Carletto maiatzean loraldian dago, beti.

Hilabete honetan sei final jokatu zituen eta bost aldiz irabazi zuen. Galdu zuen bakarra, Milanzalea naizenez oraindik ere ondo gogoratzen dut, 2005eko Txapeldunen Ligarena izan zen, Liverpoolen aurka, 3-0tik 3-3ra, eta gero porrota penaltiz. Inoizko neurketarik absurduenetako bat izan zen, dudarik ez. Salbuespen hori eginda, Ancelotti finaletan asmatu du beti, bai entrenatzaile gisa bai jokalari zen garaian. Gogoratzen ez duzuenontzat, bi Txapeldunen Liga irabazi zituen praka motzak jarrita, 1989. urtean eta 1990ean. Horiek ere, maiatzean.

Entrenatzaile guztiek bereak eta bi egin dituzte Carlettoren aurrean irabazle ateratzeko baina etxera burumakur itzuli ohi dira gero. Zerrenda oso luzea da; iazko Txapeldunen Ligan adibidez, urrutiago joan gabe, Pep Guardiola eta Jurgen Klopp mendean hartu zituen. Estrategia guztiak probatu dituzte, hiru aurrelari edo bi, motel edo azkar, tiki-taka edo gegenpressing. Alferrik.

Carletto irabazle bilakatu duten zenbait pasarte azaltzea zaila da sorginkeria gisa hartu gabe: Sergio Ramosen 2014ko gola, edo lehenago Inzaghik 2007an bularrez sartutakoa

Adituek «mistika» deitzen diote irabazteko joera ia berezko horri, baina sekretua zein den argi eta garbi azaldu behar da: bekaina. Ezker bekaina, hain zuzen ere: Carlettoren aurpegian bizirik dagoena, eta nolabait bere kabuz aritzen dena. Hori bai, mistikoa da. Ezinezkoa da horri ez erreparatzea, esate baterako partida baten aurretik Ancelottik beste entrenatzailea agurtzen duenean. Sorginkeria balitz bezala.

Bekain mugimendu horrek azaldu dezake bakarrik Carletto irabazle bilakatu duten zenbait pasarte. Esaterako, 2014ko Txapeldunen Ligako finalean Sergio Ramosek Atleticori egindako gola, azken segunduan. Edo, lehenago, 2007ko Pippo Inzaghiren bularrezko gola, beste Txapeldunen Ligako final handian, Milanen entrenatzaile ari zela, Liverpoolen aurka.

Inolako aholku taktikorik ez du behar Arrasatek, jakina, baina kasu egin Carletto oso ongi ezagutzen duen italiar honi, Jagoba, arren: ez begiratu (ez zuk ez eta Osasunako beste jokalariek ere) Ancelottiren bekainari. Aitzakiaren bat asmatu. Edo besteari, eskumakoari, erreparatu. Eta gero arnasa hartu, unea gozatu eta noski, zorte ona izan.