Berezia izan da Euskozenoaren aurkezpena. Errenteriako Badalab espaziora sartu eta porruak, patata tortilla eta ogia daude erdian. Inguruan, Javi Rivero Tolosako AMA jatetxeko sukaldaria, Amaia Lejarreta margolaria, Pablo Garcia Momento Estudioko kidea, Izaro Arruti Badalabeko berrikuntza eragilea eta Ana Gazpio DOT kooperatibako diseinatzaile estrategikoa.
Ohitura hori dute Badalaben, janaria erdian jarri eta erritmoa jaistekoa. Hemen ez dago presarik, ez da emaitza produktibo bat lortu beharrik. A ze lasaitua!
Ez da erraza Euskozenoa zer den azaltzea, proiektu zabala baita, baina horrela laburbildu dute prentsaurreko goxoan: kultura astintzera datorren plataforma independentea da, eta euskal nortasunen adierazpen libreak azaleratzea du helburu.
Ertzetatik begira
«Euskaldunok etorkizunean lekua izan nahi dugu, baina zerk identifikatzen gaitu euskaldun gisa?», egin dute gogoeta. «Beti elementu berak ateratzen dira eta imajinario berri bat behar dugu: erakargarria, dibertigarria, autoestimua emango diguna». Ertzetatik begiratu nahi diote euskalduntasunari: hor daude etorri berriak, bigarren belaunaldikoak, Euskal Herritik kanpo bizi direnak...
Hainbat artefaktu erabiliz zabaltzen da Euskozenoa jendartera. ‘Munduratzeak’ dira tresna bat. Euskal nortasunen inguruko hausnarketa kolektiboak dira. Lanabes nagusia entzute aktiboa dute.
Larunbat honetan bertan eginen dute lehena, Badalaben, eraikinean bizilagun duten SOS Arrazakeriako erabiltzaileekin. Espazio seguru bat sortzen saiatuko dira euren bizipen, bizipoz, sinesmen eta kezkak agertzeko. Probokatzailea izanen da gutxitan ematen zaielako hitza. Parte hartuko duten 15 etorri berri horiei bertze bi saio egitea proposatuko diete, Dejabu antzerki konpainiarekin. Asmoa da azaro aldera pieza artistiko bat plazaratzea.
Inshallabedi, lesbiama...
‘Hitzak’ dira bertze artefaktu bat: egunerokoan sortzen diren errealitate berriekin bat etorriz, hizkuntzaren bilakaera islatu nahi duen bilduma berria da.
Hemen orain arte sortu diren hitzetako batzuk: Amazulo (haurrez mintzatuz, beti amarekin egon nahi duena), Jaun ta jabe (Zerbaiten edo norbaiten gainean erabateko nagusitasuna edo aginpidea duen pertsona edo gauza), Inshallabedi (‘Inshallah’ + ‘Hala bedi’. Gogo edo desira batekiko adostasuna konfirmatzeko), eta
lesbiama (Lesbiana/bisexuala, ama, emakume eta euskalduna izatearen intersekzioan bizi den pertsona).
Mahai inguru alternatibo bat
‘Gorpuzteak’ euskal kulturaren protagonista berriak irudikatzeko interpretazio sortzaileak dira. Munduratzeetan azaleratutako gogoetak izan daitezke abiapuntu, edo ez.
Javi Riverok proposatu du gorpuzte bat. Diasporaren inguruan egindako lanketa baten ondoren, argazki berezi batekin irudikatu nahi izan du Tolosako AMA jatetxeko sukaldariak bere Euskozenoa, Euskal Herriko aniztasuna islatzen duen mahai-inguru bat.
2022ko abenduan diasporako euskaldun* talde batekin egindako saio hartan, hausnarketa kolektibo batean, ondoko galderen inguruan lan egin zuten: ‘Kanpoan’ bizitzean nola esperimentatzen dut nik euskalduntasuna*? Euskaldunok* etorkizunik ba al dugu komunitate bezala? Nola ote?
«Euren artean hizketan aritu ziren, eta ni entzuten. Mahai-ingurua aipatu zuten. Euskal Herrian zerbaitek pisua izan badu mahai-ingurua izan da», azaldu du Riverok. Nola sortu mahai-inguru bat? Pentsatu zuen agian argazki bat izan zitekeela emaitza. Pablo Garcia Momento Estudioko kideari eskatu zion laguntza eta emaitza pentsatutakoa baino «mila aldiz hobea» izan da. «Pablok haziak ureztatu eta sekulako baratzea muntatu du, bizirik jarraituko duena». Lehendabiziko fruituak argazkia eta bideo batzuk dira. Hemen bat ikusgai.
Garciak adierazi duenez, berarentzat hagitz interesgarria izan da lan hau eta garrantzitsuena honako gogoeta izan da: «Gatozen lekutik gatozela, mahai-inguruan biltzen garen lagunok garena irudikatzen dugu».
«Ez genekien zer gertatuko zen. Mahai-inguruan elkartu genituen pertsonek ez zuten elkar ezagutzen eta esan genien: ‘Jarri eta hitz egin naturaltasunez’. Kosta zitzaigun gero altxaraztea, gustura zeuden», erantsi du sukaldariak.
Mahai-inguruak desagertzen ari diren galdetuta, horretaz aunitz hausnartzen dutela erantzun du sukaldariak. Bere jatetxean bertan ikusi dute nola ari diren aldatzen gure ohiturak. Orain dela bost urte 18.00etan edo 19.00etan biltzen zituzten azken mahaiak; gaur egun, 16.30ean jasoko dute azkena. «Mahai bat altxatzen bada guztiak altxatzen dira segidan. Ahaztu zaigu gozatzen, elikatzen ari garelako, ez jaten», egin du gogoeta.
Halere, gaineratu du mahai-inguruak funtsezko izaten jarraitzen duela gurean: «Erabaki handiak bertan hartzen dira».
Amaia Lejarreta eta Janire Etxabe
Bertze gorpuzte bat prestatzen ari dira Amaia Lejarreta eta Janire Etxabe. Lejarretak kontatu du leiho bat zabaltzea izan dela berarentzat Euskozenoa. «Bakarkako bidean ibili naiz, nire kobazuloan. Eta orain aukera dut ateratzeko. Margolaria naiz, ‘body painting’-a ere egiten dut, eta bideogintza esploratzen nabil. Janire Etxabek dantza bertikala egiten du eta garbi nuen berarekin egin nahi nuela proiektua. Konexioa dugu».
Margolariak iraganetik hartzen du informazioa, eraldatu eta etorkizuna irudikatzen du. Amalurra hagitz presente egonen da Etxabe eta bien lanean, baita euskal mitologia ere. «Naturak duen energia femenino hori berreskuratu nahi dugu, gure gorputzetatik pasa», esplikatu du.
«Denbora bat dator: oraina, iragana, etorkizuna, espiral moduan. Margotzean beste garaietara bidaiatzen dut. Gako bat da hori euskal kulturaren biziraupenerako. Bizia eta artea efimeroak dira, baina memoria bat sortzen dugu, argazki batean bezala, ondorengoentzat inspirazio iturri izan dadin».
Gonbidapena
Orain arte azaldutako guztia Euskozenoak izan nahi duenaren hasiera bertzerik ez da. Sare sozialak (Instagramen, @euskozenoa helbidean) eta euskozenoa.eus webgunea bisitatzera gonbidatu dute jendea.
«Zerbait berezia sortu nahi duen edonor etor daiteke, bada tokia eta babesa. Guk tresnak eskainiko dizkiogu lan profesionala egiteko», nabarmendu dute.