NAIZ

‘Esku bat’, euskararen «susperraldiak» behar duen kantua aurkeztu du Sorionekuak dinamikak

‘Esku bat’ kanta eta bideoklipa aurkeztu du izen bera du Sorionekuak euskararen aldeko dinamika herritarrak. Abestiaren letra Sustrai Colinak egin du eta musika Nerea Urbizuk. Gainera, eremu zein egitasmo ezberdinetako pertsonek hartu dute parte.

Nafarroako herritar talde batek euskararen aldeko manifestu bat plazaratu zuen urtarrilean Sorionekuak dinamika herritarra aurkeztuz. «Euskaraz ikasi, jolastu, mintzatu, barre egin, fikzioa ikusi eta amets egin nahi dugun herritarrak gara», adierazi zuten bertan. Gaur beste urrats bat eman dute, ‘Esku bat’ kanta eta bideoklipa aurkeztuz.

Proiektu berri honekin «euskara historia luzea duen hizkuntza dela eta, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duela» nabarmendu nahi izan dute. Era berean, kantak «euskararen susperraldiak behar duen soinu banda» izatea du helburu. Euskararen aldeko bidea batera egiteko deia eta ekainaren 10ean Iruñean egingo den herri mobilizazioan parte-hartzeko gonbidapena da.

Abestiaren letra Sustrai Colinak egin du eta musika Nerea Urbizuk. Gainera eremu zein egitasmo ezberdinetako lagunek hartu dute parte: Iñaki Soto, Martxelo Otamendi eta Joseba Santamaria GARA, ‘Berria’ eta ‘Noticias de Navarra’ egunkarietako zuzendariak; Aaron eta Kutxi Romero musikariak; Jagoba Arrasate entrenatzaileak; Mirian Rivas, Roberto Martil eta Ainhoa Tirapu futbolariak; Anabel Arraiza aktoreak, Zuriñe Hidalgo, Olaia Inziarte, Nerea Urbizu eta Garazi Gartzia abeslariak; Saioa Alkaiza eta Estitxu Arozena bertsolariak eta Porrotx, Satorjator eta Astonauta umeentzako pertsonaiak.

«Herritarron garaia da, euskararen garaia da, urrats bat aurrera egitera goaz. Euskara nafar guztiona da», adierazi du Sorionekuak dinamikak.