NAIZ

‘The Wire’ telesailaren sortzailea kaleratu du HBOk, gidoilarien grebarekin bat egiteagatik

HBO streaming plataformak David Simon ‘The Wire’ telesailaren sortzailearen kontratua eten du, Hollywoodeko gidoilarien grebarekin bat egin duelako.

Hollywoodeko gidoilarien manifestazioa, grebaren 4. egunean.
Hollywoodeko gidoilarien manifestazioa, grebaren 4. egunean. (Frederic J. BROWN | AFP)

David Simon ‘The Wire’ telesailaren sortzaileak jakinarazi duenez, HBO plataformak bere kontratua eten du maiatzaren 1ean hasi zen Hollywoodeko gidoilarien grebarekin bat egin duelako.

«HBOk kontratua eteteko deitu zidan egunean, 25 urtez beraientzat telebista idazten egon ondoren, ni zuzen jokatzen ari nintzen», txiokatu du Simonek, greban parte hartzen ari den bideo batekin batera. 

Simonek eta komunikabideen konpainien aurkako erreklamazioak aurkeztu dituzten ehunka gidoilariek #WGAStrong traola erabili dute; «WGA indartsu dago» bezala itzul daiteke, AEBetako Idazleen Sindikatuaren ingelesezko siglei erreferentzia eginez.

Zinema eta Telebista Ekoizleen Aliantzarekin (AMPTP) kontratua luzatzeko akordiorik ez zuten lortu WGAko kideak, eta horren ondoren jada hasi dira beren lanuzteak zer nolako eragina izango duen zehazten duten jakinarazpenak jasotzen.

Hala, Amazon, Disney, Netflix, Paramount, Sony, Warner Bros, Discovery, Apple eta NBC Universalek jakinarazi diete euren «zerbitzuak» eta «konpromisoak» etenda daudela greba bertan behera utzi arte, eta horrek eragin larria izan dezakeela haien kontratu-harremanetan.

Kasu horietako bat da David Simonena; ‘The Wire’ telesailean ez ezik ‘Generation Kill’, ‘Treme’, ‘The Deuce’ eta ‘Show me a Hero’ telesail eta miniserieetan ere lan egin baitzuen, besteak beste.

‘The Wire’ telesaila –Simon ekoizle exekutiboa ere izan zen– 2002an hasi zen emititzen. Narkotrafikoaren negozioaren aurka borrokatzen zuten Baltimore hiriko polizien inguruko telesaila da eta oso berehala sona handia lortu zuen. Idris Elba eta Michael B. Jordan bezalako izarrek parte hartu dute bertan, besteak beste.

Azken hamarkadetako AEBetako telebistako produkziorik ikonikoenetakotzat jotzen da.