Jon Ormazabal

Puntu-puntuan egon gabe irabazten ikasi du Joseba Ezkurdiak eta finalerdietan da berriz

Hasieratik hartu du aurrea arbizuarrak eta Peio Etxeberriak asko estutu badu ere, energiak ondo kudeatu eta garaipen handia eskuratu du, pilota aurkariak baino gehiago atzeratuz.

Joseba Ezkurdiak bizkarra erakutsi dio Peio Etxeberriari partidako zati luze batean.
Joseba Ezkurdiak bizkarra erakutsi dio Peio Etxeberriari partidako zati luze batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Txapelketa hasterako pilatu eta Darioren aurka handitu zitzaizkion zalantza guztiak uxatzea lortu ez badu ere, Joseba Ezkurdia Buruz Buruko lau onenen artean izango da berriz ere Peio Etxeberria adiskideari 22-15 gailenduta. Arbizuarrari oraindik koxka bat falta zaio bere onenera heltzeko, fisikoki akituta amaitu du exigentzia izugarriko lehia baten ostean, baina kirol profesionalean sarri sasoia baino garrantzitsuagoa izaten den ofizioarekin, bere ikaslea gainditu ahal izan du 346 pilotakada gurutzatu dituzten erritmo biziko norgehiagokan. Puntu-puntuan egon gabe irabazten ikasi du sakandarrak, eta horrek oso arriskutsu bihurtzen du, baita aurkari izango duen Jokin Altuna berberarentzat ere.

Lehen sakea urdin izan bada ere, 26 tanto gurutzatu dituzten tanto luze baten ondoren, Peio Etxeberriak txapapera botatako pilota baten ostean, Ezkurdiak azkar hartu du markagailuaren agintea. Ideiak garbi zituela irten da arbizuarra kantxara eta, ultzamarrari botez eta eskuinez jokatu araziz, berehala egin du sei tantotako aldea.

Peio Etxeberriak, ordea, erakutsia du honezkero ez dela partidetatik horren erraz erortzen eta atsedenaldia une egokian eskatuta, laster gerturatu zaio bere maisu izandakoari markagailuan (6-4). Sakez eta boleaz aritu da Etxeberria egoki eta partida luzatzeko asmoa gauzatuz joan da pixkanaka.

Frontisetik urrundu

Frontisetik nahikoa gertu aritu dira biak, sarri kaiolako partida bat bailitzan eta Joseba Ezkurdia izan da aurkaria aurreko paretatik urruntzen asmatu duen lehena, hein handi batean sotamanoz oso eraginkor aritu delako. Sarri egotzi zaio sakandarrari Buruz Burukoan ez dela pilota behar beste atzeratzeko gai izaten, baina horretan aurkaria baino egokiago aritu da gaur Labriten eta horrek markagailuan berriz ere aurrea hartzeko modua eman dio (11-5).

Peio Etxeberriak, ordea, erakutsia zuen Darioren aurkako Azkoitiko lehian partidak luzatzeak ez duela batere beldurtzen eta geroz eta erritmo itogarriagoa ipiniz, aurkaria estutzen joan da, markagailuan berriz ere bi tantora gerturatuz (13-11). Bi aldiz gerturatu da Ultzamakoa bi tantora, baina une desegokienean egindako hutsek haizea eman diote aurkariari. Oraingo honetan, zalantza egin du, pilota batera ezkerrez edo eskuinez sartu eta garesti ordaindu du, Joseba Ezkurdia ez zegoelako barkatzeko.

Fisikoki hustuta egonagatik, gauzak zuzen egiten asmatu du. Pilotara joateko garaian hankaz nahi bezain bizkor aritu ez den arren, ondo atzeratu du pilota, Peio Etxeberriari behar zuen aurrera pausua ematen utzi gabe eta berriz ere ihes egin dio 20-11. Izan du ultzamarrak azken susperralditxo bat, baina azkenerako berriz ere amore eman behar izan du eta beste behin, ikaslea irakaslea gainditu ezinik geratu da.

 

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia: 22

Peio Etxeberria: 15

Pilotakadak: 346. Iraupena: 64,17 minutu. Markagailua: 6-0, 6-4, 9-4, 9-5, 11-5, 11-8, 13-8, 13-11, 20-11, 20-14, 21-14, 21-15, 22-15. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 11 Ezkurdiak eta 9 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak eta 8 Peio Etxeberriak.  Gorabeherak: Betekadarik ez, baina sarrera oso ona Labriten. Mattin Ezkurdia aritu da Joseba anaiaren botilero lanetan eta Andoni Gaskue egon da Peio Etxeberriarekin. Dirua doblean gorri hasieran eta lehen sakea urdin.