NAIZ

Bi atxilotu neska gazte batzuei ukituak egiteagatik Urduñako festetan

‘Otxomaio’ jaietan bi gazte atxilotu dituzte hainbat neska gazteri ukituak egiteagatik. Larunbat gauerdia baino lehen jarri zuten salaketa neskek, eta handik gutxira atxilotu zituen Ertzaintzak sexu-erasoa egotzita.

Eraso matxisten kontra egindako elkarretaratze baten artxiboko argazkia.
Eraso matxisten kontra egindako elkarretaratze baten artxiboko argazkia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bi gazte atxilotu dituzte Urduñako (Bizkaia) ‘Otxomaio’ jaietan hainbat neskari ukituak egiteagatik, sexu-erasoa egitea egotzita. Goizaldean, beste bi gazte atxilotu dituzte lapurretan ibiltzeagatik.

Lakuako Segurtasun sailak igande honetan jakitera eman duenez, gauerdia baino pixka bat lehenago atxilotu zituzten gazteak. Izan ere, Urduñako jai-eremuan gizon batzuek ukituak egin zizkietela salatu zuten hainbat neska gaztek.

Uruñako jaiak zirela eta, propio ezarritako zaintza-dispositibo berezi bateko kide ziren ertzainak biktimekin harremanetan jarri ziren, eta, handik gutxira, ustezko egileak identifikatu eta atxilotzea lortu zuten, sexu-eraso delitu bat egotzita.

Beste bi atxilotu goizaldean

Goizaldean, beste bi gazte ere atxilotu zituzten, lapurretarekin lotutako delituengatik azken hauek. Txosnen inguruan telefono mugikorrak lapurtzen harrapatu ostean, polizia agenteek beste bi pertsona atzeman dituzte.

Susmagarriak identifikatu eta goizaldean bertan atxilotu dituzte. Haietako bati urrezko eskuko kate bat aurkitu diote, eta larunbatean bertan, Bilbon emakume heldu bati indarkeriaz egindako lapurreta batean kendutako izan daitekeena. Lau atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko izapidea egiteko.