NAIZ

Bakarrik «modu orekatuan» ezarritako ikasle fluxua onartuko dute ikastolek

Segregazioari aurre egiteko Lakuako Hezkuntza Sailak ezarritako ikasle fluxua onartuko dute Ikastolek, «mugimendua modu orekatuan» egin den lekuetan. Aldiz, prozesuan «irregulartasunak eta desorekak» antzeman dituzten eremuetan, ez dute Hezkuntza Sailaren proposamena onetsiko.

Ikastolen Elkartearen agerraldea Hezkuntza Legearen harira, Donostian.
Ikastolen Elkartearen agerraldea Hezkuntza Legearen harira, Donostian. (Gorka Rubio | FOKU)

Aurtengo aurrematrikulazioan ustez oreka hobea lortze aldera Lakuak jarritako irizpideak ez direla betetzen ari salatu du Ikastolen Elkarteak. Gaur argitaratutako ohar batean ohartarazi duenez, ikastolek bakarrik «mugimendua modu orekatuan» egin den lekuetan onartuko dute Hezkuntza Sailak ezarritako ikasle fluxua. «Irregulartasunak eta desorekak» antzeman dituzten eremuetan ordea, ez dute Hezkuntza Sailaren proposamena onetsiko.

Horrela erabaki zuten atzo Ikastolen Elkarteak egindako ezohiko batzarrean, egungo hezkuntza testuinguruan eta aurrematrikulazio prozesuan eman diren mugimenduak aztertu eta prozesua amaitzear dagoen honetan «erabaki irmo» bat hartze aldera.

«Ikastoletan emandako ikasle fluxua desorekatua izan da hein handi batean eta ikastoletatik irten diren ikasleak jaso direnak baino gehiago izan direla ziurtatu dezakegu. Arazoari aurre egiteko proposatu zen estrategia eta prozedura ez da adostu bezala gauzatu. Zaurgarritasun indizea orekatzeko, familia zaurgarri eta ez zaurgarrien arteko fluxu orekatua ez da kasu guztietan gauzatu. 96 ikasle ez zaurgarri bideratu dira beste ikastetxe batzuetara eta momentuz 49 ikasle zaurgarri besterik ez dizkiete itzuli», adierazi dute.

Segregazioarekin «herri mailako arazo» baten aurrean gaudela nabarmendu du Ikastolen Elkarteak, eta ez dela «familia zaurgarriei dagokien gai bat bakarrik». Horregatik, defendatzen du neurriak ez direla familia zaurgarrien banaketan bakarrik oinarritu behar.

Horren guztiaren aurrean, bakarrik «mugimendua modu orekatuan» egin den lekuetan onartuko dute Hezkuntza Sailak ezarritako ikasle fluxua.

«Baina hainbat ikastolatan banaketa hori ez da modu orekatuan gauzatu eta ondorioz, eremu horietako ikastolek honako jarrera hartuko dute: Familia kaltetuek helegiteak aurkeztuko dituzte prozesuaren gardentasun falta salatuz eta Hezkuntza Sailari prozedura errepikatu dezala eskatuz», ohartarazi du Ikastolen Elkarteak.