NAIZ

Erik Mendizabalen itzulerarekin hasiko da Jai Alai World Tourra Donostian

Erik Mendizabal mutrikuarra Lekerikarekin arituko da larunbat honetan hasi eta finalak ekainaren 17an iragarrita dituen Grand Slamean. Partida guztiak Carmelo Balda pilotalekuan jokatuko dira.

Puntistak Donostiako Kontxa hondartzara jeitsi dira euren saskiekin.
Puntistak Donostiako Kontxa hondartzara jeitsi dira euren saskiekin. (JAI ALIVE)

Larunbatean Carmelo Baldan hasiko den Donostiako Grand Slamarekin ekingo diote aurtengo Jai Alai World Tour zirkuituari. Pixkanaka, urte guztia hartuko duen egutegia egonkortzearen ametsa gero eta sendoagoa da eta Gernikako olatuari jarraikortasuna eman nahian, Donostiakoa izango da hurrengo lehiaketa handia.

Aurtengo ekitaldia asteazken honetan, eguerdian, aurkeztu dute Donostiako udaletxean eta berrikuntza nabarmenena Erik Mendizabal aurrelariaren itzulera izango da. Aurrelari mutrikuarra ez da azkeneko txapelketa nagusietan aritu Ameriketako Estatu Batuetan lanean zebilelako eta Euskal Herrira bueltan, Lekerika gernikarrarekin arituko da Donostiako Grand Slamean.

Hauekin batera beste bost bikote ariko dira datozen bost larunbatetan Carmelo Baldan jokatuko diren jaialdietan. Pilotariak bi multzotan banatu dituzte antolatzaileek eta A taldean Erkiaga-Bailo, Goiko-Gorka eta Barandika Zabala ariko dira eta aipatutako Erik-Lekerikaz gain, B multzoa Johan-Lopezek eta Olharan-Basquek osatuko dute. Multzo bakoitzean denak denen aurka ariko dira ligaxka formatuan eta talde bakoitzeko bi onenak finalerdietarako sailkatuko dira. Lehen jardunaldia larunbat honetan jokatuko da, multzo bakoitzeko partida banarekin Erkiaga-Bailo / Goiko-Gorka eta Johan-Lopez / Olharan-Basque.

Jaialdi guztiak arratsaldeko 18.00etan hasiko dira eta Jai Alive enpresak bost jaialdiak ikusi ahal izateko abonu bat jarri du salgai, 45 eurotan. Bestela, jaialdi bakoitzerako sarrerek 10 euro balioko dute.

Zirkuitu baten parte

Gogoratu behar da, Donostiakoa udan zehar jokatuko diren lau Gran Slametan lehena izango dela. Markina, Gernika eta Hondarribia izango dira besteak eta lau txapelketa hauetan emaitzarik onenak lortzen dituzten lau pilotaririk onenek azaroan Bilboko Deportivon jokatuko den Izarren Gauerako sailkatuko dira.