Andoni Arabaolaza

Trentoko mendi zinemaldi ospetsuaren sari nagusia, Ainara Vera iruindarrarentzat

Zuzendari nafarrak 71. ekitaldia irabazi du ‘Polaris’ filmarekin. Era horretan, Montxo Armendarizen lekukoa hartu du, honek 1986 urtean ‘Tasio’-rekin sari bera jaso eta gero.

Trentoko mendi zinemaldiak ateak itxi ditu. Hamar egunez, Italiako hiri hori mendiko kulturaren epizentroa izan da. Eta edizio hori ohore handiz itxi egin duena euskal zuzendari bat izan da: Ainara Vera. 38 urteko iruindar horrek sari oso preziatua ekarri du etxera. Lehiatu diren pelikulen artean, ‘Polaris’ da Citta di Trento sari nagusia jaso duena. Hots, Verak zuzendutako filma.

Trentoko arduradunek NAIZi bidalitako prentsa-oharrean diote iruindarraren ‘Polaris’ lanak epaimahaia hunkitu duela: «Hizkuntza zinematografikoaren erabilera ahaltsuagatik, beren patuaren ibilbidea marrazten duten bi emakumeren istorioa enpatiaz kontatzeagatik».

‘Polaris’-en edukiari dagokionez, ihesean ibiltzetik, norantza pertsonal eta familiar berri baten bila dabilen Hayat izeneko pertsonaiaren istorioa da: «Hayat eskarmentu handiko marinela da. Artikoan nabigatzen ohitua, gizateriatik eta Frantziako bere haurtzaro traumatikotik urrun nabigatzen. Baina bere ahizpa gazteenak, Leylak, alaba bat izaten duenean, Inaya, hasiera berri baten promesa agertzen da zerumugan. Bi ahizpen munduak eta bizitzak hankaz gora jartzen dira, biak bidaia pertsonal sakon batean murgiltzen baitira, Iparrizarrak gidatuta, beren familiaren patua iraultzeko».

Trento 71. ekitaldiko sari nagusia irabazi duen nafarrak aitortu du ‘Polaris’ filmatu bitartean Mary Oliverren poema bat izan zuela bidelagun: «Poema horrek "Jarraibideak bizitza bat bizitzeko" du izena. Eta honela dio: "Kontuz ibili. Liluratu. Hitz egin horretaz". Hori izan zen indarra eman zidan leloa. Eskerrik asko aintzatespen horrengatik: zinemagintza zentzurik gabeko jarduera litzateke bizitza honen edertasun mingarriarekin eta hari arreta jartzeko gai den pertsonarik eta tokirik ez balego. Eskerrik asko!».

Verak sona handia duen mendi zinemaldi baten sari nagusia ekarri du Euskal Herrira. Eta bitxia bada ere, beste nafar baten lekukoa hartu du, Montxo Armendarizena. Izan ere, zuzendari honek, ‘Tasio’-rekin, sari bera irabazi zuen 1986 urtean.

Beste aitortzak

Trentoko mendi zinemaldiak ere beste aitortza batzuk banatu zituen larunbateko ekitaldian. Lan horietan murgilduta bost lagunez osatutako epaimahaiak jardun du. Urzula Antoniak poloniarra, Anne Ferrer frantziarra, Jim Herrington estatubatuarra eta Paolo Moretti eta Francesca Melandri italiarrak.

Henna Taylor estatubatuarraren ‘An accidental life’-k alpinismoa, menditarrak eta mendiko bizitzari buruzko pelikula onenaren saria jaso du. Eva Dzhyshyashvill ukrainarraren ‘Plai. A mountain path’ filma, berriz, ohorezko aipamen batekin egin da.

Esplorazio eta abentura pelikula onena: Wener Herzog-en ‘The fire whitin: a requiem for Katia and Maurice Krafft’. Ekarpen tekniko-artistikorik onena: Joao Gozalezen (Portugal) ‘Ice Merchants’. Annabelle Amoros frantziarraren ‘Churchill, Polar bera Town’-ek film labur onenaren saria irabazi du, eta epaimahaiaren saria Simon Plouffe kanadarraren ‘Forest’ filmak.